
Tratu txarren biktimentzako telefono zerbitzua hitzaldi batean aurkeztuko dute gaur
Gizartea
Eusko Jaurlaritzak jarritako zerbitzuari buruz ariko da Teresa Agirre, Antoniano aretoan, 19:00etan
xabi aizpurua ugarte
«Emakume askok etxeko lau hormen artean jasaten dituzte tratu txarrak eta isiltasunaren hesia gainditzen lagundu nahi diegu». Esaldi horrekin aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako ordezkari Josu Gagok tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei laguntzeko telefono bidezko zerbitzua. Herenegun eman zuten prentsaurrekoa Gagok, Gizartekintzako zinegotzi Maribel Albizuk, Berdintasuneko zinegotzi Mariana Aranburuk eta inmigrazio teknikari Julen Arangurenek. Hirurek azpimarratu zuten zerbitzuaren garrantzia eta herritarrak gaur egingo den aurkezpenera gonbidatu zituzten. Antoniano aretoan hitzaldia izango da 19:00etan eta zerbitzuaren koordinatzaile Teresa Agirre ariko da zehaztasunak ematen.
Gagok adierazi zuenez, telefono bidezko zerbitzu honek hiru helburu nagusi ditu. Batetik, biktimak diren emakumeei emozio aldetik lagundu nahi diete, dituzten baliabide publikoei buruzko informazioa emanez eta noraezean daudenak orientatuz. Bestetik, tratu txarrei buruzko kezka edo galderak dituzten herritarrei nola jokatu dezaketen azaltzen diete, «inguruko bizilagunetatik ere hasi daitekeelako lanean, isiltasun hori hautsiz». Azkenik, biltzen dituzten datuekin errealitatearen «ikuspegi txiki» bat lortu nahi dute, ondoren informazioa zabaltzeko.
Duela bi urte jarri zuten martxan telefono zerbitzua eta EAEko herritarrei zuzenduta dago. Orain dela bi hilabete, bereziki emakume etorkinengan eragin nahian, kanpaina berri bat abiarazi zuten, eta telefono zerbitzua zortzi hizkuntzatan ematen hasi ziren, «inork oztoporik izan ez dezan deitzeko eta komunikatzeko».
900 840111 zenbakira deika
Josu Gago arduradunak emandako datuen arabera, 900 840111 zenbakian Zarauztik 4 dei jaso zituzten 2006an; iaz zarauztarren 39 dei izan zituzten, eta aurten, 12 jaso dituzte dagoeneko. EAEko datu orokorrei dagokienez, 2006an 1.200 dei izan zituzten guztira eta iaz 1.800.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Pintura eta argazkiak
ZARAUTZ, Wozzeck arte galeria - 2008-03-31
Irteera
Parrokiara bisita gidatua
AZPEITIA, Parrokia - 2008-08-30
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.