
Irigoienek irabazi du Harri Txikien Gipuzkoako txapela
Errezil
500 ikusle inguru etorri dira Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa ikustera, San Antonio jaietan
Aiora larrañaga
Aurreko asteburua borobila izan da errezildarrentzat. Alde batetik, San Antonio Jaiak ospatu zituztelako eta bestetik, berriz, Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak etxean bertan irabazi zuelako Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa.
Giro ederra Errezilen
500 ikusle inguru bildu ziren igande arratsaldean Errezilgo eskolako plazan Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa ikustera. Txapelketa Errezilen jokatzen zen lehenengo aldia zen igandekoa eta, Aimar Irigoein errezildarra ere txapela irabazteko lehiatu zenez, ikusmin handia sortu zen herritarren artean.
Harri-jasotzaile bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola jaso behar izan zituen eta hiru minutu zituzten harri bakoitzarekin lanean aritzeko.
Urduritasuna nagusi
Gipuzkoako Txapelketa Errezilen jokatzen zen lehen aldia zen atzokoa eta horrek izan zuen eraginik Aimar Irigoien irabazlearengan. Errezildar gazteak adierazi duenez, «oso urduri plazaratu nintzen. Alde batetik, aurretik egun horretan atera behar nuen harrietako bat puskatu zitzaidalako eta, bestetik berriz, bigarren jardun behar nuelako». Dena den, Irigoienek lan bikaina egin zuen, harri guztietan nagusi izan baitzen txapelketan. «Bigarren jasoaldian lasaitu nintzenean dena ederki joan zen». Kopari, 33 jasoladi eman zizkion, kubikoari 23 eta bolari, berriz, 30.
Joseba Ostolazak, beste faboritoak, bigarren posturekin konformatu behar izan zuen. Irigoienek 9.712,5 kilotan jarri zuen igandeko marka eta Ostolazak 775 kilo gutxiago altxatu zituen. Irigoienek aipatu duenez, «banekien lan ona egingo nuela eta txapela lortzeko aukera asko nituela. Baina, horrelakoetan ziur jakiterik ez dago, askotan urduritasunak eta hutsegite txikienak egoera asko aldatu baitezake».
Txapelketa «ona»
Hirugarren postua lortzeko lehia osaba-iloben artean jokatu zen, Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a izan ziren protagonistak. Izeta III.ak lan ona egin zuen: 23 jasoaldi eman zizkion zilindro kopari, 18 kubikoari eta 21 bolari. Baina bere iloba Izeta IV.ak gertutik jarraitu zuen. Azken honek, harri kubikoari osabak baino aldi gehiagotan jaso zuen, 20. Bolarekin osabaren emaitza bera lortu zuen, 21; eta zilindroa,berriz, 20 aldiz jaso zuen, osabak baino hiru aldi gutxiagotan.
Egun «berezia»
Irigoienentzat egun «berezia» izan zen. «Oso gustura sentitu nintzen txapelketan zehar, jende ugari bildu zen eta giro derra izan zen gainera» azaldu du errezildarrak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Zinema
'La hamaca paraguaya'
AZKOITIA, Baztartxo - 2009-01-09
Musika
Bertso Txotxa eta Kontzertuak
AZPEITIA, Azpeitiko gaztetxean - 2009-01-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.