
Astelehenean zabalduko dute Arrangoletako haur eskola berria
Zumaia
Datorren ikasturterako matrikulazio epea hilaren 19tik 30era zabalduko dutela iragarri dute udal ordezkariek
aritz mutiozabal
Arrangoletako haur eskolako lanak bukatzear daude, azken xehetasunak baino ez baitira falta. Egunotan horretan ari dira buru-belarri langileak; izan ere, datorren astelehenean zabalduko dituzte bertako ateak. Horren harira, Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak eta Hezkuntza zinegotzi Nerea Epeldek eraikin berriaren inguruko azalpenak eman zituzten atzo goizean, haur eskolan bertan egindako agerraldian.
Herritarren eskariak
Lehendik zegoen Eskola Txikia haur eskola txiki gelditu zenez eta, nolabait, herritar askoren eskariari erantzunez, egoerari berehalako konpobide bat bilatzea erabaki zuten, alkatearen esanetan: «Jaurlaritzarekin hainbat bilera egin ondoren, halako moduluak jartzea haur eskola handitzeko modu azkarra eta egokia izan zitekela ondorioztatu genuen».
Haur eskola berriaren inguruan, «herritar batzuk kezkatuta agertu dira; beste batzuei ez zaie ideia gustatu; batek edo bestek barrakoi gisa izendatu ditu... Horren aurrean, herritarrak eraikin berria bisitatzera gonbidatzen ditut, egunotan egingo diren ate irekien jardunaldietan. Izan ere, ziur nago bisitaldia egin eta gero, iritziz aldatuko dutela».
29 haurrentzako tokia
Haur eskolak haurrentzako bi gela ditu: bata, 0-1 urtekoentzat, 16 haurrentzako tokiarekin, eta bestea, 0-1 urtekoentzat, 13 lagunentzakoa. Beraz, eraikin berriak 29 haurrentzako tokia izango du. Gisa horretan, «29 horiekin eta Eskola Txikiak egun duen 21 haurrentzako tokiarekin herritarren eskaera asetzen» dutela uste du Nerea Epeldek. Edonola ere, haur eskola 5 haurrekin hasiko da astelehenean (hiru 0-1 urtekoen gelan eta bi 1-2 urtekoen gelan); eta uztailean, beste 5 hartuko dituzte.
Kanpoaldean, berriz, parkea inguratzen duen itxitura bat jarri dute, hesi koloredunez osatua. Haur eskolaren ordutegitik kanpo, ordea, parkeak erabilera publikoa izango du eta denentzat irekita egongo da. Bide batez, Eskola Txikian ere antzeko itxitura bat jarriko dutela jakinarazi zuen Hezkuntza zinegotziak.
Bestalde, datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina hilaren 19tik 30era izango dela jakinarazi dute udal ordezkariek.
Behin betikoa, Ardantzabiden
Ardantzabiden eraikintzen ari diren etxebitzetan, Udala behe solairu batzuetan behin betiko haur eskola egokitzeko ideia aztertzen ari dela aurreratu zuen alkateak: «Jakin badakigu Eusko Jaurlaritzak zer-nolako baldintzak jartzen dituen. Horrenbestez, horiek kontuan izanda, agian aipatutako zonaldean jarri dezakegu haur eskola; plazatxo bat edukiko duelako eta halako zerbitzua emateko toki egokia iruditzen zaigulako».
ate irekiak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Santa Maria la Real arkeologia multzoa
ZARAUTZ, Arte eta Historia Museoa - 2008-03-31
Irteera
Parrokiara bisita gidatua
AZPEITIA, Parrokia - 2008-08-22
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.