
Aurrenak, Etxegarai eta Amilibia
Kirola
Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Izarraizko Mendi Lasterketan 293 lasterkarik parte hartu dute eta 255ek bukatu
nerea uranga
Gizonezkoetan, Fernando Etxegarai beratarrak (01:54:44) eta emakumezkoetan, Nerea Amilibia aiarrak (02:26:23) irabazi zuten herenegun Izarraizko Mendi Lasterketa. Gizonezkoetan, eskualdetik aurrena Enekoitz Aizpuru azpeitiarra (02:01:38) izan zen, sailkapen orokorrean laugarren bukatuta. 293 lasterkarik parte hartu zuten eta 255k bukatu zuten 21,2 kilometroko eta 3.320 metroko desnibeleko ibilbidea.
Ibilbidea berez gogorra zen eta gainera bezperan egindako eguraldiak «gogorragoa» egin zuen, «bidean lokatza egin zelako eta irristakorra zegoelako». Hala ere, uste baino azkarrago ibili ziren aurrenekoak: proba antolatu duten Lagun Onak Mendi Bazkunekoek lehen lasterkariak bi orduren bueltan espero zituzten, baina lehen hirurek bi ordu azpitik egin zuten.
Lehen postuetarako borroka
Azpeitiko plazatik 10:00etan irten eta 11 kilometro gora eta gora, maldan gora, egin zituzten. Hala ere, Didier Zagok probako lehen tontorra, Xoxotekoa, 32 minutu eta 33 segundotan egin zuen. Bere atzetik Fernando Etxegarai heldu zen, 15 segundotara, eta segidan Enekoitz Aizpuru azpeitiarra, 36 segundotara.
Kakutera heltzen aurrena Etxegari izan zen (57:08); sei segundotara Zago heldu zen, eta hirugarren Zuhaitz Ezpeleta (59:00). Erlora ere Kakuteko postu berdinetan heldu ziren hiru aurrenak: Etxegarai (01:17:10) aurrena, Zago (01:17:30) bigarrena, Ezpeleta (01:19:09) hirugarrena eta Aizpuru (01:20:34) laugarrena. Behin Erlotik pasatu eta Azpeitiruntz goitik beherako bideari ekin ziotenean, Ezpeletak Zagori aurrea hartu zion eta, ondorioz, bigarren bukatu zuen lasterketa.
Emakumezkoetan, berriz, lehen kilometroetan Nerea Amilibiaren eta Izaskun Zubizarretan artean izan zen lehia nagusia. Baina Kakuten aiarrak minutu bateko aldea atera zion Zubizarretari. Gainera, Amilibiak helmugan bost minutuko abantaila atera zion bigarren emakumezkoari. Aiarra «gustura» dago Azpeitian egindakoarekin: «Azkoititik antolatzen duten lasterketa lehen ere eginda nengoen, baina hau gogorragoa da. Gainera, nahiko bustia zegoen ibilbidea eta pixka bat arriskutsua, labaina», zioen.
Antolatzaileak gustura
Mendi lasterketa Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu du, eta gustura daude emaitzarekin. Hala zioen Iñigo Orbegozok: «Jende dezentek parte hartu du eta giro ederra egon da. Parte-hartzaileen artean inkesta txiki bat pasatu genuen eta ibilbidea polita dela esan dute. Beraz, egin dugun balorazioa positiboa izan da».
sailkapena
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ipuin Kontalaria
Lupe Lekuona ipuin kontalaria
AZPEITIA, Udal Liburutegia - 2008-10-13
Irakurketa
Irakurketa txokoa, Iraia Eliasekin
ZARAUTZ, Sanz Eneako haurren liburutegian - 2008-10-15
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.