
Aurreko agintalditik «herentzian» jasotakoak salatu ditu Udal Gobernuak
Politika
Urtebeteko jardunaren balorazioa egin du eta hainbat kontu argitu du Kiroldegiaz, Ekainberriz eta osasun etxeaz
aiora larrañaga
Zestoako ezker abertzaleak 2007ko maiatzaren 27an udal hauteskundeak irabazi zituenetik urtebete igaro da eta Alazne Olaizola, Kandido Aldalur, Joseba Alberdi, Arrox Etxabe eta Ainitze Urbieta ziengotziek denbora honetan egin duten kudeaketari buruzko balorazioa egin zuten astelehenean udaletxeko areto nagusian.
Herrian ahoz-aho dabiltzan hainbat gai argitu zituzten, gainera, eta 2008an martxan jarriko dituzten beste zenbait azaldu zituzten. Alazne Olaizola alkateak gidatu zuen saioa.
Politikoki urte «gogorra»
Agintaldi honen lehen urtea azaldu aurretik, testuingurua azaltzea beharrezkoa zela aipatu zuen Olaizolak. «Gure ustez 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeak antidemokratikoak izan ziren, zenbait herritan EAE-ANVko hautetsiek ezin izan baitzuten hauteskundeetara aurkeztu. Eskualdetik Getarian eta Zarautzen, adibidez».
Horretaz gain, ezker abertzalearentzat urte «gogorra» izan dela aitortu zuen: «Udazkenean Batasuneko mahai nazionala atxilotu zuten; Gabonen ondorenean EAE-ANVren jarduerak eten zituzten; horiek eta EAJk sartutako mozio etikoen helburua ezker abertzalea mapa politikotik eta erakundeetatik erabat baztertzea da» nabarmendu zuen Olaizolak. Horren harira, egoera «gaiztotu» egin dela azaldu zuten: «Gutxiengoan agintzen dugu eta oposizioko alderdiek askotan aurpegiratzen digute hori. 2008ko aurrekontuak aurkezterakoan ikusi zen desadostasuna. EAren ekarpenak aintzakotzat hartu nahi genituenez, asko atzeratu zen onarpena».
Herentzia «nahasia»
Udaletxera sartu orduko, aurreko Udal Gobernu taldeak «euren kabuz erabaki asko hartu» zituela ohartu ziren, Olaizolaren esanetan. «Guk herentzia hori jaso dugu eta pixkanaka inork ezagutzen ez zituen proiektuak aurkitzen joan gara denbora. Kiroldegiko proiektua eginda aurkitu genuen; Karmen Arrazolaren kontratazioa plenoan onartu gabe zegoen eta ez zen legala. Eta horrelako beste hainbeste adibide».
Osasun etxea, kolokan
Anbulatorio edo osasun etxe berriaren kokaleku arazo larriak ematen ari dela aipatu zuen Olaizolak. «Hasiera batean osasun etxe berria abian zela saldu zuen aurreko udal gobernu taldeak. Baina Osakidetzako arkitektoarekin eta gerentearekin bilera egin genuenean, udal arkitektoak proiektua erakutsi orduko esan ziguten ezinezkoa zela bertan anbulatorioa egitea, ez baititu osakidetzak ezartzen dituen baldintzak betetzen».
Besteak beste, gaur egun osasun zentroetan ezinbestekoa da argi natural ugari izatea eta Udalak anbulatorioa egiteko erosi zuen guneak ez du ezaugarri hori betetzen, eraikuntzaren albo batetik soilik jaso baitezake argi naturala.
Horretaz gain, Zestoak dituen biztanleak kontuan hartuta, 545 metro koadro erabilgarri eduki beharko lituzke osasun etxeak eta Udalaren lokalak 480 metro koadro besterik ez ditu.
Prentsaurrekoan azaldu zutenez, «hasiera batean, inguru horretan 16 etxebizitza egiteko aukera zegoen, eta aurreko Udal Gobernuak etxeak egin behar zituen enpresarekin negoziatu eta hitzarmen bat sinatu zuen. Horren arabera Udalak 32 etxebizitza egiteko baimena eman zion enpresari, baldin eta azpiko solairuan anbulatorio egiteko gunea eraikitzen bazuen. Azkenean tratu horrek ez du ezertarako balio izan, hitzarmena egin aurretik ez baitzuten aurrez ziurtatu gune horretan anbulatorioa ezarri zitekeenik». Gauzak horrela, Udala negoziatzen ari da etxeak egiten ari den enpresarekin osasun etxea egiteko falta zaien azaleraren inguruan.
Errauste plantaren aurka
Zaborren tratamenduari dagokionez, Novotec enpesak zaborraren inguruko azterketa egin zuen aurreko neguan eta ondorioak aurkeztu dituzte Udalean. Olaizolak adierazi zuenez, «horietatik abiatuta, berzilatzeko, berrerabiltzeko eta zaborra gutxitzeko hartu behar diren neurriak proposatuko ditu hilabete honetan. Gogoan izan behar dugu 2004an Zestoan egindako herri galdeketan, herritarren gehiengoak ezetz esan ziotela errauskailuari eta horrekin batera herritarrek zenbait konpromiso hartu zituzten eman zuten bozka horren bitartez». Beraz, Udal Gobernu Taldearen iritziz garrantzitsua da zestoarrek eurek hartutako erabakia aurrera eramateko ahalegin berezia egitea; alegia, Udalak zaborraren kudeaketa hobetzeko hartzen dituen neurrietan herritarrak ere konprometitzea.
Ekainberri laster abian
Bestalde, Ekainberri 2008an inauguratuko dela adierazi zuten prentsaurrekoan. «Eraikina bera 2008an irekiko da, baina horrek ez du esan nahi aurrikusita zegoen proiektua oso-osorik bukatuta egongo denik. Pasealekua egiteko, adibidez, inguruko lurjabeekin negoziatzen ari gara eta adostasun batera iritsi arte ezingo da egin».
Bestetik, Olaizolak Historiaurreko Museoa ez egiteko arrazoiak azaldu zituen. «Fundazioak egindako lehen bileran, irailean, museoa ez zela agintaldi honetan egingo erabaki zen. Itxura denez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak ezin dio aurre egin egitasmo horri, poltsikoan zulo asko baitauzka». Udal Gobernu Taldearen iritziz, erabaki hori herriarentzat kaltegarria izan da, proiektua herren geratu baita. «Proiektu integrala Ekainberrik, Irikaitzek eta Historiaurreko museoak osatzen zuten», dio Olaizolak.
Horren harira, futbol zelaiaren inguruan sortu zen iskanbila baretu denean, eurek Irikaizko ondarea babesteko lanean jarraituko zutela adierazi zuten. «Herritar askok ez dio garrantzirik ematen hor dagoen ondare horri, baina bestaldetik bai Historiaurreko Museoa ez egiteari. Ez da zentzuzkoa, Museoa Irikaizko ondarearen inguruan egingo baita. Jendeari bilgarria barrukoa baino gehiago interesatzen zaio».
Gune horretako ondarea babesteko, Udalak aparkalekuak egiteko kendu duen lurra inguru horretara eramango du; 10-15 zentimetrotako geruza bota eta belarra ereingo du bertan. Horrela, ingurua txunkundu eta herritarrentzat aisialdirako toki bihurtu nahi du.
Kiroldegiko proiektua
Orain dela zenbait urte Guraso Elkarteak Kiroldegi aurreko pergola ixteko eskatu zuen, umeek euria egiten zuenean non jolastu izan zezaten. Horren harira, Donostiako bi arkitektori aurreproiektua egiteko eskatu zien Udalak aurreko agintaldian. «Gu sartu bezain laster jaso genuen aurreproeiktu hori, eta bat-batean konturatu gara milioi bat euroko proiektu bat dagoela hor. Horren arabera, umeentzako jolastokia joan behar zuen tokian paddle eta squash kantxa eta pilotaleku txiki bat jartzea aurreikusten zuen proiektuak». Udal Gobernu taldeak adierazi zuenez, proiektu hori egiteko agindua aurreko alkateak eman zuen hitzez, Gorka Olaizolak.
«Gure iritziz, garrantzitsua da kirol instalazioak izatea, baina guk beste lehentasun batzuk markatu ditugu, beti ere herriaren beharretara moldatuta. Zestoak ezin du milioi bat euro horretan gastatu, are gutxiago anbulatorioa eta beste zenbait oinarrizko zerbitzu berritzeko beharra dagoenean», aipatu zuen Olaizolak.
EAJren erantzuna
Aurreko agintaldiko Udal Gobernu Taldeari buruz egindako aipamenen harira, Zestoako alkate ohi Gorka Unanuek zenbait gairen ingurun egin zen kudeaketaren nondik norakoak azaldu ditu.
Unanueren esanetan, «2006an Udalerako beste hainbat proiektu egin zituen arkitekto bati eskatu nion Kiroldegia handitzeko proiektu bat egiteko. Hasiera batean oinarrizko proiektua aurkeztu zuen, 2007ko aurrekontuetan zetorren 300 mila euroko partidarekin egitea pentsatzen zena. Kirol Patronatuko bileran eman zen proiektu horren berri. Komisioan ere jorratu genuen gaia, nahiz eta agian aktetan jasota ez egon».Ondoren, arkitektoari etorkizunean Kiroldegiko instalazioak berritzeko beste proiektu bat egiteko eskatu zitzaiola dio. «Baina hori, ez zen behin-betikoa, orientagarria baizik. Pixkanaka-pixkanaka garatzeko asmoa genuen».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Beirate artistikoak
UROLA-KOSTA, Legarra beirategia - 2009-01-06
Musika
Poesia eta musika emanaldia
AZPEITIA, Oņatz taberna - 2009-01-11
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.