
Askok eta askok euren etxean landareak badituzte ere, galderaz beteriko mundua izaten jarraitzen du. Zenbat ur bota behar da? Noiz? Zein landare moldatzen da egokien gure klimara?
Landareen sekretu ixilenak
a. Larrañaga
Lorezaintzaz gehiago jakiteko zenbait aholku eta ideia eman dute eskualdeko zenbait loradendatako arduradunek; herriko balkoirik ederrena izan nahi dutenek galdu ezin diztutenak.
Landare egokiak aukeratu
Dendara joandakoan lore edo landare politena aukeratu aurretik bi faktore garrantzitsu kontuan hartu behar direla aipatu du lorezain batek. «Klima oso garrantzitsu da lore baten garapenerako. Landareak bizidunak dira eta beren ezaugarrietara egokitzen den bizilekua behar dute». Bestetik, landare hori eguzkitan edota itzaletan egongo den jakin behar da. «Orokorrean, loreak dituzten landareek eguzki gehigo behar izaten dute» adierazi du.
Argiaren garrantzia
Landareentzat oso garrantzitsua da kokalekuan jasoko duten argia . Loredun landareek egunean lau ordu inguru eguzkitan egon behar dute. Lorezaintzan urte asko daramatzan lagun baten iritziz, gainera, «ahal bada ona izaten da landarearentzat noizean behin loreontziari buelta ematea, horrela argia alde guztietatik jasotzen baitu»
Argi gutxi dutenean, landareak triste jartzen direla dio: «Lore gutxi ematen dute; beste zenbaitetan ez dira hazten, eta hosto gutxi izateko joera ere hartzen dute».
Argi gutxiko guneetarako, itzaletan edo erdi itzaletan bizi diren espezieak aukeratzea garrantzitsua da; kameliak edota hortentsiak, adibidez.
Leku haizetsuak
Haizea askotan landareen etsaia izan daiteke. Mota askotako haizeak daude: haize beroak, haize hezeak, haize hotzak, haize epelak, haize bortitzak, baita itsasoko haizea ere. Azken horrek gatza garraiatu ohi duenez, hori hostoetan itsasten da, eta landareak erre ditzake.
Kokaleku haizetsuetarako espezie gogorrak aukeratzea da egokiena. Bestela, landareak babesteko, inguruan hesiak edota landare igokariak ipintzea ere haizearen aurkako aukera eraginkorra dela aipatu du loradenda bateko arduradunak.
Herri euritsua
Klima euritsuak jasaten ez dituzten landareek ez dute eskualdeko balkoietan eta leihoetan denbora gehiegirik iraute, «ez baitute atsegin etengabe lurra hezea izatea edota hostoak bustitzea». Hau kontuan hartu beharreko faktorea da landareak aukeratzerakoan, hezetasuna gustatzen zaien landareak aukeratzea komeni baita.
Ura, landareen erregai
Lorezaintzan adituak ez diren gehienek landareek behar duten ur kantitatearen inguruan uste okerra dute. Askok eta askok zalantza izaten dutenez, ur gehiegi botatzeko joera dute. Hori oso kaltegarria da, ur gehiegi botaz gero sustraiak usteltzen baitira.
Landarea eguzkitan badago, edota udako haize beroak edo hego haizeak jotzen badio, loreontziak eta jardinerak egunero ureztatu behar direla azaldu dute lorezainek. Bestela, noiz ureztatu jakiteko modurik fidagarriena, berriz, behatzak lurrean sartu eta lehorra edo hezea dagoen begiztatzea da. Horretaz gain, gaur egun hezetasun neurgailuak ere salgai daude.
Goizean goiz eta iluntzean ureztatzea da egokiena, «egunean zehar eginez gero, eguzki izpiak ur tantetan islatzen direnean, landareak min hartu baitezakete», argitu du loradenda bateko lagunak.
Ongarri organikoak
Loreontziek lur kantitate gutxi hartzen dutenez, ongarriak botatzea ura botatzea bezain garrantzitsua dela diote. «Loreontziek ureztatu ondoren ura irteteko zulotxoak izaten dituzte azpialdean. Lurraren elikagarriak, ordea, urarekin batera joaten dira eta lurra pixkana indarra galtzen du. Beraz, ongarriak oso garrantzitsuak dira landareak galdu dituen elikagarri horiek berreskuratu ditzan».
Baina kontuz ibili behar da hauekin, ongarri gehiegi botatzeak ez botatzeak baino kalte gehiago egin baitezake. Beraz, erosi den tokiko arduradunari neurri egokia zein den galdetu behar zaio.
Zainketa egokia
Askotan jendeak landareak bakarrik hazten direla pentsatzen duela azaldu du loradenda bateko arduradunak; «baina horiek ere edozien bizidunek behar dituen zaintzak behar dituzte».
Bestalde, aldian behin landareak garbitu egin behar izaten dira. «Hauek ere izaki bizidunak dira, eta gu garbitzen garen moduan, hauek garbitzea lorezainaren eginkizuna izaten da. Nahikoa da urarekin edota trapu heze batekin hostoak igurtzitzea».
Bestetik, beharrezkoa da 15 egunero loreontzietako lurra nahastea, bestela lurra gogortu egin baita, eta horrek ura xurgatzeko arazoak ematen dizkie landareei. «Hori gertatuz gero, landareak ez lirateke behar bezala elikatuko», diote.
Horretaz gain, landareak kimatu behar direla esatean bat datoz lorezain denak. «Zimeltzen diren loreak kentzen badira, gehiago sortzeko joera du landareak. Hosto gaixo edo hilak eta oker hazitako adarrak ere kendu egin behar dira, hauek kaltegarriak baitira landarearen garapenerako».
Laburbilduz, landare ederrak lortzeko gertutik jarraitzea, garrantzitsuena zaintzea eta bizidunak direla ulertzea da. Gustura ez badaude ezinezko baita ederrak egotea.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Dantza
Dantzari Txiki Eguna
AZPEITIA, Herrian - 2008-10-12
Dantza
Dantzari Txiki Eguna
AZPEITIA, Herrian - 2008-10-12
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.