
Zarautz Kantuan ekimena larunbatean abiatuko da
Kultura
Hileko bigarren larunbatetan izango da hitzordua eta herritarrak kantuan jarduteko biltzea da helburua
xabi aizpurua ugarte
Larunbat honetatik aurrera, herritar guzti-guztiei irekitako kantu saioak egiten hasiko dira Alde Zaharreko kaleetan zehar. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ez da ahots onik behar parte hartzeko eta abestuko diren kantuak ezagunak izango dira. Zarautz Kantuan izenarekin bataiatu dute beste herri batzuetan Kantu Jira moduan ezagutzen dena, eta aurrerantzean hilero bigarren larunbatean elkartuko dira kaleak kantu-giroz alaitzeko asmoz.
Ekimena herenegun aurkeztu zuten Villa Munda musika eskolan eta bertan eman zituzten xehetasunak. Miren Fernandez abeslariak azaldu zuenez, «beste herrietako kantu saioak ikusita, Zarauzko hainbat jendek gogoa zeukan halako zerbait egiteko eta gogo hori helarazi die herriko musikari batzuei eta Kultura Sailari. Guztion artean jarri dugu martxan eta dei egin nahi diegu adin eta ideologia ezberdinetako herritarrei abestera etorri daitezen».
Kantutegia eskura
Jendeak parte hartzeko lotsarik izan ez dezan erraztasunak jartzen saiatu dira antolatzaileak. Helburu horrekin prestatu dituzte kantu liburuxkak, saioak gutxi gorabehera iraungo duen bi orduetan abestuko dituzten kantuen letrekin. Liburuxka hauek abestera joaten direnei banatuko dizkiete. Abestien zerrendan Agur Xiberua eta Aita-semeak bezalako abesti klasikoak daude, baina baita Lau teilatu edo Zure begiek ekarriko dituzten doinu berriagoak ere.
Lege Zaharren enparantzan bilduko dira abeslariak eta handik Barren Plaza, azoka berriaren ingurua, geltokia, eta Euskalduna, Eguzki nahiz Jaitxiki tabernak pasatuko dituzte, Musika Plazara iritsi arte.
Udaleko Kultura Sailak laguntza emango dio Zarautz Kantuan ekimenari kantutegien kopiak ateratzerakoan edo abeslariei lagunduko dieten musikariak koordinatzerakoan.
Antolatzaileek ekimenari eman nahi dioten zabaltasunaren erakusgarri, aurkezpenean izan ziren musika munduan ezagunak diren Bixente Martinez, Antxon Sarasua, Xabier Zabala eta Mertxe Isasti. Bestalde, herriko abesbatzen ordezkariza ere bildu zen aurkezpenera.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Ander Hormazuriren erakusketa
ZUMAIA, Oxfor aretoan - 2008-09-05
Irteera
Parrokiara bisita gidatua
AZPEITIA, Parrokia - 2008-09-06
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.