Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

ETAk lehergailu bat zartarazi du Amenabarren egoitzan

Politika

Udaleko Bozeramaileen Batzordeak «irmoki» gaitzetsi du erasoa eta atzo herritarrek elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean

xabi aizpurua ugarte

Amenabar eraikuntza enpresaren egoitzan lehergailu bat zartarazi zuen ETAk joan den igande goizaldean. Hiru lagun zauritu ziren eztandaren eraginez eta igandean bertan Udaleko Bozeramaileen Batzordeak «irmoki» gaitzetsi zuen erasoa. Izan zen beste erreakzio politikorik ere eta atzo iluntzean, salaketa gisa, elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurreko plazan.

Danbatekoa eta zaurituak

Larunbat goizaldeko 01:30ak aldean emakume batek deitu zuen Gipuzkoako DYAren bulego nagusira. Bertako langileek atzo HITZA-ri baieztatu ziotenez, deitu zuen emakumeak «ETAk jarritako lehergailu batek ordubete barru eztanda» egingo zuela adierazi zuen. Hori jakin bezain laster, Ertzaintzaren hainbat auto eta furgoneta joan ziren Amenabarrek Nafarroa kalean duen egoitzara eta eremu guztia itxi zuten. 02:40an, lehergailuak eztanda egin zuen beirazko aurrealdea duen egoitzaren atarian.

DYAk eta Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioaren arabera, hiru lagun zauritu ziren leherketaren ondorioz. Batetik, bi ertzainen tinpanoak kaltetu zituen eztandak, eta bestetik, Amenabarren eraikinetik 50 metro ingurura zegoen beste herritar bati ebakiak egin zizkioten kristalek aurpegian. Dena den, zauritutako hiru lagun hauetako inor ere ez zuten ospitalera eraman behar izan.

Lehergailua egoitzaren aurrealdean jarri zuten, motxila batean sartuta. Herrizaingo Sailak helarazitako datuek zehazten dutenez, hiru eta bost kilo artean zituen lehergailuak, eta denbora kontrolatzeko sistema bat ere bazeukala gaineratu dute.

Konponketak eta itzulera

Amenabar eraikuntza enpresaren aurrealdean kokatu zuten lehergailua eta kalterik nabarmenenak eraikinaren beheko aldean egin zituen eztandak; hain zuzen ere, bilera gela zegoen parean eragin zituen txikiziorik handienak. Horrez gain, kalte materialen artean, eraikinaren aurrealdeko kristal handietako bat ere apurtu zuen.

Igande arratsaldean, oraindik kristalak eta egitura zatiak ikus zitezkeen lurrean barreiatuta. Astelehen goizean, ordea, lanera itzultzeko mementoa iritsi zen. Beira zatiak, egitura eta harlauzak bildu ondoren, zuloa estaltzeko egurrezko egitura egiten hasi ziren arotzak. Barruan, berriz, lanera itzuli ziren Amenabarreko langileak. Dena den, enpresako kideek ez zuten inolako adierazpenik egin nahi izan, kalteak zenbaterainokoak izan diren, noiz neurtuko dituzten, edo erasoari buruzko zer-nolako irakurketa egiten duten adierazteko.

Erreakzio politikoak

Udaleko bozeramaileek presazko bilera egin zuten agiria adosteko. Eusko Jaurlaritzak galdera bat egin zuen gaitzespenarekin batera: «Ideiak herri zibilaren kontra lehergailu bidez defendatzen dituztenek nolako gizartea eraiki nahi dute?». Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Mikel Cabiecesen esanetan, berriz, «indarkeriak ez du geldituko euskal gizartearen aurrerabidea».

Politikari eta komunikabide askok Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanekin lotu dute erasoa. Duela hiru aste ere Amenabarren hondea makinak erasotu zituzten. Dena den, oraindik inork ez ditu aldarrikatu eraso hauek AHTren aurkako ekintza gisa.

 

bozeramaile batzordearen agiria



Zarauzko Udaleko Bozeramaile Batzordeak, gure herrian bart gauean izandako atentatua dela-eta, gaur goizean premiazko izaeraz elkarturik honakoa onartu eta publiko egitea erabaki du:



1. Lehenik eta behin gure gaitzespenik irmoena bart Construcciones Amenabar enpresaren aurka buruturiko atentatu terroristarengatik, kolektibo honi gure elkartasuna eta laguntza helaraztearekin batera.

2. Halaber, gure elkartasuna adierazten diegu ekintza terrorista honek kalteturiko bizilagun guztiei eta zauritutako ertzainei.

3. Armak utzi eta behin betirako desagertzeko eginiko deialdiei entzungor eginez, ETAk zarauztarren bizitzan presente egoteko beste behin egindako ahalegina salatzen dugu. Zoritxarrez, Euskal Herriaren desio eta eskakizunak mespretxatuz, ETAk indarkeria planteatzen du diskurtso bakar bezala. Xantaia eta izuaren alde eginiko apustuak ez du etorkizunik, porrota baizik.

4. Zarauztarren ordezkari publiko gisa, gure hitzaren eta eskubide zibilen defentsa berresten dugu edozein planteamenduren defentsarako bide bakar bezala, baita edozein proiekturekiko desadostasuna agertzeko ere. Ildo demokratikoak, baketsuak eta bertako herritarren arteko elkarlanak izan behar du normalizazio politikoa markatuko duen bidea.

5. Enpresaren aurka eginiko atentatu honen gaitzespen honekin zarauztar guztiek bat egitea nahiko genuke. Une honetan, Giza Eskubideen eta gizabanakoaren askatasunen defentsa da egin daitekeen planteamendu politiko bakarra.

6. Guztiok sentitzen gara ETAk erasotuta, eta bat egiten dugu erasoa zuzen-zuzenean jasaten duten guztiekin. Horiei laguntzeko, izua salatzeko eta ETAri behin betikoz gure bizitzatik desagertzeko eskatzeko, dei egiten diegu herritar guztiei astelehenean, ekainak 2, 20:15etan udaletxe aurrean egingo den bilkura isilean parte hartzeko.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa