
Aitziber sarobeð- Arkamurka Natur Elkarteko kidea
«Badirudi energia berriztagarriak negozio bide bihurtzen ari direla»
Ingurumena
Eusko Jaurlaritzak Errezilgo Gazumen egin nahi duen zentral eolikoari buruzko mahai-ingurua antolatu dute gaur 20:00etarako hainbat natur taldek
aiora larrañaga
Eusko Jaurlaritzak Errezilgo Gazume eremuan zentral eolikoa egiteko proiektua esleitu duela eta, zenbait natur taldek mahai-ingurua antolatu dute gaurko, gaia aztertzeko. Parte hartzaileak EVEko zuzendari nagusi Jose Inazio Hormaetxe, Ekonomian doktore eta EHUko irakasle Roberto Bermejo, Eguzki talde ekologistaren ordezkari Alberto Frias eta Toño Munilla ornitologoa izango dira. Zarauzko Arkamurka Natur Taldea da antolatzaileetako bat eta elkarteko kide Aitziber Sarobek(Zarautz, 1974) mahai-inguru hau egiteko arrazoiak azaldu ditu.
Zeinek antolatu duzue gaurko mahai-ingurua?
Alde batetik, eskualdeko 4 natur taldek, Orioko Herrio Naur Taldeak, Zumaiako Natur Taldeak, Zestoako Natur Taldeak eta Zarauzko Arkamurka Natur Elkarteak; baita,Donostiako Haritzalde Naturzale Elkarteak eta Mutriku eta Debako Natur Taldeak ere.
Zerren kezkak bultzatu zaituzten ekimen hau antolatzera?
Hasierako planteamendua ez da Gazumeko parke eolikoaren aurkakoa. Gu ez gaude energia eolikoaren edo eguzki energiaren kontra. Hemen ez dugu baliabide energetikorik eta, beraz, nonbaitetik eskuratu behar ditugula badakigu. Gure zalantza hurrengoa da: ez dakigu Eusko Jaurlaritzak zergatik bultzatzen dituen energia aprobetxagarri jakin batzuk soilik; energia eolikoa, adibidez.
1982an onartu zen planean hainbat lekutan zentral eolikoak jartzeko hainbat planteamendu daude. Baina, plan horren arabera, zentral eolikoak mendietan bakarrik kokatzen dira, eta jakin badakigu beste herrialde batzuetan haize energia beste modu batera aprobetxatzen dutela. Itsasoko haizearen bitartez, haize errota txikiagoak erabiliz, bata bestearengandik urrutiago ipinita... Gauzak horrela, ez dugu ulertzen Euskal Autonomia Erkidegoa horren txikia izanik, zergatik 29 zentral eolikojarri nahi dizkiguten.
Beraz, Eusko Jaurlaritzak energiaren inguruan hartu duen jarrera okerra dela iruditzen zaizue. Zein da zuen planteamendua?
Energiaren inguruko eztabaidan, badirudi energia gure garapen ekonomikorako beharrezko baliabidea izan beharrean, beste negozio bide bat dela. Energia berriztagarriak ez dira kontsumitzen dugunaren alternatiba, horren gehikuntza bat besterik ez dira. Lehenengo eta behin, zenbat energia behar dugun eta zertarako eztabaidatu behar da, eta ondoren ea aurreztu al daitekeen jakin. Behin hori dena jakindakoan hasi beharko dugu energia lortzeko zein bide dauzkagun aztertzen eta horiek ingurunean izan dezaketen eragina neurtzen. Horren arabera logikoa den plan bat garatzen hasi beharko dugu.
Posible al da Gazumekoa bezalako plan bat geldiaraztea?
Gazumeko lanak esleitu aurretik hasi ginen natur taldeok honetaz arduratzen, susmoa baitaukagu azkenean indar sozial gutxien daukaten tokietan hasten direla plan hauek gauzatzen. Errezil herri txiki bat da eta bertako Udalak horrelako plan bati aurre egiteko duen indarra oso mugatua da. Horregatik plazaratu dugu gaia, herritarrek zer datorkien jakitea nahi dugu. Energiaren Euskal Erakundeko ordezkaria ere mahai-inguruan izango da, besteak beste, eta ematen dituen arrazoiak aztertu eta norberak bere ondorioak atera beharko ditu.
Zein da Euskal Herrian energiaren inguruan bizi dugn egoera?
Euskal Herriak energiaren inguruan arazo larria du, ez baitugu ekoizten kontsumitzen dugunaren %6 ere. Hemen hipokresia handia dago. Behin eta berriz diogu ez dugula energia nuklearrik nahi, baina Frantziako energia nuklearra kontsumitzen dugu.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Zinema
'La hamaca paraguaya'
AZKOITIA, Baztartxo - 2009-01-09
Zinema
'Appaloosa'
AZKOITIA, Baztartxo - 2009-01-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.