
80 lagunek parte hartu dute II. Iraetako Saria lasterketan
Kirola
Oier Iraolagoitia txirrindulari iraetarrak lortu du sailkapeneko laugarren postua eta «oso gustura» daude auzo elkartekoak
aiora larrañaga
Iraetako Auzo Elkarteak urtean guztian zehar antolatzen du ekitaldi ugari, kontzertuekin hasi eta kirol ekitaldietaraino. Eta aurreko asteburuan txirrindularitzaren txanda izan zen, larunbatean kadete mailako II. Iraetako Saria txirrindulari lasterketa izan baitzen.
Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, euri zaparradak bota baitzituen ekitaldian zehar. Hala ere, Iraetako Auzo Elkartea, lasterketaren antolatzailea, oso gustura geratu zen emaitzarekin. Gainera, Oier Iraolagoitia iraetarra 4. sailkatu zen.
Lasterketa gogorra
Denera 80 parte-hartzaile inguruk eman zuten izena eta 60 kilometroko ibilbidea izan zuen lasterketak. Juan Karlos Iraolagoitiak, Iraeta Auzo Elkarteko lehendakariak, ibilbidearen nondik norakoak azaldu ditu. «Txirrindulari gazteak Iraetan hasi eta Arroa, Oikia eta Aizarnazabaldik igaro ziren. Bide hau lau aldiz egin zuten».
Parte hartu zutenetatik 40 lasterkari iritsi ziren helmugara, 45 inguruk bertan behera utzi baitzuten lasterketa. Iraolagoitiaren hitzetan, «oso lasterketa gogorra izan zen, gorabehera eta aldapa handiko ibilbidea baita. Normalean 70-80 lasterkari inguruk bukatzen dituzte lasterketak, baina larunbatekoan gaztetxoek leher eginda bukatu zuten. Esan beharra dago oso azkarra izan zela, lehenengoak ordu eta erdi baino lehen bukatu baitzuen».
Xabier Perez eta Mikel Iturria andoaindarrek lortu zituzten l. eta 2. postuak, hurrenez hurren. Hirugarrena Jon Ander Insausti izan zen eta Oier Iraolagoitia iraetarra, berriz, 4. sailkatu zen.
Bestalde, gustura egon arren lasterketak emandakoekin, elkartekoek baliabide falta aipatzen dute: «Normalean txirrindulari taldeek antolatzen dituzte horrelako lasterketak, baina auzo elkarte batentzat gastu handia izaten da. Ikusi egin beharko da hurrengo urteetan antolatzerik ba ote dugun».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Beirate artistikoak
UROLA-KOSTA, Legarra beirategia - 2009-01-06
Zinema
'Looking for Fidel' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2009-01-09
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.