
Arrantzaleek gasolioagatik protesta egingo dute Madrilen
Ekonomia
Getariako eta Orioko kofradiek autobusak antolatu dituzte gasoilaren «prezio altuengatik» protestatzeko
onintza lete
Etzi Madrilen (Espainia) egingo den manifestazioan Getariako eta Orioko kofradiek ere hartuko dute parte. Gipuzkoako eta beste hainbat lekutako kofradiak izango dira bertan, gasolioaren prezioagatik protestatzen. Izan ere, Getariako kofradiako idazkari Josu Ezenarrok adierazi duenez, erregai honen prezioa «bikoiztu egin da azken bi urteetan»; arrantzaleei «kostuen %80a gasolioak» eragiten diela adierazi du, baina arrainaren prezioa «duela 20 urteko» mailan mantentzen dela. Enkante publikoan saltzen dute arraina, eta prezioak ez dituzte beraiek markatzen, erosleek baizik: «Europa osotik sartzen da arraina, eta guk ezin dugu haien prezioekin lehiatu», esan du Ezenarrok.
Madrilera, autobusetan
Getariako nahiz Orioko kofradiek manifestaziorako autobusak antolatu dituzte eta izena kofradian bertan eman beharko dute Madrilera joan nahi dutenek. 11:00etan hasiko da protesta Madrilen; horregatik, goizean goiz aterako dira eskualdetik; Orion, esaterako, 04:00etan jarri dute irteera hitzordua. Getarian oraindik erabaki gabe dute, baina Ezenarrok adierazi duenez, antzeko orduan aterako dira beraiek ere.
«Neurri estrukturalak» behar
Ezenarroren ustez irtenbidea «oso zaila» da: «Erakundeek laguntza memento puntualetan emanda irtenbiderik ez dago». Gasoilaren prezioak «jaisteko itxurarik ez» duela eta horregatik «neurriak estrukturala» izan behar duela irizten dio: «Laguntzak ematen badizkigute mementokoa salbatuko dugu baina etorkizunerako neurri estrukturalak jarri beharko lirateke martxan; bestela arrantza sektore guztia hankaz gora joango da». Bere ustez, honi irtenbide bat emateko «neurri multzo bat» jarri beharko litzateke martxan, eta «administrazioekin kontsentsu bat» egin beharko dela ere uste du.
Datorren astean hasiko da atun denboraldia, eta gasolioaren prezioa altua den arren, itsasora aterako direla adierazi du Ezenarrok: «40 egun egon gara lehorrean eta hemen egonda ez dugu ezer egiten».
Bileratik, «oso kezkatuta»
Astelehenean egin zuten bilera Arrantzale Kofradien Espainiako Federazioko lehendakari Genaro Amigok eta Espainiako Gobernuko Ingurumen, Landa eta Itsas Inguruneko ministro Elena Espinosak. Amigoren esanetan, Espinosak ez die irtenbiderik proposatu eta «oso kezkatuta» agertu da egoerarekin.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Beirate artistikoak
UROLA-KOSTA, Legarra beirategia - 2009-01-06
Zinema
'Spirit' filma
ZUMAIA, Aita Mari zinema aretoan - 2009-01-09
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.