
Udalbatzak Muntoko Plana onartu zuenetik zeresan handia eman du gaiak eta herriko eragile batzuk plataforma sortu dute, gai honen eta beste batzuen inguruan herriak «ahotsa» izan dezan.
Kezkei erantzuna eman nahian
onintza lete
Muntoko Plana dela-eta kezkatuta daude herritar batzuk, eta kezka horiek duela gutxi sortutako Herri Elkargoa izeneko plataforman islatu dira. Herriko hainbat eragilek osatu dute plataforma hau eta aurrera begira beste gai batzuen inguruan ere «indarrak biltzeko asmoa» erakutsi dute. Urola Kostako ELA eta LAB sindikatuek, Arkupe merkatari elkarteak, Farfara auzo elkarteak, Harribil dantza taldeak, Herrio Natur Taldeak, OKK gazte batzordeak, Orioko Pilota Elkarteak, Talaimendi Mendi Elkarteak, Txurrumuski aisialdi taldeak eta EAE, Aralar eta EB alderdiek osatu dute plataforma, «hemendik aurrera herriak ahotsa izan dezan».
Munto, Orioko ibai ertz batean dagoen lur eremu bat da. Jabetza pribatukoa zen, baina saldu egin dute eta bertan hainbat eraikuntza egingo dute. Nabarmenenak Ikastolaren eraikin berria, etxebizitza libreak nahiz babestuak eta merkataritza gune bat dira. Udalbatzak boto baten aldearekin onartu zuen plan hori, eta zeresan asko eman du ordutik.
Planaren aurkako arrazoiak
Herri Elkargoaren berri emateko eta plan honen aurka zergatik dauden azaltzeko elkartu dira Herrio Natur Taldeko Olatz Olariaga eta Arkupe merkatari elkarteko bi kide. Azken hauek nahiago dute izenik ez eman, dendariak izanik, «bezeroak galtzeko arriskua» ikusten baitute.
Planak «irregulartasun asko» dituela diote, eta hauek dira euren kezka iturri nagusiak: batetik, eraikiko den lekua «urez bete daitekeen eremua» da; bestetik, babestutako etxebizitza «gutxi» egingo dute; eta, gainera, merkatari gune «handi» bat eraikiko dute.
Urez betetzeko arriskua
Hasteko, Munto urez betetzeko «arriskua» dagoela adierazi dute plataformako kideek, eta hori iruditzen zaie honetan guztian «salagarriena».
Urez bete daitekeen ala ez jakiteko, kartografia azterketa «enpresa eraikitzaileak egin duela salatu dute, eta horrek «Europako legedia ez duela betetzen» azaldu du Olariagak. 10 urtetik behin eremu hori urez betetzeko arriskua dagoela adierazi du Herri Natur Taldeko kideak, eta hor eraikitzea «astakeria galanta» dela; batik bat, garaje batzuk «lur azpian bi pisu» izango dituztelako.
Babestutako etxe «gutxi»
Babestutako etxebizitzen kopuruarekin ere ez daude ados, babestuak «%20 baino ez» direlako izango eta 2006an onartutako Lurzoruaren Legeak «babestutako etxebizitza kopurua eraikitako etxebizitza guztien %75 artekoa izatea ahalbidetzen duelako». Plan partziala 2005ean onartu zuen Udalak, eta orduan ez zegoen Lurzoruaren Legerik. Hala ere, Plataformako kideen ustez, «Jon Redondo alkateak dio ezin dela hori aldatu, baina gezurra da hori»: «Beste udaletan legearen arabera ari dira aldatzen babestutako etxebizitza kopuruak, hori egin daiteke; Zarautzen ia %50 izango dira, Usurbilen %65, Zumaian ia%40... Ondoko herrietan egiten badute, hemen zergatik ez?»
Plataformako kideek dituzten datuen arabera, duela gutxi bilera egin dute alderdi politikoek, alkateak eta enpresa eraikitzaileak, eta «azken honek kontsentsu politikoa nahi zuen». Euren hitzetan, «kontsentsua lortzeko plan partziala berriz negoziatu behar zela erantzun zioten» EB-Aralarrek eta EAEk: «Alkateak hori legez ez zela posible erantzun zuen, eta han zegoen eraikitzailearen abokatuak kontra egin zion, posible dela esanez. Baina hori alkatearen borondatea da, eta ez du borondaterik».
Etxebizitzaren gaiarekin jarraituz, Arkupeko kide batek adierazi du merkatariak izateaz gain, oriotarrak ere badirela, eta «seme-alaben etorkizunaz kezkatuta» daudela. Herri bizia nahi dute: «Hemendik 40 urtetara Orio bizirik ikusi nahi dugu, herritarrak Orion bizitzea nahi dugu, baina plan honek lo egiteko hiri bilakatu nahi du herria; kanpotarrentzat izango da». Herriak bere «izaera, kutsua», galdu egingo duela uste dute plataformako kideek.
Merkatal gunea, handiegia
Bestalde, 1.450 metro koadroko merkataritza gunea egingo dela eta «beste 850 metro koadro gehitzeko aukera» dagoela adierazi dute, eta horrek herriko merkatariei «kalte handia» egingo diela salatu dute. Kaleak «hustu» eta erdiguneak duen bizia Muntoko eremura bideratuko dela diote. Horrek trafiko arazoak sortuko dituela ere adierazi dute.
Muntoko Planak lehendik herrian krisian dagoen merkataritzaren egoera okerragora eramango duela irizten diote.
«Gaizki» emandako pausuak
Plataformako kideek plan hau egiteko Udalak emandako pausuak kritikatu dituzte, «gaizki» eman dituelakoan: euren ustez, hirigintza eremu bat egiteko, lehendabizi Eusko Jaurlaritzak kartografia bat egiten du urez bete daitezkeen eremuak eta arrisku maila neurtzeko. LPS (Lurralde Plan Sektoriala) deitzen zaio horri. Horren arabera arau ordezkatzaileak egiten ditu Udal bakoitzak, eta azkenik, plan partziala egiten da eta arau ordezkatzaileen barruan garatzen dira planak hartzen dituen eremuak. Kasu honetan, Orioko Udalak «alderantziz egin du guztia; aurrena plan partziala onartu du, gero arau ordezkatzaileak onartu dira, eta azkenik dator LPS». Plataformakoek adierazi dutenez, «LPSren arabera Munto urez bete daitekeen eremua da eta 10 urtetik behin gerta dakioke hori. Europako Parlamentuak dio horrelako eremuetan ezin dela eraiki, arriskuak saihesteko».
Azterketa hidraulikoa «enpresa eraikitzaileak» egin duela salatu dute eta orain «Eusko Jaurlaritza LPS aldatu nahian» dabilela, eremua eraikigarri izendatzeko.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Pintura eta argazkiak
ZARAUTZ, Wozzeck Arte Galeria (Malekoian) - 2009-01-06
Irteera
Ibilbide gidatuak: Zarautz eta inguruak
ZARAUTZ, Torre Luzeatik (Kale Nagusia 28) - 2009-01-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.