
Imanol Murua agurtu dute herritarrek eta agintariek
Gizartea
Udaletxeko batzar areto nagusian jarri zuten hil kapera eta egun guztian etengabe hurbildu ziren herritarrak nahiz politikariak agurtzera
aritz mutiozabal
Gipuzkoako ahaldun nagusi (1985-1991), Zarauzko alkate (1977-1979, 1979-1985 eta 1995-1999) eta legebiltzarkide ohi Imanol Murua Arregi larunbat iluntzean hil zen, 72 urte zituela, Donostiako Ospitalean.Urtebetean jasandako gaixotasunaren ondorioz, gaualdean zendu zen politikari zarauztarra, astebetez erietxean egon ondoren.
Hil kapera, udaletxean
Atzo eman zioten azken agurra Muruari, 19:00etan Santa Maria La Real parrokian egindako hileta elizkizunean. Herritarrek urte askoan herriko alkate izan zena argutzeko aukera izan zezaten, egunean zehar hil kapera jarri zuten Zarauzko udaletxeko areto nagusian. Bertan eduki zuten gorpua, 10:30etik aurrera, eta bere senideek hartu zituzten bertara hurbidultako ehunka lagunak.
Hilkutxaren inguruan Zarauzko bandera eta ikurrina jarri zituzten, eta hasierako lore sorta bakanak gehitzen joan ziren orduek aurrera egin ahala. Balkoian, asteburutik jarrita zegoen Zarauzko bandera ikus ziteken, haga erdira altxata eta xingola beltzarekin.
Areto nagusia alderdi politikoetako ordezkariz eta zinegotziz bete zen lehen unetik eta, beste batzuen artean, Gipuzkoako EAko lehendakari eta ahaldunorde nagusi Iñaki Galdos, Kultura foru diputatu Maria Jesus Aranburu, Zarauzko alkate ohi Maite Etxaniz, Aralar alderdiko koordinatzaileorde Jon Abril, Joan Mari Torrealdai kazetaria eta soziologoa eta Getariako alkate Andoni Aristi.
Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiaren heriotzak, politika munduko hainbat kidez gain, herritar ugari hunkitu du, ordea. Udaletxeko sarrerako ateak zabal-zabal egon ziren atzokoan eta zarauztarrak etengabe gerturatu ziren.
Igandean, tanatorioan
Herenegun, igandean, Zarauzko tanatorioan eduki zuten gorpua. Bertara ere, familiako jendeaz eta lagunez aparte, makina bat jende ezagun hurbildu zen. Goizean zehar, besteak beste, Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua eta ahaldun nagusi ohi Roman Sudupe azkoitiarra gerturatu ziren; arratsaldean, berriz, egungo ahaldun nagusi Markel Olano, Zarauzko Udaleko alkate Jon Urien eta alkate ohi Antonio Alberdi, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente ohi Jon Esnal eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Esther Larrañaga.
Politikariez aparte, zientzia, ekonomia eta kultura arloetako jendea ere gerturatu zen: Xabier Lete abeslaria, Imanol Urbieta musikagilea, Pedro Miguel Etxenike zientzialaria eta Adegiko presidente ohi Jose Ignazio Alberdi, besteak beste.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Kultur astea
XXIII.Akordeoi Kultur Astea
ZARAUTZ, Zarauzko itsas-pasealekuan, Antoniano Aretoan, Musika Plaza - 2009-07-02
Dantza
'Acroindar' dantza akrobatikoaren emanaldia
AZPEITIA, Herriko plaza - 2009-07-04
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.