
Bihar hasiko dira GR-16 Bertso Bideko saioak
Kultura
Eskualdeko bost talde ariko dira bertso eskolen ekimenean: Zestoa, Zumaia, Zarautz, Orio eta Azpeitia
nerea uranga
Ostiralean hasiko da GR-16 Bertso Bidea. Aurten berrikuntzekin dator bertso eskolen ekimena, iaz baino lau herri gehiagok parte hartuko baitute: Gasteiz, Hendaia, Oñati eta Zestoak. Beraz, eskualdeko bost bertso eskola ariko dira: Zestoaz gainera, Zumaia, Zarautz, Azpeitia eta Orio.
Euskal Herriko hainbat herritako bertsolariak eta bertsozaleak biltzea, plaza gutxi egiten dituzten bertsolariei aukera ematea eta herrietako bertso-eskoletara jende berria gerturatzea ditu helburu egitasmoak. Haritz Etxeberria Ministro bertsolariak dioenez, «egitasmoak hainbat herritako bertsolarioi elkarrekin jarduteko aukera ematen digu. Izan ere, askotan bertsolariok lagun berdinekin jarduten dugu bertsotan».
Zabaltzen joan den ekimena
Duela bost urte jarri zuten martxan proiektua. Orduan, Hernani, Oiartzun, Lasarte eta Orioko bertso-eskolek parte hartu zuten. Gero, Errenteriakoa gehitu zen, eta duela hiru urte Zarautzek, Lesakak eta Mallabik GR-8ra zabaldu zuten ekimena. Iaz, berriz, beste lau talde gehiago sartu ziren, eta GR-12a osatu zuten: Azpeitia, Goierri, Urretxu-Zumarraga eta Zumaia. Gainera, iaz finala eskualdeko bi taldek jokatu zuten: Zarautzek eta Zumaiak. Txapela zarauztarrek eskuratu zuten azkenean.
Aurtengoari dagokionez, 16 taldeak lau multzotan banatuta ariko dira; multzoak zozketa bidez erabaki dituzte. Orio A Multzoan dago, Orereta, Zumarraga-Urretxu eta Lesakarekin batera. Zumaia D multzoan; Mallabia, Oñati eta Gasteizekin. E multzoan, berriz, eskualdeko hiru talde egokitu dira Lasarte-Oriarekin: Zarautz, Azpeitia eta Zestoa. Zumaiakoak hurrengo astean hasiko dira saioekin, Gasteizekin. Multzoan ez dute eskualdeko talderik, baina gustura daude; hala dio Unai Gijarrok: «Polita da beste herri batzuekin ere aritzea».
Udazkenera bitartean, asteburuz asteburu eta herriz herri txapelketako jaialdiren bat antolatuko dute. «Talde bereko lau herriek beren artean joan-etorriko saioak jokatuko dituzte uztailera bitartean: guztira herri bakoitzak sei saio», azaldu du Nahikari Gabilondo bertsolariak. Gero, multzo bakoitzean puntu gehien lortu dituen herria finalerdietarako sailkatuko da, eta iraila edo urrian fi jokatuko dituzte horiek. Azaroan, berriz, finala izango da.
Entzulea epaile
Aurreko urteetan bezala, aurten ere entzulea izango da epaile Bertso Bideko saioetan. Bertsolarien egitekoa bukatu ondoren, entzuleek boto bidez erabakiko dute zein talde den saioko irabazlea. Iaz, zumaiarrek giro eta talde polita zuten osatuta, eta zaleek taldearen saioak jarraitu zituzten batetik bestera, finalera arte: «Talde polita genuen osatuta eta horrek saioetan pixka bat laguntzen zuen», dio Gijarrok.
gr-16 bertso bidea
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Dantza
Dantzari Txiki Eguna
AZPEITIA, Herrian - 2008-10-12
Hitzaldia
'Erosketa zentzuduna lortzeko gakoak'
AZKOITIA, Kultur Etxean - 2008-10-14
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.