Azkenean bai, Ekain eta Altxerri kobazuloak Gizateriaren Ondare
Kultura
Paleolito garaiko bi haitzuloak Gizateriaren Ondare izendatzeko erabakia herenegun iluntzean hartu zuen Unescok
nerea uranga - aiora larrañaga
Unescoren Mundu Ondareko Batzordeak, besteak beste eskualdeko bi kobazulo Gizateriaren Ondare izendatu ditu: Zestoa-Debako Ekain eta Aiako Altxerri. Here- negun, Euskal Herrian 22:00ak inguru zirela hartu zuen erabakia . Horiekin batera, Bizkaiko Santimamiñeko kobazuloak ere izendatu dute. Hiru haitzuloak Paleolito garaikoak dira eta Altamirako kobazuloaren (Espainia) osagarri gisa eskuratu dute izendapena, Kantabrikoko mendilerroko beste zenbait haitzulorekin batera.
Unescoren Mundu Ondareko batzordeak, 32. Konferentzian hartu du erabakia, Quebecen. Batzordea hilaren 2tik ari da mundu osoko proposamenak aztertzen eta bihar arte jardungo du lan horretan. Eusko Jaurlaritzak Asturiasko eta Kantabriako (Espainia) gobernuekin batera eskatu du izendapena.
Orain urtebete bisitan
Ia urtebete da Unescoko ordezkaritzak Ekaingo eta Altxerriko kobazuloetara bisita egin zuenetik; iaz, irailaren 3an etorri ziren. Ekaingo kasuan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Sailaren lehendakari Jesus Altunak eta Zestoako alkate Alazne Olaizolak egin zituzten gidari lanak.
Bai Ekain bai Altxerri Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako bederatzi haitzulorik nabarmenen artean daude. Historiaurreko hormetako arteari dagokionez, eskualdeko bi kobazulo horiek adibide garrantzitsuak dira. Aranzadiko Historiaurreko Sailaren lehendakari Jesus Altunak orain urtebete Unescokoekin egindako bisitaren ondoren esan zuenez, «biak oso kobazulo ederrakz dira, eta beste batzuekin konparatuz, goi mailan daude; biak oso ondo kontserbatuta daude, gainera».
Eskualdeko Paleolito garaiko bi kobazuloak, aspalditik daude jendearentzako itxita, margoak babesteko eta kontserbatzeko asmoz. Andoni Albizuri Katxo zenarekin batera Rafael Rezabal azpeitiarrak aurkitu zuen Ekain eta honek, atzo UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi zionez, «Unescoren erabakiak hunkitu egin nau. Gurekin ez dira asko gogoratuko, baina erabakia inportantea izan da».
«Erabakiak hunkitu egin nau. Gurekin ez dira asko akordatuko, baina inportantea da»
Rafael rezabal
Ekain aurkitu zuenetako bat
altxerri itxita 1962an aztertu zUTenetik
Altxerriko kobazuloa Aiako udalerrian dago kokatuta, izen berdineko errekatik gertu. 1962an Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek aztertu zutenetik itxita egon da eta ez zaio publizitaterik eman. Gauzak horrela, Gizateriaren Ondare izendatu dituzten Euskal Herriko hiru haitzuloen artean ezezagunena da.
1962ko urriaren 28an, Aranzadi Elkarteko Felipe Aranzadi, Javier Migliaccio eta Juan Cruz Vicuña izan ziren bertako margolanak ikusi zituzten lehenak. Bertan irudi multzo handia aurkitu zuten; ehun animalitik gora, giza itxurako bi irudi eta zeinu ugari. Kanpoaldean dago irudi multzorik handiena, haitzuloaren sarreratik ehun metrora. Adituen arabera, Leroi-Gourhanen IV. Estilo aurreratukoa eta Erdi Magdalen edo Goi Azken Magdalen aldian eginak izan daitezke. Gipuzkoan aurkitu zen lehen kobazuloa izan zen.
zaldien santutegia gizateriaren ondare
Ekaingo haitzuloa Debako lurretan egon arren, Zestoako
Sastarrain baserritik oso gertu dago kokatuta. 1969an aurkitu zuten Azpeitiko Antxieta Kultur Taldeko bi kidek, Andoni Albizuri
Katxo-k eta Rafael Rezabalek.
Garai hartan Antxieta taldea Izarraitz mendia aztertzen ari zen, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, eta
Sastarrain-go etxekoandreak eraman zituen bi azpeitiarrak kobazuloaren sarrerara. Harriz tapatuta zegoen hasiera batean, baina horiek kendu zituztenean bertatik haize hotza irteten zela ohartu ziren. Barrura sartutakoan, 120 metro luze inguruko galeria topatu zuten, orein, izokin eta zaldi irudiak paretetan margotuta zituena. Animalien siluetak baino ez daude marraztuta eta kolore beltza nagusitzen zaio gorriari. Irudiak Leroi-Gourhanen IV. Estilokoak dira eta Goi-Azken Magdalen aldikoak izan daitezke. Gipuzkoako kobazulorik ezagunena da.
Ekainberri erreplika irailean irekitzekotan
Zestoa
Ekaingo kobazuloaren erreplikaren egitasmoa 1996an jarri zuen martxan Zestoako Udalak
erredakzioa
Ekain kobazuloaren erreplika izango den Ekainberri eraikina, jendearentzako irailean irekiko dutela esan zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Maria Jesus Aranburu azpeitiarrak. Aranbururen ustez, Unescok Ekain Gizateriaren Ondare izendatu izanak «jende gehiago ekarriko du erreplika bisitatzera».
Ekainberrin, Ekaingo kobazuloari buruzko informazioa ematearekin batera, Altxerri eta inguruko beste haitzulo batzuen berri ere emango dute.
Ekaingo erreplikaren egitasmoa Zestoako Udalak jarri zuen martxan 1996an, eta urte batzuk geroago Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren babesa jaso zuen. Hiru erakundeok osatzen dute Ekain Fundazioa, Ekaingo leizeen eta, bereziki, harkaitzetako margoen erreplika egiteko ardura duen erakundea.
«Izendapen hau mementorik egokienean datorrela uste dut»
Alazne olaizola ð- Zestoako alkatea
Zestoa
Ekainberriko ateak laster zabalduko dituztela azaldu du Olaizolak, erreplikako lanak aurreratuta baitaude
A. larrañaga
Zestoako Alkate Alazne Olaizolak (Zestoa, 1971) adierazi du Ekainberri sustatzeko oso baliagarria izango dela Unescok Ekain Gizateriaren Ondare izendatu izana.
Ekain Gizateriaren Ondare izendatu dute. Zein onura ekarriko dizkio honek kobazuloari?
Kobazuloarentzako ohorezko izendapena da eta, beraz,eskura ditugun babes neurri guztiak hartu behar ditugu hura babesteko. Ian ere, Ekainek ez dauka berez babestuko duen dekreturik. Bere garaian mugapena landu bazen ere, ez baitzen dekretu guztia argitaratu.
Ekainberriren inguruko proiektuari eragingo al dio izendapen honek, Idiakaitzi eta Lili Jauregiari, esate baterako?
Dudarik gabe eragin zuzena izango du. Egia da izendapen hau mementorik egokienean datorrela, Ekainberriko lanak oso aurreratuta daudenez, laster irekitzea espero baita. Baina, nire iritziz, honek egin dezaken publizitatea baino garrantzitsuagoa da Ekainek duen garrantzia onartu izana.
Idiakaitzeko ingurua aztertzeko erraztasunak emango al ditu izendaten honek?
Argi utzi behar da Ekain Debako udalerriko lurretan dagoela. Zestoan, berriz, Idiakaitz daukagu. Azken batean Zumaiak
flysch-a duen moduan, turismoari dagokionez gure ildo estrategikoa gure historiaurrean oinarritzen da. Ekainberrik historiaurrearen ikuspegi orokorra izateko aukera ematen du, baina Idiakaitz bere osagarria da eta hori ez da ahaztu behar.
Zestoan eztabaida ugari izan da Idiakaitzen inguruan. Uste duzu, behin Ekain Gizateriaren Ondaren izendatuta, herritarrak Zestoak duen historiaurreko ondarearen garrantziaz jabetuko direla?
Izendapen honek ondare horrekiko interesa pizten lagundu beharko lukeela iruditzen zait, Ekainberrik lagunduko duen moduan. Egia esanda, Ekaingo kobazulora gutxi batzuk sartu dira eta etorkizunari begira joera hau ez da aldatuko. Azken batean, erreplikaren funtzio nagusia ondarea eta ezagutza zabaltzea da. Horretarako, Euskal Herriko haitzuloen inguruko informazioa jaso eta eurei buruz gehiago jakiteko aukera aproposa izango da erakusketa aretoan.
Noiz irekiko duzue Ekainberri?
Lanak oso aurreratuta daude. Kanpotik bukatuta dago eta barruko panelak eta horma-irudiak ere jarrita daude. Hala ere, ikus-entzunezko baliabideek eta argiek berebiziko funtzioa beteko dutenez, horiek egokitzen ari dira. Orain arte helburuak ipini izan ditugu, egun zehatz batean irekiko zela esanda, baina ezustekoak gertatu dira bidean eta, beraz, orain ez dugu egun jakinik eman nahi. Argi daukagu, Ekainberriren ateak lehen aldiz irekitzen direnean denak txukun egon behar duela.
«Orain arte Altxerriri ez zaio merezi duen garrantzia eman»
igor iturain ð- Aiako alkatea
Aia
Altxerrira ezin denez sartu, bertako margolanak kanpora ekartzeko asmoa dute ikus-entzunezko baliabideen bidez
a. larrañaga
Altxerri Gizateriaren Ondare izateko proposatuko ote zuten ere zalantzan egon dira dela hilabete arte. Bi urte hauetan gorabehera handiak izan dira gai honen inguruan eta behin erabakia hartuta, Aiako alkate den Igor Iturainek (Aia, 1973) Altxerriri buruz hitz egin du.
Altxerri Gizateriaren Ondare izendatu dute. Zein onura ekarriko dizkio honek kobazuloari?
Kobazuloa ez da irekiko, adituek diotenez bertan dauden margolanak oso delikatuak baitira. Alde horretatik, ez da inolako aldaketarik izango. Baina izendapen honek haitzuloari orain arte ematen ez zitzaion balioa ematea ekarriko du, batik bat Altxerri izan delako Euskal Herriko beste bi kobazuloekin alderatuta gutxien ezagutu dena. Azken batean, Gizateriaren Ondare izendatu izana, ezagutza bidea izango da. Jendea barrura sartu ezin daitekeenez, leize-zuloa eta bertako margolanak kanpora ateratzen saiatuko gara, jendeak Altxerri zer den eta zer daukan jakin dezan.
Pentsatu al duzue inoiz Ekainen inguruan egiten ari diren proiektuaren antzeko egitasmoren bat egitea?
Altxerriren inguruan Ekaingo erreplikaren moduko bat egitea astakeria bat izango litzatekeela iruditzen zait. Memento honetan, teknologi berriez baliatuz zerbait xumeagoa egitea pentsatu dugu. Aian daukagun beste ondare garrantzitsua Pagoetako parke naturala da eta biak uztartuz proiektu polit bat lortuko genukeela uste dut, baina ideia garatzeke dago oraindik. Hemendik aurrera, lan asko egin beharko dugu, Gizatetiaren Ondare izanik Altxerriri merezi duen lekua emateko.
Zergatik da hiru kobazuloen artean ezezagunena?
Nik uste dut denok izan garela Altxerri ez ezagutzearen errudun, ez baitiogu merezi duen garrantzia eman edo, beste modu batera esanda, beste zenbait gauzari lehentasuna eman baitiogu. Egia esan, ez dakit arrazoiak zein diren, baina egoera horren aurrean Udalak ere bere erantzukizuna baduela uste dut. Bestalde, esan behar da izendapen hau azken mementoan iritsi dela, azken memento arte ez baita ziurra izan Altamiraren osagarri moduan proposatuko zuten ala ez. Guri ekainean jakinarazi ziguten Ekain eta Santimamiñerekin batera aurkeztuko zutela. Lehendik ere Altxerriren inguruan zerbait egitea pentsatuta genuen, baina berria jakin genuen unea mugarria izan zela uste dut.
Lehendik egin al da zerbait Aian Altxerriren inguruan?
Iturraran parketxea berritu zen garaian Eusko Jaurlaritzak duen webgunera konektatuta pantaila bat jarri zen, Iturraranera iristen diren bisitariak jakin dezaten Aian badagoela koba bat, margolan ikusgarriak dituena. Hori saiakera txiki bat izan zen, eta badakigu orain beste pauso bat eman behar dugula. Gehienbat, Altxerri Gizateriaren Ondare izanda jendearen ahotan ibiliko denez, kobazuloari buruz gehiago jakitera etortzen diren horiei nolabaiteko erantzuna emateko prest egon behar dugulako.