
Madrilgo epaitegiak Uriaren tortura auzia artxibatu du, «sinesgarritasun faltagatik»
Zarautz
Tortura salaketa Madrilera iritsi eta bi astera hartu du Vaquero epaileak erabakia, Iñaki Uriaren lekukotzarik hartu gabe
aritz mutiozabal
Egunkaria-ko kontseilari ordezkari zen Iñaki Uria torturatzea leporatuta lau guardia zibilen aurka jarritako salaketa artxibatu egin du Madrilgo 17. Instrukzioko epaile Carlos Vaquerok, salatzailearen sinesgarritasuna «zalantzan» jarriz. Ondorioz, auzia bere gain hartu eta bi astera,Uriaren atxiloketan eta galdeketan parte hartu zuten guardia zibilen inputazioak bertan behera utzi ditu.
Auzia Madrilera bideratu zutenean ebazpena hori izan zitekela pentsatu zuela aitortu du Uriak, baina «ez nuen espero horren azkar egingo zutenik. Oso nabarmena izan da: auzia iritsi bezain pronto, artxibatu egin dute, nire lekukotzarik hartu gabe». Maiatzaren 19an hartu zuen bere gain auzia Madrilgo epaileak eta ekainaren 4rako hartua zuen erabakia, guardia zibilei ahozko epaiketa egiteko nahikoa arrazoi badagoela ebatzi zuen Donostiako epailearen argudioak kontuan hartu gabe.
«Prozedura aldetik, auzia Madrilera eramatea erabakitzen dutenean, ez duzu gauza onik espero. Bestela ere nahikoa zaila da horrelako gauza bat bukaerara eramatea eta zailagoa oraindik ezer frogatzea, nahiz eta nire kasuan, nire adierazpenez gain, zantzu medikuak ere bazeuden. Lesio batzuk izan nituen eta 5 bat hilabetetan fisioterapian ibili behar izan nuen kartzelan, eta hori medikuak frogatu dezake. Bestalde, lekuko bat dago, auzitegiko medikua... badaude gauzak, nahi izanez gero ikertu eta aurrera eramateko modukoak. Baina horrelako kasuetan, joera justu kontrakoa izan ohi da; hau da ez dutela horrelakorik egin nahi izaten», adierazi du Iñaki Uriak.
Autoaren arrazoiketa
Uriaren testigantzaren sinesgarritasuna zalantzan jartzeko, honakoa arrazoitu du epaileak bere autoan: «Salatzaileak kontatzen dituen irainak, tratu txarrak, mehatxuak eta apalkuntzak ETA banda terroristarekin eta bere sarearekin harremana izateagatik atxilotutako pertsonek aurkeztu ohi dituzten salaketa guztiekin antzekotasun handia due. Gainera, ustezko gertakariak izan zirenetik hilabete bat baino gehiagoko atzerapenarekin aurkeztu zen salaketa, atzerapena justifikatzen duen arrazoirik gabe».
Salaketaren atzerapenak badu, ordea, bere azalpena. Izan ere, 2003ko otsailaren 20an atxilotu eta 24ra arte inkomunikaturik egon zen Uria. Soto del Realen espetxeratu zuten eta handik egun batzuetara Aranjuezeko presondegira eraman zuten . Azken horretan idatzi zuen salaketa eta, jarraian, abokatuei bidali zien. Abokatuek martxoaren 27an aurkeztu zuten Donostiako Epaitegian.
Bestalde, kartzelaratzerakoan Uriak «etsaitasun nabarmena» azaldu zuela eta salatutako indarkarkeriak frogatzen dituen «ezaugarririk ez dela existitzen» azpimarratzen du autoak. Era berean, «salatzailearen lekuko adiskidearen (Xabier Oleaga) bertsioak ez du berresten salatzailearen bertsioa; kontraesanez beteta dago. Uriaz arduratu zen auzitegiko medikuaren txostenaren arabera, salatzailearen zantzuak euste mekanismoekin bateragarria dira (atxiloketa moduarekin bateragarria)», argudiatzen du epaileak.
Uriak helegitea aurkeztuko dio Madrilgo epaileak hartutako erabakiari. Dena den, «hori eremu zaila» dela dio, «ez baita kasualitatea Egunkaria-ko beste salaketa guztiak ere artxibatzea». Bestalde, Aralar alderdiak «larritzat» jo du epailearen erabakia, «auzia aztertzeko borondate falta» egotziz.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Iņigo Manterolaren olio-pinturak
ZARAUTZ, Kaia galeria - 2009-01-06
Zinema
'Looking for Fidel' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2009-01-09
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.