
Lehen bileretan, Hirugarren Adineko mahaiak «hutsuneak» zehaztu ditu
Gizatea
Azarotik martxan lanean ari da mahaia eta bertan hirugarren adinekoen inguruko hainbat herritar biltzen da
nerea uranga
Hirugarren Adinekoen mahaia azaroan jarri zuen martxan Udaleko Gizarte Zerbitzuak sailak, herritarren lan talde bat osatuta. «Hutsuneak zehazteko diagnosi txiki bat egin eta lehentasunak zehazten» hasi ziren han bildutakoak, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Juan Karlos Arellanok (Aralar) dioenez. Horren emaitza izan da Eguneko Zentroa gaur egungo tokitik Damaso Azkue auzora aldatzeko Udalak hartutako erabakia. «Bilkuretan parte hartu dugunok Eguneko Zentroari irtenbidea eman behar zitzaiola uste genuen. Lehentasunen artean jarrita geneukan», dio.
Norbanakoek osatuta
Hirugarren Adinekoen mahaia herrian sortu diren beste mahaiekin (kirola eta kultura, esaterako) ezin dela alderatu uste du Arellanok, norbanakoek osatutakoa delako: «Gure kasuan mahai bezala ez ginen antolatu. Bagerakoak dinamika bati ekiteko prest zeuden, eta hirugarren adinekoekin lanean ari ziren pertsonengana jo genuen. Hala, orain arteko bileretan hainbat lagunek hartu dugu parte: Bagerakoek, erretoreak, San Martin egoitzako kudeatzaileak, Bernaraz medikuak, Eguneko Zentroko langile batek, etxez etxeko laguntzako langile batek, Eguneko Zentrora joaten den baten senideak...».
Aurren-aurrena beharren eta gabezien inguruko azterketa «txiki» bat egin, eta «lehentasunak zehaztu» zituzten taldekideek. «Lehentasun bezala, Eguneko Zentroaren egoerari irtenbidea eman behar zitzaiola jarri genuen», kontatu du Arellanok. «Lehen puntu bezala jarri genuen hori eta ondorioak izan ditu: zentroa Damaso Azkue auzora aldatuko dute, toki berri batera. Hala ere, jabetuta gaude hori behin-behineko irtenbidea izango dela».
Hiru bilera egin dituzte eta duela bi aste herritarrentzako bilera zabal bat deitu zuten. «Orain arte egindakoaz herritarrei informazioa zuzenean pasatzea zen bileraren asmoa. Jendeak izan ditzakeen kezkak azaleratzeko ere balio izan zuen».
Egoitzaz galdera gehien
Dena den, Arellanoren ustez, «jendea aurreikuspen batzuekin etorri zen azken bilerara eta ez zuen aditu entzun nahi zuena». Batzordeburuak dioenez, bilerara joandako batzuek adinekoen egoitzaren inguruan informazioa jaso nahi zuten: «Egoitzaz hainbat gauza entzun nahi zuten. Baina dagoena dago, eta hortik aurrera ezin da ezer esan, ezertxo ere ez dagoelako lotuta. Nik ez dut gogoko aurreikuspen faltsuen gainean hitz egitea. Egoitza handitu egin da eta jende gehiago sartu da. Irailean, berriz, mojak joan egingo dira eta solairu bat hutsik geldituko da. Baina solairu horretan, gehienez, beste hamar pertsona sartzeko tokia egongo da. Hortik aurrera, ezin da ezer esan, lotu gabe dagoelako».
Beste deialdi bat egitekotan
Hurrena beste bilera bat deitzekotan gelditu da Arellano; «aurreko bileran horretan gelditu ginen». Udal batzordeburuaren iritziz, mahaia dagoeneko osatuta dago, eta orain mahai horrek «edukiz jantzi behar du, zein pauso eta nola eman erabakita». Talde «eraginkor» bat egiten saiatu behar dutela dio, «jendeak bileretan parte hartuz eta bakoitzak bere ekarpenak eginez».
etorkinei buruzko txostena aztertzen
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Zinema
'La hamaca paraguaya'
AZKOITIA, Baztartxo - 2009-01-09
Musika
Bota bertsue! ekimenaren jaialdia
AZPEITIA, Gaztetxean - 2009-01-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.