
Alabak «estortsioaren eta justiziaren biktima» izan direla salatu du Bruñok
Orio
A. Bruño e hijos S.L. enpresaren jabe Andres Bruñok bere alabak errugabeak direla adierazi du prentsaurrean
onintza lete
Andres Bruño, Maribel eta Blanca Bruñoren aita, komunikabideen aurrean agertu zen atzo eguerdian. Alaba baten eta enpresako abokatuaren babesarekin, prentsaurrekoa eman zuen udaletxeko batzar aretoan, joan den astean Garzon epaileak espetxeratutako bere alaben alde hitz egiteko.
Blanca eta Maribel Bruño enpresaburuak joan den asteko asteartean atxilotu zituen Guardia Zibilak Orion, Audientzia Nazionaleko Garzon epailearen aginduz. «ETAri iraultza zerga beren borondatez» ordaintzea egotzi zien Garzonek, eta deklarazioa hartu ondoren baldintzarik gabe espetxean sartu zituen, ustez «ETAri laguntzeagatik». Bi enpresaburuek errugabeak zirela adierazi zioten epaileari.
Gauza bera esan zuen atzoko prentsaurrekoan Andres Bruñok, eta bere alabak «estortsioaren eta justiziaren biktima» izan direla salatu zuen.
«Zentzurik gabeko egoera» honek berehalako konponbidea eskatzen duela adierazi zuen, eta «gu borreroak behintzat ez garela» garbi geratzea nahi du. Horregatik, bere alabak «berehala askatzea» nahi du, eta halaxe eskatzen du: «Etxean behar ditugu, gure ondoan, eta enpresaren zuzendaritzan eta kudeaketan».
Bestalde, bere alabek «ezker abertzalearen inguruarekin zerikusirik ez» dutela argitu zuen, baina justiziak ez duela halakorik frogatu nahi izan.
Duela 28 urte hasitakoa
A. Bruño e hijos SL familia-enpresaren jabea da Andres Bruño. Azken 28 urteetan «era guztietako estortsioak eta presioak» sufritu behar izan dituela azaldu zuen, eta orain, berriz, «beste tortura hau salatzera agertu behar» izan duela jende aurrera.
Garai haietan «erraza ez izan arren», duela 28 urte jasan zuen «estortsioa salatu» egin zuela jakinarazi zuen atzo, eta gaineratu zuenez, ezin du sinetzi bere «gurutzebide luze horri ematen zaion erantzuna» bere «alabak atxilotzea eta kartzelaratzea» denik.
Orain, arrisku gehiago
Bruñok elkartasuna adierazi nahi izan zien gaur egun «estortsioaren mehatxupean bizi diren herritar guztiei». Bestalde, uste du «estortsioaren tortura horri, gaurtik aurrera, guk bizi dugun amesgaiztoan erortzeko arriskua gehitu» beharko diotela egoera horretan daudenek: «Izan ere, garbi dago, gu bigarren mailako biktimak garela», adierazi zuen Maribel eta Blanca Bruñoren aitak.
«Gehiegikeria mediatikoa»
Bestalde, prentsaren jokaera salatu nahi izan zuen, eta azken egunetan telebistaren aurrean «harrituta» egon dela adierazi zuen; kate batean zein bestean, behin eta berriro, bere alaben atxiloketaren irudiak «terrorista talde bat atxilotzen ariko balira bezala» eman dituztela adierazi zuen, eta «gehiegikeria mediatikotzat» jo zuen gertaturikoa: «Ez dakit zer lortu nahi duten gehiegikeria mediatiko izugarri honen bidez, baina badakit min handia eman didatela; mina, ezina eta, batez ere, desilusioa».
Bere alaben kartzelaratzeek ematen dioten «min pertsonal eta familiar ikaragarriaz gain», honek guztiak emazteak eta biek duela 50 urte baino gehiago sortutako «familiako enpresari ere min ematen» diola gogorarazi zuen Bruñok prentsaurrekoan.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Irteera
Ibilbide gidatuak: Zarautz eta inguruak
ZARAUTZ, Torre Luzeatik (Kale Nagusia 28) - 2009-01-10
Musika
Zarautz Kantuan, kantujira
ZARAUTZ, Alde Zaharreko kaleetan - 2009-01-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.