Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2008ko uztailak 20, Igandea

Harpidetu zaitez!

Elvis Presleyren bertsioak egiten dituen musika taldea da Elvisavuelo eta orain, kontzertu batzuk emateko asmoarekin, taldea ezagutzera emateko euren abestietako bat grabatu dute.

Elvis gogoan, Elvisavuelo

nerea uranga

2006ko udazkenean, Elvis Presley zenaren zale amorratua den Angel Azkue azpeitiarrak Azpeitiko eta Azkoitiko musikari batzuk bildu zituen «Jon Alberdiren laguntzarekin», bere «ilusiorik handienetako bat» aurrera eramateko: «Elvisen abestien bertsioak abestea jendaurrean». Abesti batzuk prestatu, entseatu, eta lehen kontzertua Loiolako Xanadu kafetegian eman zuten orain dela bi urte. Hala, etxean bere kasa Elvisen abestiak abesten jardutetik oholtza gainera igo zen Azkue, Elvisavuelo taldeko abeslari bezala.

«Xanaduko kontzertuak lehena eta azkena izan behar zuen berez: entseatu, jo, eta oroigarri bezala maketa bat grabatzea zen gure asmo bakarra». Baina lehen kontzertuak arrakasta izan zuen, eta beste kontzertu batzuk jotzeko aukera sortu zitzaion Elvisavuelori. Orain arte kontzertuetan «kritika onak» jaso dituzte, gainera: «Kontzertuetara etorri den jendeari gustatu zaio egiten duguna; orain, hemendik aurrera, ikusi egin behar zer esaten dute,n ordea». Orain, taldea ezagutarazteko grabazio berri bat egin dute eta, ondorioz. taldea handitu egin da. «Grabazioa egiteko kide berriak sartu dira taldean, eta orain zazpi lagunek osatzen dugu Elvisavuelo».

Elvisen zaletu amorratuak

Elvis Presley zenaren «zale amorratua» da Angel Azkue, baina taldean beste zaletu bat ere bada orain: «Gurekin Iñaki Miguel donostiarra hasi da jotzen eta hau ere Elvisen zaletu-zaletua da». Elvisavuelok Elvis Presleyren bertsioak bakarrik abesten ditu.

Elvisek gauza asko dituela dio Azkuek; «ahotsa», besteak beste. «Niretzako, Elvis Presleyren bizitzan hiru garai daude: hasierakoa, erdikoa eta bukaerakoa. Garai bakoitzean ahots bat du, desberdina. Niretzako azkeneko garaia izan zuen onena: orkestrarekin eta izugarrizko ahotsarekin... Bigarren garaia ere gustukoa dut: filmetako baladak, kantuak...oso-oso politak dira horiek ere». Gustukoen dituen kantuak, «bakarren batzuk esatearren», If I can dream eta Suspicious Minds direla dio.

Azkue, Elvisen arrastoen atzetik Menphis-en (Amerikako Estatu Batuak) ere izana da: Graceland Elvis zenaren etxea bisitatzera joan zen ezkon-bidaian. «Amets bat bete nuen orduan, eta orain Las Vegas-era (AEB) joatea falta zait beste bat betetzeko».

Esperientzia berria

Elvisavueloko kide gehienentzako ez da berria jendaurrean kontzertuak jotzea edota musika talde batean aritzea. Gehienak hainbat taldetan ibilitakoak edota dabiltzanak baitira: Jotakie, Piztiak, 12 Tribu, Fundiziyue, Os Gallardos, Estruktura... Baina abeslariarentzako, Angel Azkuerentzako, jendaurrean abestea berria izan da, «lehen bakar-bakarrik etxean, lanean, nire ezkontza egunean... jarduten nuelako kantuan». Baina gustatu zaio jendaurrean aritze hori: «Niretzako esperientzia mundiala izan da, batzuetan esaten diot nire buruari: 'baina non sartu naiz'. Baina, bai, esperientzia ona izaten ari da».

Gainera, jendaurrera itxuraz aldatuta irteten dira, «girotzeko pixka bat». Elvis Presley zenaren antzera jantzita eta, «orrazkerak-eta Kimetz ileapaindegikoek egiten dizkigute».

Grabazio berria

Maketa bat grabatu dute orain taldea ezagutzera emateko: «Nahiko ondo irten da grabazioa eta taldekideak animatu egin dira eta orain jarraitzekotan gaude», dio Azkuek. Baina diskoa ez dute merkaturatuko: «Disko bat ateratzeko, eta gauzak ondo egiteko, egile eskubideak ordaindu beharko genituzke. Gure asmoa 11 kantu grabatzea zen, baina bostek akatsak zituzten, eta taldea promozionatze aldera sei bat kantutan utzi dugu grabazioa».

Grabazioa Josu Zubizarretak egin du, bere estudioan: Azpeitiko Lobo estudioan, hain zuzen ere. Zubizarreta Elvisavueloko kidea ere bada eta, honen esanetan, grabatzerakoan lanak zaildu egin dituzte: «Nik eta Pello Larrañagak kontua zailagoa egin dugu grabazioa egiterako orduan: teklatua jotzeko eta gitarra jotzeko beste bi lagun hartu ditugu talderako, horrela grabatuta soinu hobea zuelako. Gure asmoa, grabazioan entzuten den hori zuzenekoan ere hala izatea da», dio Zubizarretak. «Grabatutakoa kontzertuak antolatzen dituztenei bidaltzeko da, taldeak zer egiten duen ezagutu dezaten».

Zubizarretak dioenez, Elvisavuelon aritzea «berezia» da, «nire asmoa inoiz ez da izan bertsioak egitea, baina taldean giro oso dago gure artean eta kontzertuak jotzeko gogoz gaude». Bi hitzordu behintzat zehaztuta dituzte Elvisavuelokoek: hilaren 31n Azkoitian eta ekainaren 7an Azpeitian, Sanjuandegi auzoko festetan. «Zehaztu gabeko beste batzuk ere badira baina...», dio Zubizarretak.

 

elvisavuelo taldea



Taldea:

Elvisavuelo taldeak zazpi kide ditu: Angel Azkue, Josu Zubizarreta, Pello Larrañaga, Jagoba Domingo, Josu Azkue, Iñaki Miguel eta Karmele Gorostiaga.

Sorrera: 2006ko udazkena.

Lehen kontzertua: Loiolako (Azpeitia) Xanadu kafetegian, 2006an.

Entseatzeko tokia: Urrestillako musika taldeen lokaletan entseatzen dute.

Hurrengo kontzertuak:

Maiatzak 31, larunbata. Azkoitiko plazan joko dute, 22:30ean.

Ekainak 7. Azpeitian, Sanjuandegin joko dute, auzoko festen baitan.

Interneten:

Musika taldearen helbidea: www.myspace.com/elvisavuelo

Interneten entzuteko moduan jarri dituzten abestiak: Burning love, I've got a woman, I can´t help falling in love eta Suspicious minds.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa