
'Agur y Tal' ontziak irabazi du IX. La Gaviota estropada
Getaria
20 segundoko aldea atera zion aurreko bi urteetan garaile izan den Rikardo Peña zumaiarraren 'Ausart' belaontziari
Aritz mutiozabal
IX. La Gaviota bela estropada irabazteko faborito nagusia azken bi urteetan garaile izan den Ausart ontzia bazen ere, Agur y Tal izan da azkenean aurtengo txapelduna. Lasterketa «lehiakorra» izan zen hasieratik bukaera arte. Izan ere, 10 ordu eta erdiz korrenteak nahiz haize boladak kontrolatuz nabigatzen aritu ondoren, 20 segundoko alde eskasarekin irabazi zion Pablo Borderen ontziak Rikardo Peña zumaiarraren Ausart-i.
Getariako Kostabela elkarteko kidea da Pablo Borde patroia, nahiz eta jaiotzez bilbotarra izan eta egun Donostian bizi den. Iaz bigarren postuan sailkatu zen estropada honetan, baina aurtengoan ez du amore eman nahi izan: «Rikardo Peñak proba irabazten bazuen, Elkanoren oroigarria bereganatuko zuen (hiru urtez jarraian edo bost aldiz txandaka irabazi behar da oroigarriaren jabe egiteko). Beraz, gainerako parte-hartzaile guztiak bere bila joan gara, eta helburua bete dugu».
Bi ontziak parez pare
Ontzi gehienek ez bezala, itsasertzetik nahiko gertu nabigatzeko erabakia hartu zutela azaldu du estropadako patroi irabazleak eta, nolabait, «garaipenaren gakoa» hori izan dela nabamendu du. Estropadako unerik gogorrenak, berriz, bukaerako bi orduak izan omen ziren: «Ausart eta biok parez pare joan ginen azken txanpan. Lehiakidearen ontzia gurea baino handiagoa eta azkarragoa da, eta jazartzen aritu zitzaidan uneoro. Hala eta guztiz ere, ateratzen zigun mila bateko aldeari eutsi, eta oso gutxigatik bada ere, mendean hartu genuen».
Gainera, «nabigazioan kontuan hartu behar da edozein hutsegiterekin 10 minutu galtzeko arriskua izan dezakezula. Beraz, 20 segundoko aldea ez da ezer ere lasterketa hauetan. Garaipena ozta-ozta lortu dugu, bai», dio Bordek.
Antolatzaileak gustura
Iaz bezalaxe, ia 30 belaontzik hartu dute parte aurtengo proban. Hauek 12:00ak aldean itsasoratu ziren larunbatean eta Getariako portutik Bermeoko La Gaviota plataformarantz abiatu ziren. Ibilbidea osatu zuten lehen ontziak 22:25ak aldean itzuli ziren Getariara; azkena, berriz, 05:30ak pasata. Antolatzaileak gustura geratu dira aurtengo estropadarekin: «Eguraldi ederra egin zigun. Haizea berezi samar aritu zen eta, ondorioz, gogorra bezain ikusgarria izan zen».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Zinema
'Horton' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2008-10-10
Musika
Michael Eckerle organo-jotzailea
AZPEITIA, Loiolako basilika - 2008-10-12
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.