Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2008ko uztailak 20, Igandea

Harpidetu zaitez!

Eskualdean, Alkoholiko Anonimoen eta Al-Anon Alkoholikoen Senideen hainbat talde daude; Zumaiako aipatutako bi elkarteek alkoholari nola egiten dioten aurre azaldu dute.

Alkohola pozoi bihurtzen denean

aritz mutiozabAl

Alkoholismoa gaixotasun bat da. Estigma bat balitz bezala, bizitza osorako izaten da; izan ere, «alergia moduko zerbait da eta kalte egiten digu». Horrenbestez, gaixoek tratamendu bat jarraitu behar izaten dute alkoholari aurre egiteko: lehenik eta behin, ez edatea; eta bestetik, Alkoholiko Anonimoen bileretara joatea. «Bileretara etortzen gara, botila itxita eduki behar dugula konturatzeko eta edanari ematera zerk bultzatu gaituen jakiteko», azaldu dute Zumaiako Arritokieta Alkoholiko Anonimoetako kideek.

Alkoholiko Anonimoetan barneratzeko baldintza bakarra, alkohola utzi nahi izatea da. Bileretan alkoholari buruz, kide bakoitzaren egoerari buruz eta aurre egiteko neurriei buruz hitz egiten dute. Horretarako literatura deitzen dioten gida bat jarraitzen dute, «gure helburu nagusia edan gabe egotea eta gaixoari edan ez dezan laguntzea da eta».

«Nahi baduzu, utz dezakezu»

Alkoholiko baten arazoa ulertzeko pertsona egokiena beste alkoholiko bat dela diote: «Besoak zabalduta hartu ninduten atetik sartu nintzen egunean. Maitasuna emateaz gain, lagundu nahi nindutela ikusi nuen hasieratik. Nahi banuen, alkohola utzi nezakeela esan zidaten eta, egia esan, bileretara etortzea eta elkarteko adiskideen babesa jasotzea lagungarri egin zitzaidan. Ondorioz, gugana lehen aldiz datorrena gu hartu gintuzten bezala hartzeko prest egon behar dugu».

Bileretan kide bakoitzaren egoera «entzuten eta ulertzen» dute eta hori «pribilegio handia» da gaixoentzat: «Tabernetan, ordea, ez zaituzte kontuan hartzen, 'mozkor hau berriro ere tontakeriak esaten hasi da' esanez. Jakina, 30 euro poltsikoan dituzun bitartean, denak dira zure lagunak. Baina sosik gabe geratzen zarenean, inork ez du zutaz ezer jakin nahi».

«Kalean bat gehiago zinen», gogora ekarri du kideetako batek: «Batzuetan, herriko xelebrea eta beste batzuetan, zabor hutsa. Bileretara etorri eta edana utzi ondoren, ez nuela nire burua ezagutzen konturatu nintzen». Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka nor bere burua ezagutzen joaten dira; hau da, zein den bakoitzaren izaera, jokabidea eta bertuteak ezagutzen hasten dira, baita ingurukoei eragindako kalteez jabetzen ere.

«Barruko piztia zain dago»

«Alkohola utzi baldin baduzu, zergatik jarraitzen duzu bileratara joaten» bezalako galderak noizbehinka entzuten diztutela aitortu dute Zumaiako Alkoholiko Anonimoetako kideek. Erantzuna sinplea bezain zuzena da: «Jakin badakigu zein den gure arazoa eta bileretara etortzeak mesede egiten digu. Noizbait ahuldadeak ematen baldin badigu, horri aurre egiteko indarrak hartzera etortzen gara. Piztia barruan daramagu eta zain dago. Beraz, erne ibili behar dut».

Alkoholiko Anonimoen leloa eta, era berean, epe laburrera ipintzen duten helburua 24 ordu da. Egun batez alkoholik edan gabe egotea; eta horrela, egun bat joan eta bestea etorri. Taldea utzi duenik ere bada, «baina askok berriz edaten bukatzen dute».

Beste kide batek eskerrak ematen dizkie Alkoholiko Anonimoei eta Al-Anon Alkoholikoen Senidei, hauek jorratutako bideagatik: «Nire alaba ikasten ari zen garaian, alkoholismoari buruzko hitzaldi bat eman zuten bere ikastetxean eta horri esker, nire alaba konturatu zen bere aita ez zela mozkor bat, gaixo bat baizik».

 

eskualdeko alkoholiko anonimoak eta al-anon elkarteak



Alkoholiko Anonimoak. Tel.: 943 248474/629 141874.

Al-Anon Alkoholikoen Senideak. Tel.: 943 475403/650 265963.

Azkoitia

Urrategi taldea. Iriarte kalea. Bilerak: asteazkenetan, 20:00etan.

Azpeitia

Iraurgi taldea. Soreasu 2, behea. Bilerak: ostegunetan, 20:00etan. Euskaraz bakarrik.

Olatz taldea. Soreasu 2, behea. Bilerak: astelehenetan eta ostiraletan, 20:00etan. Bilera irekiak hileko lehen astelehenetan, 20:00etan.

Bizi-Poz Al-Anon. Aitonena I-eko bigarren solairua. Bilerak: astelehenetan, 20:00etan.

Orio

Ibaia taldea. Kale Nagusia, 9-11 (parrokia). Bilerak: ostiraletan, 20:00etan; jai egunetan izan ezik.

Zarautz

Hondartza taldea. Langako plaza, 16 (Salbide). Bilerak: astelehenetan eta ostegunetan, 20:00etan.

Antxeta Al-Anon. Langako plaza, 16 (Salbide). Bilerak: asteartetan, 20:00etan.

Zumaia

Arritokieta. Axular ibiltokia (Udaltzaingoaren ondoan). Bilerak: asteartetan, 20:00etan, eta larunbatetan, 19:00etan.

Al-Anon. Parrokiako lokalean. Bilerak: asteazkenetan, 20:30ean, eta larunbatetan, 19:00etan.



 

«Gaitz bat dela ohartzen garenean, hobeto ulertzen dugu egoera»

Alkoholikoen senideak

Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian daude Al-Anon elkarteak; hauek ere bilerak egiten dituzte, terapia gisa

a. mutiozabal



Al-Anon Alkoholiko Anonimoen elkarte paraleloa da, eta gaixoen senideei zuzenduta dago. Alkoholiko Anonimoen bileretako funtzionamendu bera du, baina kasu honetan gaixoen senideak izan ohi dira euren esperientziak kontatuz elkar laguntzen direnak.

«Gure bilkuretara era guztietako jendea etortzen da. Baina bileretan denok dugun arazoari buruz bakarrik hitz egiten dugu. Bertan, gainera, ez gara inor konbentzitzen saiatzen, ezta epaitzen ere. Elkarren bizipen propioetatik ikasten dugu», azaldu du Zumaiako Al-Anon elkarteko kide batek.

Elkartearen helburua, finean, gaixoaren inguruko pertsonak «osatzea» da, «alkoholismoaren gaixotasuna oso kutsakorra baita». Estatistikako datuen arabera, alkoholiko bakoitzeko zazpi lagun kaltetzen dira. «Hala, sosegua eta lasaitasuna bilatzen ahalegintzen gara bilkuretan; ondoren, hobeto gaudenean, gaixo alkoholikoari laguntzeko. Normalean, senidea ongi dagoenean, gaitzarekiko jarrera aldatzen du: alkoholismoa gaitz bat dela konturatzen garenean, lasaitu egiten gara eta gaixotasuna hobeto ulertzen dugu».

Bilerak «terapia» moduko zerbait direla nabarmendu du elkarteko beste kide batek: «Bileretara joaten hasi nintzen, nire senarrak edana uzteko zer egin behar nuen jakite aldera. Bilerak, ordea, ni neu osatzeko zirela esan zidaten. Nire barnean sentimendu ugari nituen bueltaka eta, egia esan, hori guztia kanporatu beharra nuen. Ondorioz, ulertzen zaituen jendearekin elkartzen joaten zara eta aurrera egiteko indarrak hartzen dituzu».

Seme-alabei zuzendua

Eskualdean senideei zuzendutako hiru elkarte daude: Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian, alegia. Azpeitiko Bizi-Poz Al-Anon taldea, ordea, ez da gainerakoak bezalakoa. Talde hori alkoholarekin arazoak dituztenen seme-alabei zuzenduta dago zehazki. Gipuzkoan gisa honetako bi elkarte baino ez daude; bata, esan bezala, Azpeitian eta bestea Donostian.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa