
EAJren mozio «etikoa» beharrean, Udal Gobernuarena onartu dute
Politika
Udal Gobernuak adostutako mozioaren arabera, «desberdinen arteko akordioek» ekarriko dute konponbidea
Amaia mendizabal
Zinegotziak baino kazetari gehiago zegoen herenegun gauean Azpeitiko Udaleko udalbatzar aretoan. Herritarrak, berriz, aretoa bakarrik ez, udaletxeko eskilarak eta udaletxe azpiko arkupeak ere bete zituzten; megafonia ere jarri zuten, kalean gelditu ziren herritarrek udalbatzarra jarrai zezaten. Izan ere, ikusmina ez zen makala, EAJk delako «mozio etikoa» aurkeztu baitzuen, eta «indarkeria» salatzen ez duten udal ordezkarien dimisioa eskatu. Azkenean, mozio horrek ez zuen aurrera egin, EAJren aldeko zortzi botoak bakarrik jaso baitzituen. Horren lekuan, Udal Gobernuak aurkeztutako testua onartu zuten, konponbiderako giltza gisa «desberdinen arteko akordioa» sustatzen zuena.
Bi mozio mahai gainean
Udalbatzarra hasterako giroa bero zegon, eta PNV espainol edo ANV aurrera bezalako oihuak entzuten ziren. Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinek ohiko udalbatzarra zela gogorarazi eta ixiltasuna eskatu zuen. Hamar minutu baino lehen Udalbatzak bozkatuak zituen gai zerrendako puntu guztiak, eta mozioen txanda iritsi zen. Orduan duela hamar egun Espainiako Audientzi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz espetxeratutako Arrasateko alkate Ino Galparsororen aldeko oihuek eta kartelek hartu zuen aretoa, eta Xanet Esnaola alkateordeak Galparsororen argazkia jarri zuen mahai gainean.
EAJren izenean, Julian Eizmendik hartu zuen hitza. EAJk eta PSE-EEk gainontzeko herrietan aurkeztu duen mozio bera irakurri zuen, eta udal ordezkariei giza eskubideak eta askatasuna errespetatzeko konpromisoa eskatu zien. Horrekin batera, horien urraketa «arbuiatzeko» eskatu zuten, baita «mehatxuak eta bortxakeria» ere. Beraz, «ETAren ekimen terroristek» printzipio horiek urratzen dituztela onartzeko eta, honen azken ekintzak gaitzetsi ezean, dimisioa emateko eskatu zuten.
Ondoren, Errazkin alkateak bigarren mozio bat aurkeztu zuen, ezker abertzaleko sei hautesiek, EAko biek eta Aralarrekoak adostutakoa. Lehenengo eta behin, «herritarrek demokratikoki aukeratuak» izan direla nabarmendu zuen, eta «zilegitasun demokratiko» osoa dutela. Horren harira, «gobernu akordioa eta hartutako konpromsioak» berretsi egiten dituztela esan zuen, eta horiek «bide demokratiko eta baketsuetatik garatzeko konpromisoa» dutela azaldu.
Bestalde, Errazkinek «desberdinen arteko akordioak bilatu behar» direla zioen, «bai Azpeitian bai Euskal Herrian»: «Gatazka politikoari begira ere norabide horretan egin behar dugu lan, iritzi eta sufrimendu guztiak aintzat hartuz». Era berean, «gatazka kaleetatik atera eta modu elkarrizketatuan konpondu» behar dela zioen, «indarkeria guztiak desagertzea ahalbidetuko lukeen agertoki demokratiko bat eraikiz».
Puntu bakoitzari erantzuna
EAJko Eizmendik adierazpen horietako bakoitzarentzat izan zuen erantzuna. Udal Gobernuari Arrasateko PSE-EEko zinegotzi ohi Isaias Carrascoren hilketaz ezer ez esatea leporatu zion, eta «ETA politikoki eta etikoki» gaitzetsi behar dela esan zuen. Bestalde, «indarkeria guztiak desagertzea ahalbidetuko duen agertoki» hori iritsi bitartean ezin dela «ETA edo kale borroka arbuiatu gabe egon» adierazi zuen: «Udal Gobernuek, udalerri baten gidaritzan duten arduragatik, jarrera garbia izan behar dute giza eskubide guztien urraketen aurrean».
Udal Gobernuaren erantzuna
Eizmendiren hitzek Udal Gobernuaren erantzuna ekarri zuten. EAko zinegotzi Manuel Unanuek aurkeztutako mozioa «ez ANVrena, ez EArena, ez eta Aralarrena» ez zela argitu zuen: «Lortu duguna minimoen akordio bat da, eta bide hori jorratzen jarraituko dugu aurrerantzean ere». Gainera, Eizmendiri «bakea eta normalizazioa lortzeko bide jatorragoak» badaudela esan zion, mozioa aurkeztea baino. Aralarreko Juan Karlos Arellanok, berriz, esaldi bakarrean laburtu nahi izan zuen euren jarrera: «Eskubide guztiak guztientzat».
Ezker abertzalearen kasuan, Haizkurgi Uzin zinegotziak eta Xanet Esnaola alkateordeak hitz egin zuten. Azken honek «ikasgai etikorik» ez emateko eskatu zion Eizmendiri: «Indarkeria da, baita ere, poliziak Oreretan armak ateratzea, edo PSOEk irekita dituen haimaika fronteak ere indarkeria dira: tortutak, atxiloketak, kartzeleratzeak...». Ildo horretatik, «indarkeria adierazpen guztiak desagertuko diren agertokia» eraiki behar dela zioen, eta «salaketek eta gaitzespenek» ez dutela ezer konpontzen baieztatu zuen.
Herritarrek hitza hartu zuten
EAJk mozio «etiko» deitu duenak, etikaren inguruko eztabaida ekarri zuen atzetik. Ezker abertzaleko ziengotzi Arantxa Isartek duela 24 urte Pasaiako Sarraskia deitutakoan galdutako anaia izan zuen gogoan, eta EAJri «orduan agintean zeudenekin» [PSOEtaz] orain elkarlanean aritzea leporatu zien, eta ea gai horren inguruan kezka etikorik ez al zuten galdetu zien.
Ondoren, herritarrei hitz egiteko aukera eman zitzaien, eta argi gelditu zen bazutela zer esana. Besteak beste, Udalbiltza auzia-n auzipetutako Miren Odriozolak eskatu zuen hitza, eta Eizmediri hitz egin zion, zuzenean: «Duela 9 urte Euskal Herriak izan duen lehenengo instituzio nazionala sortu genuenean alderdi denok geunden han. Duela bost urte 13 lagunatxilotu zituzten, eta orain 22 lagun gaude auzipetuta, duela 9 urte lan politikoa egiteko hartu genuen konpromisoagatik. Julian, erantzuna nahi diat. Zer egiteko prest hago horren aurrean? Zer konpromiso hartzeko prest hago?».
Jarraian, Xabier Etxeberria euskal presoaren amak eskatu zuen hitza. EAJk eta PSOEk adostutako sabanaketa politikaren aurrean «moziorik aurkezteko asmorik» ba al duen galdetu zion EAJri, eta presoen giza eskubideen urraketaren aurrean zer egiteko prest dauden galdetu. Gainera, Eizmendiri «bi aurpegi» izatea leporatu zion, eta horrekin jada ez diela ziririk sartuko esan zion.
Gazte mugimenduko kide batek ere eskatu zuen hitza, eta tortuta salaketen aurrean, giza eskubideen urraketa gisa, zer jarrera hartzeko asmoa duten galdetu zien.
Eizmendik, bere aldetik, ez zituen galderok erantzun, eta bozkatzeko unea iritsi zen. EAJren mozioa bozkatu zuten, hasteko, eta EAJren zortzi ordezkarien aldeko botoak bakarrik jasota, onartu gabe gelditu zen. Ondoren Udal Gobernu taldeak aurkeztutakoa bozkatu zuen, eta honek ezker abertzalearen aldeko sei boto, EAren bi eta Aralarren bat jaso zituen; bederatzi boto, beraz, mozioa onartzeko nahikoa.
Herritarren babesa
Alderdi guztietako jarraitzaileak bete zuten atzo udalbatzar aretoa, eta udaletxea bera: EAJkoak (alkate ohi Joxe Mari Bastida tartean), EAkoak, Aralarrekoak eta, batik bat, ezker abertzaleko jarraitzaileak zeuden bertan. Jasotako babesa eskertzeko, ezker abertzaleko sei zinegotziak udaletxe azpiko arkupeetara jaitsi ziren, eta Errazkin han pilatutako jarraitzaileei zuzendu zitzaien.
Ezker abertzalearen aurkako «jazarpenak» jarraituko duela adierazi zuen, eta «ni edo beste norbait» kartzelara joan arren, lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi zuen. Txalo zaparrada galanta jaso zuten hitzok. Une horretantxe hasi ziren udaletxetik ateratzen EAJ zinegotziak eta jarraitzaileak, eta oihu artean hartu zituzten horiek han bildutakoek.
Iñaki errazkin ð- Azpeitiko alkatea
«Gatazkaren korapilo nagusiak daude guk adostutako mozioan»
Politika
Udalbatzarraren biharamunean «nekea» antzematen dela, baina «lanerako indarberrituta» daudela dio Iñaki Errazkin alkateak
nerea uranga
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Dantza
Bikote Gazteen Dantza Txapelketa
ZARAUTZ, Musika Plaza - 2008-09-05
Irteera
Parrokiara bisita gidatua
AZPEITIA, Parrokia - 2008-09-06
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.