
Codeam taldeko neskak aise nagusitu dira taldeka Senpereko Triatloian
Zarautz
Bakarkakoan Ainhoa Muruak irabazi zuen, sprint modalitatean, eta Jon Unanue 3. izan zen, modalitate olinpikoan
aritz mutiozabal
Codeam Zarauzko Triatloi Elkarteko emakumezkoek erakustaldi bikaina eman zuten joan den asteburuan Senpereko Triatloian: alde batetik, Miren Casado, Irati Etxaburu eta Nerea Mujika hirukoak taldeka irabazi zuen erlojupekoan; bestetik, sprint modalitatean, Ainhoa Muruak beste horrenbeste egin zuen.
Taldekako proba larunbat arratsaldean jokatu zuten, eguzki galdatan, beroa jaun eta jabe zela. Erlojupeko proba izanik, talde parte-hartzaile bakoitzak txandaka egin zuen irteera; lehenengo gizonezkoak eta ondoren, emakumezkoak. Zarauzkoa triatloilariak 15:10 aldean ekin zioten probari, igerian. Senpereko lakuko joan-etorrian aurretik atera ziren hainbat talderi aurrea hartu eta, jarraian, bizikletak hartu zituzten.
Lekeitiarrak miran
Une horretan, uretatik irteterakoan, Lekeitioko Garraitz elkarteko taldea aurretik zuten zarauztarrek. Lekeitiarrak erlojupekoari minutu batzuk lehenago ekin zioten arren, zarauztarren helburua horiei aurrea hartzea zen. Hala ere, korrikako saioa iritsi arte ez zuten lortu. Nahiz eta bizikletan aldea murriztu zuten, lekeitiarrak baino ia minutu bat geroago iritsi ziren boxex eremura.
Bizikleta utzi eta oinetako aproposak jantzi ondoren, ziztu bizian atera zen lasterka hirukoa. Azkeneko saio horretan bi itzuli eman zizkioten lakua inguratzen duen ibilbideari. Erritmo polita jarri zuen taldeak hasieratik bukaerara, eta lehenengo itzulirako jada Lekeitioko neskak atzean utzi zituzten; bizkaitarrek arazotxoren bat izan zuten eta ezin izan zuten behar bezala lasterka egin.
Bigarren itzulia lasterketa buruan bukatu zuten Casadok, Etxaburuk eta Mujikak, proba 01:09:27 denboran osatuz. Emakumezkoen artean helmuga zeharkatu zuten lehenak izanagatik, proba irabazi zuten ala ez jakiteko atzetik irten ziren taldeek zer-nolako marka egiten zuten zain geratu behar izan zuten. Edonola ere, egindako ahaleginarekin gustura zeuden; izan ere, taldeko batzuentzat urteko lehen triatloi proba zen joan den larunbatekoa.
Sailkapen ofizialak, bien bitartean, taldearen susmoa berretsi zuen: Codeameko neskek aise irabazi zuten Senpereko Triatloia; bigarren sailkatu zen US Bergerac taldeari 2 minutu eta erdi inguruko aldea atera zioten eta hirugarren izan zen TDR taldeari, berriz, 3 minutu eta erdikoa. Lekeitioko Garraitz taldeak, azkenean, bosgarren amaitu zuen.
Murua eta Unanue, podiumean
Igandean, sprint modalitateko eta modalitate olinpikoko bakarkako triatloi probak jokatu ziren. Sprintean, Ainhoa Murua erraz nagusitu zen, 58:46 denborarekin. Antza denez, entrenamendu gisa osatu zuen proba.
Olinpikoan, Zarauzko, Zumaiako eta Azkoitiko taldetako makina bat lagunek parte hartu zuen. SVC-Seguridad taldeko Jon Unanue zarauztarra hirugarren iritsi zen helmugara, 02:06: 29 marka eginez. Bestalde, Jose Manuel Martinez (31.), Unai Gastañares (51.), Pedro Luengo (62.), Jose Antonio Circujano (66.), Joseba Iriondo (78.) eta Zigor Saizar (98.) lehen ehun triatloilarien artean sailkatu ziren.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
'Gure inguruko basoak: zein egoeratan daude?'
ZARAUTZ, Arkamurka natur taldearen egoitzan (Santa Marina 2,2) - 2008-10-16
Zinema
'Buda explotó por vergüenza'
AZKOITIA, Baztartxo - 2008-10-17
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.