
«Aparteko ezer ez dut egin eta ez nuen espero omenaldi hau»
antonio baylin ð- Praktikantea
Orio
Lana gustura egitea garrantzitsua dela dio eta berak hala egin izan du azken 54 urtean; larunbatean omendu zuten
onintza lete
54 urte daramatza Gipuzkoako Erizainen Elkargoan 81 urte dituen Antonio Baylin (Alcala de Henares, Madril, Espainia, 1927) praktikanteak. Aspaldi erretiratu zen anbulatoriotik, baina bere etxean lanean jarraitu du ordutik hona. Larunbatean omendu egin zuenElkargoak.
Noiz hasi zinen lan honetan?
Orion bertan izan zen, 1954an. Ikasketak bi urte lehenago amaituta nituen, baina titulua jasotzeko 800 pezeta ordaindu behar ziren eta nik ez neukan hainbeste diru.
Jaiotzez ez zara oriotarra; nola iritsi zinen bertara?
Kasualitatez izan zen; nire anaia bat Errenterian bizi zen eta hura bisitatzera etorri nintzen. Orioko medikuak ezkondu egin behar zuen eta nahi gabe nire anaiaren auzokideari deitu zion, elkargoko presidenteari deitzen ziolakoan. Ordezko bat behar zuen medikuak eta auzokideak nire berri eman zion. Horri esker, Orion aritu nintzen egun batzuez. Denbora horretan arrantza izugarri gustatu zitzaidan eta bertan gelditu nintzen; 1954 urtetik nago Orion.
Denbora honetan guztian asko aldatuko zen zuen lanbidea, ezta?
Ikaragarri. Ni praktikante moduan hasi nintzen; gero Osasun-Laguntzaile Tekniko (OLT) tituluagatik aldatu zuten eta neuk ere atera egin nuen OLT titulua. Hasi nintzenean oso ezberdina zen nire lana; emagina, anestesista, instrumentista eta kirurgian laguntzailea izan naiz ni, baita podologoa ere. Orduko lana izugarria zen, ez zegoen jenderik. Kontsultez gain, egunero etxeetara eta baserrietara 35 bisita egina naiz ni.
Emagina ere bazinela esan duzu; oriotar asko ekarri al duzu mundura?
120 erditzetan egona naiz, eta beti urduri egin izan dut lan hori, inoiz ez baitzenekien nola zetorren haurra.
Erraza egiten al zitzaizun zure lana?
Lan handia zen, lan karga askokoa, eta gutxi ordaintzen ziguten. Hala ere, arrain asko oparitzen zidaten herritarrek. Nire emazteak ere lan egiten zuen, eta askotan berari esker egiten genuen aurrera.
Horrenbeste lan egin eta hain gutxi irabazten bazenuen, gustuko izango zenuen...
Bai, hori garrantzitsua da, eta nik gustura egiten nuen, eta egiten dut, nire lana. Mediku izatea gustatuko zitzaidakeen, baina orduan ez neukan behar adina diru.
Espero al zenuen omenaldi hau?
Nik egin beharrekoa baino ez dut bete. Aparteko ezer ez dut egin eta ez nuen espero omenaldi hau. 65 urterekin erretiratu nintzen anbulatoriotik, baina lan pribatuak egiten jarraitu dut ordutik, eta Erizainen Elkargoan 54 urte daramatzadalako omendu naute.
54 urtean bitxikeria asko biziko zenituen, ezta?
Asko, bai. Orduan, esaterako, haurdunaldietan ez zen amaren eta haurraren jarraipenik egiten, eta jaiotzeko unera arte ez zen jakiten zer gertatuko zen, haurra nola zetorren, bakarra zen ala gehiago... Behin, esaterako, haur jaioberri bat bataiatu nuen neuk; izan ere, arazoekin jaio zen eta bihotz-masajea luzaroan egin nion arren, hiltzeko arriskuan ikusi nuen. Handik egun batzuetara apaizak esan zidan ez nuela behar bezala bataiatu, baina nik badaezpada egin nuen. Bizi egin zen haurra, 70 urte inguru izango ditu orain.
Eta zeure haurrak, nola jaio ziren?
Aurreneko biak galdu egin genituen; garaiz aurretik jaio ziren eta orduan ez zegoen oraingo teknologiarik. Gainontzeko bostak etxean izan ditugu eta nik lagunduta ekarri ditu emazteak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Bertso Txotxa eta Kontzertuak
AZPEITIA, Azpeitiko gaztetxean - 2009-01-10
Dantza
ARISTERRAZU ko ERROMERIA
AIA, ARISTERRAZU AIAko ANDATZA Auzoan - 2009-01-11
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.