
IX. Jazz Mintegiko gonbidatu berezia Alexis Cuadradoren laukotea izango da
Kultura
Mintegiko ikasleentzat izena emateko epea ireki dute jadanik eta zarauztarrentzat sei beka izango dira aurten
xabi aizpurua ugarte
Begirada Hego Amerikan jarrita antolatu dute uztailaren 17tik 20ra egingo den Nazioarteko IX. Jazz Mintegia, «jazz bizia, erritmikoa eta kolorezalea» ekarri nahian. Halaxe azaldu zuen Jazz Mintegiko zuzendari pedagogiko Iñaki Salvadorrek atzo Koldo Mitxelenan egin zuten aurkezpenean.
Mestizajea, jazzaren bidez lortzen den kultur aniztasuna eta Hego Amerikatik etorriko diren irakasleak izan zituen hizpide Salvadorrek, bere alboan Zarauzko Kultura zinegotzi Arantxa Iturria, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Kutxako ordezkari Haritz Sodupe eta Euskadiko Autore eta Argitaratzaileen Elkarteko Jose Lorenzo Urretabizkaia zituela.
Bestalde, atzo jakinarazi zuten zein izango den aurtengo gonbidatu berezia: Alexis Cuadrado Puzzles Quartet. Herrialde Katalanetatik duela 10 urte inguru joan zen Alexis Cuadrado New York aldera, eta bere inguruan sortutako laukoteak protagonismo berezia hartuko du Zarauzko Mintegian. Bakarlari ospetsu bat ekarri beharrean, talde baten aldeko apustua egin dutela zehaztu zuen Salvadorrek: «Proposamen artistiko bat ekartzea pentsatu genuen, urteetan ondo ibili den talde batek bizi izandako esperientziara gerturatu nahian».
Cuadradok eta bere taldekideek ikastaroak ematen jardungo dute, baina horrez gain, kontzertu batean beraien musikaz gozatzeko aukera ere izango da.
Mestizajea eta aukera zabala
Salvadorren hitzetan, jazzak aspaldi hartu zuen mestizajearen bidea eta beste estiloekin egindako elkarlan sakonaren ondorioz normalizatu dira latitn-jazz edo flamenko-jazz bezalako hitzak. «Euskal-jazza ere aipatzen dute batzuk, euskal kantuekin jazza egiten dutenei buruz hitz egitean». Orain arte, Zarauzko Mintegia batez ere Ipar Amerikara begira egon dela, eta aurrerantzean «mapan beheraxeago» dauden lurraldeei gehiago erreparatuko diela adierazi zuen Salvadorrek. Horren adieazgarri dira irakasten ariko diren Jose Reinoso piano-jotzaile uruguaiarra eta Guillermo Caliero tronpeta-jotzaile argentinarra.
Hastapenetan ari diren ikasleetatik hasi eta goi mailako jazz musikarietara, guzti-guztiek mintegian parte hartzeko aukera izango dutela zehaztu zuen Salvadorrek. Ikasleek izena emateko epea zabalduta dago jada eta ekainaren 20an itxiko dute. Nahi duenak informazio guztia www.kulturazarautz.com webgunean aurki dezake.
Bestalde, ikasle zarauztarrek aurten ere diru laguntza jasotzeko aukera izango dute, Udalak sei beka emango baitizkie herritarrei. Sanz Enean aurkeztu beharko dira eskaerak ekainaren 15a baino lehen.
Euskal Herriko jazz giroan
Arantxa Iturria Kultura zinegotziaren ustez, Mintegia «Euskal Herriko jazz giroan sartuta dago». Zarauzko kultur eskaintza «zabala eta anitza» dela irizten du Iturriak, baina oraindik «berrikuntzarako gaitasuna» baduela. Bere ustez Mintegia horren adibide da: «Berrikuntza moduan hasi genuen eta jada klasiko bat bihurtu da».
Uztailaren 17tik 20ra izango diren kontzertuen zerrenda erabat zehaztu gabe dago oraindik, baina euskal kantak lantzen dituen Mikel Anduezaren hirukotea eta Baiona inguruko Funky School Family taldea etorriko direla aurreratu zuten atzo.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Jaiak
San Isidro jaiak
AZPEITIA, Aratz errekan - 2008-05-15
Musika
Azkoitiko XVII. Udaberriko Musikaldia
AZKOITIA, Santa Kutz komentuko elizan - 2008-05-17
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.