
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aldeko mozioa onartu du Udalbatzak
Zumaia
6,5 milioi euroko superabita 400.000 eurora murriztea lortu duela jakinarazi zuen Udal Gobernuak udalbatzarrean
onintza lete
Ostegun iluntzean bildu zen Zumaiako Udalbatza ohiko udalbatzarra egiteko. Mahai gainean hiru puntu izan zituzten, baina bozkatzeko gaiak ezker abertzaleak aurkeztutako bi mozio izan ziren. Lehenbizi aurreko akta onartu zen, eta gero 2007ko likidazioaren berri eman zuen Ogasun Batzordeko batzordeburu Joseba Azpiazuk. 2007ko 6,5 milioi euroko superabita aurten 400.000 euroan geratuko dela jakinarazi zuen.
Mozioei dagokionez, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aldekoa onartu zuen Udalbatzak. Bi aldiz bozkatu eta bietan berdinketa izan zen, eta azkenean Iñaki Agirrezabalaga alkateak kalitatezko botoa erabili zuen berdinketa apurtzeko. Bere baiezko botoari esker onartu zen mozioa. Lehenengo nahiz bigarren bozketan, ezker abertzaleko hiru zinegotziek aldeko botoa eman zuten; EAko bi zinegotziak eta Aralarreko zinegotzia abstenitu egin ziren eta EAJko hiru zinegotziek (laugarrena falta zen) kontra bozkatu zuten.
PSE-EEko zinegotziek ez zuten parte hartu mozioen bozketetan, eguneko gaiekin zerikusirik ez zuen gai baten inguruan «haserretu» zirelako. Alkateak geratzeko eskatu arren, aretotik atera ziren.
Onartutako mozioaren inguruan, «maila pertsonalean» hitz egin zuen Agirrezabalagak, mozioaren aldeko botoa ematea arrazoitu zuenean. Azken urteetan herritarrak «zapalkuntza asko jasaten eta eskubide asko galtzen» ari direla adierazi zuen, eta hori «oso salagarria» iruditu zitzaion. «Ezin gara isilik gelditu», gaineratu zuen, eta esan zuenez, mozioa babestea erabaki zuen «pertsonen eskubideen alde» zela uste zuelako.
Testu alternatiboak
Gainerako alderdiek ere eman zituzten euren arrazoiak. EAJren izenean Maria Eugenia Arrizabalagak idatzi bat irakurri zuen ezezko botoa arrazoitzeko. Alderdi honen nahia ezker abertzalearen bi mozioen aurrean mozio alternatiboak aurkeztea izan zela adierazi zuen, baina denboraz kanpo egin zutenez alkateak ez zuela euren eskaera onartu. Sei puntuko testuan, besteak beste, «dena ETA da esaten duen diseinu politikotik eratortzen diren gehiegikeria judizialak salatzen» dituztela esan zuen, eta irekitako auzi judizialetan «zuzeneko erantzukizuna» duten «Estatuko erakundeei jarduera hauei guztiei amaiera eman diezaietela eskatzen» dietela.
EA eta Aralar alderdiek abstenitu izana esplikatu zuten. Aralarreko Xabier Olaizolaren eta EAko alkatearen ustetan, ezker abertzaleak aurkeztutako testuan «beste irakurketa batzuk ere beharrezkoak» ziren eta Aralarrek Bozeramaileen Batzordean «testu alternatibo» bat aurkeztu zuela adierazi zuten biek, eta ezker abertzaleko zinegotziek hura eztabaidatzeko «borondaterik ez» zutela erakutsi gaineratu zuten.
Ezker abertzaleko zinegotzi Andoni Etxanizek, berriz, Aralarren testu alternatiboa kritikatu zuen, «bertan ETAren indarkeria aipatzen delako» eta Etxanizen ustetan horrek gauzak nahastu baino ez dituelako egiten. «Betiko eztabaida antzua» mahai gainean jartzeak ezertara ez zeramatzatela erantzun zion Olaizolari, eta ados dauden gaietan elkar hartzen saiatu behar luketela.
Beste mozioa, ezeztatuta
Ezker abertzaleak aurkeztutako aurreneko mozioa Euskal Herrian demokrazioa zero! deiturikoa zen. Onartutako mozioan emandako boto bera zuten alderdi guztiek, eta berriro berdinketa izan zen.
Mozio honek zioen, besteak beste, 2007ko udal hauteskundeak «ez zirela demokratikoak» izan Alderdien Legea aplikatuta aukera berdintasunik ez zelako egon eta EAEren zerrenda asko legez kanpo gelditu zirelako. Azkenaldian zenbait alderdi politikok udaletan aurkeztutako «zentsura mozioak» ere salatzen zituen mozio honek. Horregatik Udalak hainbat puntu onartzea eskatzen zen, besteak beste «herritar oro eskubide zibil eta politiko guztien subjektu» dela aldarrikatzea, Udalak «alkate eta zinegotzien aurkako jazarpen judiziala salatzea» eta Udalak «herriari zilegitasun guztia eta bakarra» aitortzen diola esatea.
Alkateak ez zuen kalitatezko botoa erabili nahi izan, eta abstenitzea nahi zuela esan zuen, baina idazkariak baiezko edo ezezko botoa eman behar zuela esan zion, eta ezetz bozkatu zuen.
Aralarreko Olaizolak adierazi zuenez, bere alderdia ados dago mozioaren edukiarekin, baina «gatazkaren alde bakarreko irakurketa» egiten duela kritikatu zuen. EAren izenean alkateak ere zentzu berean arrazoitu zuen alderdiaren abstentzioa eta bere ezezkoa, eta «zenbait puntu falta» zaizkiola esan zuen. EAJren izenean Arrizabalak hainbat puntutako idatzia irakurri zuen eta besteak beste, adierazi zuen «ezker abertzale politikoari bide politikoak galarazteko» Espainiak «ETA erakundea indarkeriazko ekintzak burutzen behar» duela.
400.000 euroko superabita
Bestalde, Ogasunbatzordeburu Joseba Azpiazuk 2007ko likidazioa onartzen duen alkate dekretuaren berri eman zuen. Bere esanetan, 6.500.000 euro gelditu dira 2007ko aurrekontuaren likidazioa egin ondoren eta «gehienbat egin ez diren inbertsioen dirua» dela adierazi zuen Azpiazuk. Udalak horietatik lau milioi euro 2008ko aurrekontura gehitu ditu, eta beste bi milioi 2008rako eskatutako mailegua ordaintzeko erabiliko dira. Horrela, 400.000 euroko superabita geldituko da. Alderdi guztiek hartu zuten parte jarraian sortu zen eztabaidan: EA eta ezker abertzalearentzat EAJ da 2007ko superabit altuaren erantzule eta beste guztien ustez oraingo Gobernuak ez du inbertsiorik egin lanean daramatzan hilabeteetan.
Udalak onartutako Amnistiaren aldeko mugimenduaren aldeko mozioa
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Zinema
'La hamaca paraguaya'
AZKOITIA, Baztartxo - 2009-01-09
Musika
Bota bertsue! ekimenaren jaialdia
AZPEITIA, Gaztetxean - 2009-01-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.