
8 eragile gehiagok jaso dute aurten Bai Euskarari Ziurtagiria
Zestoan
Bai Euskarari jaialdia ospatu dute plazan eta aurten 31 eragile izan dira agiria jaso dutenak; aurreko urtean baino % 35 ziurtagiri gehiago banatu ditu Elkarteak
aiora larrañaga
Joan den ostiral iluntzean, urtero egiten den moduan bai euskarari jaia egin zen Zestoako plazan. Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituen eta, aurten lehen aldiz, umeentzat euskal jolasak ere antolatu zituen Zipristin Aisialdi Taldeak.
%35 hazi da Zestoan
Bai Euskarari Ziurtagirien kopurua %35 hazi da Zestoan urtebetean; guztira 31 Ziurtagiri banatu zituzten. Horietatik 5ek, Zerbitzua eta lana euskaraz maila lortu dute; 16k Zerbiztzua euskaraz maila; eta 10ek, berriz, Bidean maila.
Ziurtagiriaren Elkarteak adierazi duenez, «ziurtagiri kopurua %35 haztea oso garrantzitsua da euskararen normalizazioarako».
Orain dela 6 urte, euskararen normalizazioarako Bai Euskarari Akordioa jarri zuten martxan Zestoan. Ziurtagiaren Erakundearen iritziz, geroztik urrats esanguratsuak eman dituzte. Kontseiluko idazkari nagusi eta Ziurtagiriaren Elkarteko eledun Xabier Mendigurenek ostiraleko ekitaldian adierazi zuenez, «hazkundea garrantzitsua da, baina are garratzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana, konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiteko urtez urte ematen diren urratsak, alegia».
Udalak 'zorionak' eman ditu
Mendigurenek hitz egiteaz gain, Zestoako Kultura, Euskara eta Ingurumen zinegotzi Arrox Etxabek ere parte hartu zuen ekitaldian.
Etxaberen adierazi duenez, «aurten eman den hazkunde hau oso garrantzitsua da. Hasiera batean, izan ziren orain bezainbeste eragile, baina urte batzuetan beherakada bat gertatu zen. Aurten 8 eragile gehiago proiektu honetan murgildu izana, beraz, oso pozgarria da, Zestoako Bai Euskarari taldea lan bikaina egiten ari den seinale baita».
Zestoako euskara teknikari Nora Palmitanoren iritziz, «Zestoako herriak beste bultzadatxo bat eman nahi dio euskarari. Zestoako eragile gehienak merkatari txikiak dira eta, nire ustez, herria pizteko ahalegina egiten ari dira. Ahalegin horren baitan dago euskara sustatzea ere».
Horretaz gain, Zestoa herri euskalduna dela azpimarratu du Palmitanok. «Zestoarrak, euskaldunak izateaz gain, euskalzaleak dira. Hau da, euren nortasun ezaugarrietako bat da euskara. Orain, herriko euskalgintza batzordetik euskararen normalizazioaren alde beste bultzada bat emateko gonbitea egin zaienez, eurak hori egiteko prest azaldu dira».
Ekitaldi berezia
Bai Euskarari Ziurtagiriak urtero ematen badira ere, aurtengo jaialdian Zipristin Aisialdi Taldeak ere parte hartu du eta, Kulki taldearen laguntzarekin, euskal jolasak antolatu zituzten. Jai giro ederra izan zen bertan, eta 3tik 12 urtera bitarteko haurrak oso gustura jardun ziren artzainen jolasetan: txalaparta jotzen, esneontziak eramaten, harriak jasotzen, pilotan eta giza proban, besteak beste.
Urrats bat aurrerago
Euskal Herri osoko 1.500 enpresak, saltokik eta mota guztietako erakundek baino gehiagok eskuratu dute dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiria. «Guztira, 20.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak» adierazi du erakundeak. Arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko proiektu estrategikoa dela azaldu du, «profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena».
Arrox Etxabek azaldu duenez, «inguru eukaldunak izanik, herriko enpresa eta erakundetan Bai Euskarari Ziurtagiriaren berri ematen hasi ginenean, konturatu ziren ez dela nahikoa izaten kaixo, egun on, arratsalde on modukoak erabiltzea. Euren eguneroko lan asko gaztelaniaz egiten zituztela ohartu ziren, fakturazioa eta gutunak, besteak beste. Horregatik, lan munduko behar horiek euskalduntzen saitu behar dugu».
Etorkizunari begira
Zestoako Bai Euskarari taldearen asmoa Zestoako eragile guztiengana iristea dela dio Etxabek. «Egun 31 eragile gara eta, hurrengo urtera begira, aurtengoa adinako hazkundea izan nahiko genuke». Etxabek adierazi duenez, «Udalaren aldetik ere, euskararen inguruko beharretarako laguntza guztia dute eragileek».
eragile berriak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bertsolaritza
Bertsolari Gazteen XXXIII. Lizardi Saria
ZARAUTZ, Zinema Pilotalekuan - 2008-09-05
Elkarretaratzea
BESTE EMAKUME BAT ERAILA EUSKAL HERRIAN!!!
AZPEITIA, Azpeitiko plazan - 2008-09-05
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.