
Ahozko ondarea jasotzeko akordioa sinatu du Udalak Badihardugu elkartearekin
Kultura
Adineko herritarrei egindako elkarrizketak digitalizatu eta 'www.ahotsak.com' webgunean jarriko dituzte
irene elorzA
Herriko ondarea jasotzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten, atzo, Azkoitiko Udalak eta Deba Ibarreko Badihardugu Euskara Elkarteak.
«Pozik etorri gara Azkoitira, gure proiekturako herri aproposa delako», azaldu zuen euskara elkarteko lehendakari Asier Sarasuak. «Hiztun asko eta onak ditugu, adinean aurrera doazenak eta egunero joaten zaigu altxor horietakoren bat», erantsi zuen Euskara zinegotzi Yolanda Larrañagak; «horregatik pentsatu dugu proiektuari lehenbailehen heltzea».
Iazko azaroan abiatu zen egitasmoa Azkoitian, eta ordutik, dozena bat inguru grabaketa egin ditu Badiharduguk. Azkoitiko auzoetan hitz egiten den euskara azpimarratu zuten elkarteko ordezkariek, «beste eskualdetako eragina jaso eta ñabardura ugari» duelako.
«20-25 elkarrizketa egin nahi ditugu Azkoitian», esan zuen elkarteko teknikari Aintzane Agirrebeñak. «Emakumeen eta gizonezkoen arteko oreka mantentzea nahi dugu, auzo guztietako hizlariak ere izan nahi ditugu, kaletarrak, baserritarrak...», gaineratu zuen.
Euskara baino gehiago
Ahozko ondarea jasotzea ez dela bakarrik hitz egiten den euskara jasotzea argitu zuen Asier Sarasuak. «Horrekin batera, herri bakoitzeko bizimodua, sineskerak, ohiturak, lanbideak, pasarteak eta ñabardurak ere bildu nahi ditugu», adierazi zuen.
Horretarako, adineko pertsonak aukeratzen ditu Badiharduguk. Haien bizipenak eta hizkera bideoz grabatutako elkarrizketa batean jaso eta digitalizatu egiten du elkarteak. Hala ere, aurretik edozein euskarritan egindako grabazioak ere bildu eta digitalizatzeko aukera ere zabalik dute. Beraz, herritarrei dei egin die dauzkaten grabazioak Azkoitiko Udaleko Euskara Sailean uzteko. Kopiak egin eta materiala bueltatuko dutela agindu dute arduradunek.
Zabaltzen doan egitasmoa
Badihardugu Euskara Elkarteak 2003an abiatu zuen Ahotsak proiektua. Deba bailarako ahozko ondarea jasotzen hasi ziren, baina pixkanaka Euskal Herri osora zabaldu zuten euren ikerketa lana.
Elkarteak Azkoitian grabatutako elkarrizketen zintak minutuz minutu kodifikatu eta laburtuko ditu eta horietan aurkitutako 150 pasarte interesgarrienak transkribatu egingo dituzte. Ondoren, www.ahotsak.com webgunean jarriko dituzte denen eskura.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Iņigo Manterolaren margolanak
ZARAUTZ, Kaia galeria - 2008-03-31
Erakusketa
Pintura eta argazkiak
ZARAUTZ, Wozzeck arte galeria - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.