
Bandera urdinik ez eskatzea erabaki du Udal Gobernuak
Zumaia
Hondartzen kalitatea bermatzeko «konpromisoa» hartu eta Ecoscan, ISO edo antzeko ziurtagiria lortu nahi du
aritz mutiozabal
Santiago hondartzako egoera hobetu arte, ez dutela Itzurunentzat eta kirol portuarentzat bandera urdinik eskatuko jakitera eman zuen Udalak maiatzaren 7an egindako Eskolako Agenda 21aren inguruko bilkuran. Erabaki horren atzean, Santiago hondartzan dauden arazoak aztertzeko eta konpontzeko eskumena nori dagokion «zehazteko konpromisoa» dagoela dio Udal Gobernuak, baita helburu horiek lortu arte lanean jarraitzeko «borondatea» ere.
Honen iritziz, Itzurun hondartzak ingurumen kudeaketa plana behar du; hondartza beraren hobekuntza eta ingurumenarekiko errespetua bermatuko lukeena, alegia. Era berean, Santiago hondartzan antzeko bidea jorratu beharko litzatekeela uste dute: «Gai honek garrantzi handia du; izan ere, Bainatzeko Uren Europar Araudia berriz aztertzen ari dira eta araudi hori askoz ere murriztaileagoa izango da aurrerantzean».
Baldintza eskasak
Bandera Urdina igortzen duen erakundeak bidalitako galdera sorta aztertu du Udal Gobernuak, eta Itzurun hondartzak erakunde horrek eskatzen dituen gutxieneko baldintzak justu-justu betetzen dituela ohartu da. «Baina, aldi berean, ez ditu beste baldintza batzuk betetzen, aurrekoak bezain inportanteak direnak».
Ondorioz, bandera urdinaren kanpaina «guztiz eztabaidagarria» dela iritzi dio: «Gainera, Itzurungo uraren kalitate ona egiaztatuz gero, ez du bandera urdinik behar erakargarria izateko». Bandera urdinak ez du Europako Batasunaren errekonozimendurik eta, antza denez, ez du hondartzaren kalitatea bermatzen. «Bandera hori ematen duen erakundearen berririk ez dago: inork ez daki nondik atera den, zer-nolako diru-iturriak dituen eta ez ditu udalek emandako informazioak egiaztatzen. Banderarena antzerki hutsa da, eta horregatik ez dugu parte hartuko».
Beste ziurtagiri batzuk
Bandera urdina eskatu ez arren, herriko hondartzen kalitatearen alde lanean jarraitzeko asmoa dutela azpimarratu dute, «aurtengoan, gainera, inoiz baino gehiago». Hala, Ecoscan, ISO edo antzeko ziurtagiriak lortzea eta horiek martxan jartzea izango Udalaren erronka.
Aipatutako ziurtagiri horiekin, «Zumaiako hondartzen kalitatea bermatuko dugulakoan gaude». Izan ere, «Zarauzko hondartzak, esaterako, ISO ziurtagiria du, eta Donostiako Udalak, berriz, ez du bandera urdinik eskatu. Eta Gipuzkoan erreferentziazko hondartzak badaude, horiek Zarauzkoa eta Donostiakoak dira».
Kirol-portuarentzat ere ez
Kirol-porturako ere ezin dela bandera urdinik eskatu uste du Udal Gobernuak: «Nola eduki dezake bandera urdina ingurumenean zer nolako eragina duen aztertu ere egiten ez duen kirol-portu batek?»
Azterketak Eusko Jaurlaritzako Portuetarako eta Itsas Gaietarako Sailak egin behar lituztekeela diote, eta «Udalak urtero eskatu behar zizkion azterketaren emaitzak, Portuetako Sailak neurri zuzentzaileak ezartzeko». Baina «kirol-portua egin zenetik hona, duela 10 urtetik hona, ez da ezer ere egin. Gauzak horrela, zentzugabea da bandera eskatzea».
Itzurunek betetzen ez dituen baldintzak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Pintura eta argazkiak
ZARAUTZ, Wozzeck Arte Galeria (Malekoian) - 2009-01-06
Irteera
Ibilbide gidatuak: Zarautz eta inguruak
ZARAUTZ, Torre Luzeatik (Kale Nagusia 28) - 2009-01-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.