Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2008ko abuztuak 8, Ostirala

Harpidetu zaitez!

angel illarramendi ð- Musikagilea

«Notak idazten noan heinean, badakit orkestrak nola joko duen»

Kultura

Musikagile zarauztarra geldirik geratzen ez den horietakoa da; horren adibide da Varsoviako orkestrarekin eginiko sinfonia berria

Aritz Mutiozabal-Xabi Aizpurua

Makina bat filmetako kredituetan Angel Illarramendiren (Zarautz, 1958) izena irakur daiteke, ekoizpeneko soinu bandaren arduradun gisa. Oraingoan, zinema alboratu gabe, Zazpigarren Sinfonia argitaratu berri du diskoan.

Aurreko sinfoniatik berri honetara 10 urte pasatu da. Sinfonia bat konposatzeak horrenbesteko denbora eskatzen al du?

Seigarren Sinfonia egin nuenetik denbora pixka bat pasatu da, bai. Tartean, ordea, beste hainbat proiektu izan ditut esku artean: kontzertu bat, kamerako opera lana, hainbat filmetako soinu banda... Egia esan, aspertzeko denborarik ez dut izan!

Eta halako sinfonia batean lanean hasterakoan, nondik sortzen zaizu lehendabiziko txinparta?

Batzuetan, pianoan endredatzen hasten naiz eta ideia txukun bat bururatzen baldin bazait, partituretan idazten dut. Beste batzuetan, berriz, ideia zehatz bat bila aritzen naiz. Nolanahi izanda ere, konposizioaren ideia nagusiarekin topo egiten duzunean, gainerako lana errazagoa izaten da eta zatiak lantzen eta osatzen hasten zara.

Abiapuntu horretan zaudenean, nola jakiten duzu konposatzen ari zaren hori sinfonia bat den ala beste zerbait den?

Konposizioak berak bere bidea hartzen du normalean. Sinfonia, esaterako, eguneroko edo diario moduko bat da. Argitaratu berri dudan honekin, guztira zazpi sinfonia egin ditut eta bakoitzak bere bizitza propioa du. Bakoitza sasoi jakin batean egina dago, gainera. Sinfonia musikako forma libreena da. Aitzitik, film bati musika jarri behar diozunean, istorioaren argumentua kontuan hartu behar duzu. Baina sinfoniak edozer egiteko aukera ematen dizu, musika hutsa baita.

Zazpigarren Sinfonia egiterakoan, zure bizitzaren zein unetan harrapatu zaitu?

Sinfonia haur bat bezalakoa da. Konposizioari ekiten diozunean bere atzetik zabiltza uneoro. Haurra gurasoek zaintzen dute, baina haurrak bizitza propioa du eta pixkanaka hazten doa. Sinfoniek antzera jokatzen dute: badakizu noiz hasten zaren lanean, baina ez dakizu noiz eta nola bukatuko duzun. Alde horretatik, Zazpigarren Sinfonia, gainerakok bezalaxe, ezuste bat izan da. Izan ere, nire lanik espiritualena da, baina, era berean, ukitu apokaliptiko bat duela ere esango nuke. Hala ere, oso zaila egiten zait nire lanak zertan datzaten azaltzea. Hitzekin ezin duzu azaldu musikarekin azaldu dezakezuna. XVIII. mendeko filosofoek esaten zuten bezala, musika arimaren hizkera da.

Sinfonia bat egiten nola hasten den azaldu duzu, baina nola dakizu noiz bukatzen den?

Sinfoniak berak esaten dizu gutxi gorabehera noiz iritsi den bukaerara. Konposizioa zahartzen doala sumatzen duzu, bere bidea egin duela, baina askotan ez da gauza erraza izaten lanari bukaera ematea. Ondorioz, hiruzpalau bukaera ezberdin egiten ditut eta, azkenean, sinpleena aukeratzen dut. Bukatu beharra dagoenez, heriotzik naturalena aukeratzen dut.

Halako konposizio batean musika tresna ugari erabiltzen dira. Konplexua al da denak batera jota nola entzungo den irudikatzea?

Hori guztia heziketa kontua da! Konposizioaren ibilbidea munduko ibilbiderik luzeena da: solfeoarekin entzumena lantzen hasten zara eta urtetik urtera prozesu hori areagotzen joaten da. Notak idazten noan heinean, musika entzuten joaten naiz nire barruan: badakit orkestrak nola joko duen hori. Gainera, grabatzerakoan ezuste gutxi izaten dut, soinu bandetan aritzea oinarri ona izan baita niretzat.

Konposatzerakoan ordenagailurik erabiltzen al duzu?

Nire lan tresnak arkatza, borragoma eta pianoa izaten dira. Gaur egun ordenagailua asko erabiltzen da, bai, baina nik ez diot aparteko abaintailarik topatzen. Zineman ia %100ek ordenagailu erabiltzen dute, bada, irudiak ikusiz musika sartzeko eta sinkronizatzeko. Ni, ordea, beste molde batekoa naiz: DVDa jarri eta partitura jarraitzen dut, hain zuzen ere.

Musika sinfonikoak esperimentazioaren bidea jarraitu duela eta ez duela emaitza onik eman aipatu zenuen diskoaren aurkezpenean.

XX. mendea oso berezia izan zen. Teknologia aldetik oso aberatsa izan zen eta mikrofoniak espresatzeko beste bide bat ekarri zuen arte mundura. Musikan, esaterako, genero asko sortu ziren. Musika sinfonikoan, musikagile asko aritu ziren esperimentatzen, eta hori oso ondo dagoen arren, lan asko bere horretan geratu ziren, jendea aspertu zutelako. Nik eragin horiek guztiak nire egin ditut, baina orain jakin badakit zer egin behar dudan eta zer ez. Musikak intelektualizazio gehiegi jasan du, eta musikak bere arkitektura behar du, bere matemakatika. Nire nahia aspertu zen entzule hori berreskuratzea da.

Horregatik itzuli al zara sinfoniaren molde tradizionaletara?

Bai, garai hartan musikaren lengoaia apurtu egin baitzen. Artean esperimentatu egin behar da, baina hizkera galdu gabe. Arte guztiak kaos batetik jaiotzen dira, baina artistak kaos hori bideratzeko lengoaia bat erabili behar du, jendeak hori ulertu nahiz onartu dezan. Artistak berak helburu hori lortzen ez badu, kaosean geratzen da.

Eta zu zer moduz moldatzen zara kaos horretatik bidea topatzeko?

Niretzat garrantzitsuena haizea bezala izatea da. Haizea librea da eta edozein tokitan dago. Haizeak ez du ezer bilatzen, hor dago besterik gabe, eta nik horixe nahi dut. Ezereza dagoen horretatik zerbait espresatzea; hau da, bertsolariek bezala, etorria edukitzea.

Varsoviako Orkestra Filarmonikarekin eta abesbatzarekin grabatu duzu aurkeztu berri duzun sinfonia. Nola sortu zen beraiekin lan egiteo aukera?

Varsovian (Polonia) hainbat lan grabatu nuen aurretik, eta hango orkestra eta abesbatza ezagutzen nituen lehendik ere. Azken finean, halaxe sortu zen beraiekin lan egiteko aukera. Gainera, banekien oso orkestra berezia bezain ona zela, baita abesbatza bera ere. Urrian izan ginen bertan eta bertako antzoki nazionalean grabatu genuen.

Hara bidaiatu aurretik bidali al zenien partiturarik?

Normalean materiala aldez aurretik bidaltzen dut, baina ez askoz lehenago, hango musikariek eskarmentu handia baitute grabazio kontuetan. Orduan, soinu teknikari on bat behar duzu dena ongi jasotzeko. Edonola ere, sinfonia osoa ez da hasieratik bukaeraino grabatzen, zatika baizik. Lanaren zati bat hartu eta entsegu txiki bat egin ondoren, grabatu egiten da. Eta horrela, sinfonia osatu arte.

Gustura geratu al zara?

Bai, oso gustura geratu naiz. Gauza bat da nire musika gustatzea edo ez gustatzea, eta bestea, ekoizpenaren kalitatea. Kasu honetan, itzela izan dela esan behar dut.

Musikagile bezala, zer nolako oihartzuna duzu nazioartean? Ba al dute zure ibilbidearen berri?

Egia esan, ezagunagoa naiz zinemako musikagile moduan. Baina ni musikagilea naiz eta gauza ezberdinak eginez gozatzen dut. Zinemak denbora asko eskatzen didan arren, niri betidanik gustatu izan zait musika sinfonikoa. Agian orain arte ez naiz gehiegi arduratu egindako lanak jendaurrean aurkezteaz. Oraingoan, Zazpigarren Sinfonia-rekin, hori lantzen ari naiz.

Eta noiz estreinatuko duzu?

Pentsatzen ari naiz zein orkestrarekin eta non estreinatu. Euskal Herrian eta Madrilenestreinatzea gustatuko litzaidake, bietan. Edonola ere, horri irteera ematea oso zaila da; izan ere, pieza bat estreinatzea gauza bat da eta beste bat, zirkuituaren barruan sartzea. Lan berriak nekez sartzen dira orkestren programetan.

Zinemako musikara jauzi eginez, duela gutxi estreinatu da Todos estamos invitados filma, zuk eginiko soinu bandarekin.

Bai, hori izan da azken filma. Manuel Gutierrez Aragon zuzendariak deitu zidan lanerako, eta arazoz betetako filma zenez, ia-ia dokumental baterako izan daitekeen musika landu nuen, oso soila. Fikzioak edo marrazki bizidunek musikan ere fantasia sartzeko bidea irekitzen dute, baina gatazka politikoa azaltzen denez, musikak ere serioagoa behar du; lehorragoa, nolabait esateko. Gutierrez Aragon bera hemen izan zen muntaia egiten, baina amaitu genuenean prodikzio-etxeko arduradunak nire musika gehiago nahi zuela esan zidan. Nire disko bateko beste abesti bat sartzeko baimena eman nien, baina azken emaitza DVDan bidaltzeko eskatu nien, nik ikus nezan. Ez didate bidali oraindik, eta filma ez dudanez ikusi, ez dakit nola geldituko zen. Gai hauetaz asko dakien kritikari batek esan zidan azken mementoan sartutako abesti hori oso ondo gelditzen zela; horrek lasaitu handia eman zidan.

Film baterako musika egiterakoan, zeintzuk dira eman beharreko pausoak?

Filmarekin dugun lehenbiziko kontaktua gidoiaren bidez izaten da, hor ikusten da pixka bat zer mundutan sartuko garen, zer girotan. Dena den, gidoiarekin ezin da gauza gehiegi argitu, tempoa eta erritmoa ez baitira sumatzen. Komenigarria izaten da kopioiaren zain egotea; hor ikusten dugu lehenbiziko muntaia. Horrekin, filmak zer arnas duen ikusten da, filmaren ibilera zein den. Lehenbiziko piezak konpontzen eta musika egituratzen hasten gara kopioiarekin. Eta bukatzeko, azken muntaia ikusten dugunean, neurri guztiak hartzen ditugu eta eszena bakoitza lantzen dugu, filmari bukaera emanez. Eta gero guztia muntatu beharra dago; izan ere, soinu banda ez da musika bakarrik. Soinu banda musikak, giro soinuak eta elkarrizketek osatzen dute.

Zuzendariaren aldetik, askatasun guztia izaten al duzu? Bere nahietara egokitzea zaila al da?

Film bakoitza mundu desberdin bat izaten da. Komenigarria da zuzendariarekin asko hitz egitea, biok norabide berean joan behar dugulako. Baina, norabide hori zuzendariak jartzen baldin badu ere, ibili neu egiten naiz, neure bidea eginez. Gainera, askotan berak galdetzen dit ea nolako musika jarriko niokeen. Lehenbizi, musikari dagokion oinarrizko gidoi bat aurkezten diot, neure hasierako ikuspegiarekin, eta horren arabera berak bere iritzia ematen du. Biok hitz egiten dugu, eta eztabaidatu ere bai, dena zehaztu arte. Harreman hori oso garrantzitsua da.

Xehetasunei ondo erreparatu beharko diezu, film batean musikak gauza asko kontatzen baitu...

Bai, noski. Eszena batzutan zuzendariari galdetzen diot: «Nahi al duzu ikusleak zerbait pasatuko dela jakitea, edo ez?». Imaginatu zelai eder bat eguzkiarekin eta haurrak jolasean dabiltzala; irudi horri nota grabeak eta dramatikoak sartzen badizkiozu, jendeak zerbait pasatuko dela pentsatzen du. Gauza horiek zuzendariaren baimenarekin egin behar dira, musika eszenaren kontra doalako. Baina kontraste hori nahita egiten denean, sekulako efektua eragiten du. Pentsatu ezazue gerra bateko borroka batean, zaldiak saltoka eta odola alde guztietatik... hor bals bat edo sehaska kanta bat sartuz gero, surrealismoa lortzen da. Dena den, ezin da edozein filmetan erabili, egokia behar du izan.

Egindako guztietatik, zein filmetako musika aukeratuko zenuke?

Ez dakit, zaila da erantzutea, film bakoitzarekin bizipen desberdinak izan baititut. Gertatzen dena da film batzuk hobeak direla besteak baino. Hala ere, nahiz eta filma eskasagoa izan bertakoekin harreman ona izan badut, oso oroitzapen ederrak gelditzen zaizkit. Dena den, esan beharra dago filmaren kalitatearen arabera ere aldatzen dela egindako musikak izango duen oihartzuna.

Eta orain, zer proiektu daukazu esku artean?

Iraila aldean estreinatuko da Elena Tabernaren La nueva buena filma, nire musikarekin. Lehen ere egin nuen berekin lana Yoyes filmean. Harreman ona sortzen baldin bada, normala izaten da errepikatzea. Bestalde, orain hiru gidoi ditut esku artean. Aterako da zerbait, baina ezin dut ezer aurreratu, hitz egingo dugu hurrengoan. Lotu gabeko gauzak aurreratzeak zorte txarra ematen duela diote, gainera!

 

«Nola inspiratzen naizen? Bizitza espektakulu bat da!»

Soslaia

Konpositore zarauztarrak Imanol Urbieta eta Franzisko Eskudero izan zituen irakasle bere hastapenetan

x.a.u. - a.m.



Gizon bizia da Illarramendi. Hizketa-lagunari konfiantza ematen dio, eta istorio batek bestea dakar atzetik, bizipenekin melodia harrigarria osatu arte. Gaur egun, Euskal Herriko konpositore handienetakoa da, baina umetan makina bat aldiz eztabaidatu behar izan zuen etxekoekin: «Uste zuten musikatik ez zegoela bizitzerik». Txiki-txikitan murgildu zen musikan, Imanol Urbieta eta Franzisko Eskudero irakasleekin: «Maisu handiak dira, zorte handia izan nuen».

Lege Zaharren enparantzan jaiotakoa da Illarramendi eta han igaro zuen haurtzaroa jolasean, «zaldiak eta astoak egoten ziren garaian». Dena den, txikitako oroitzapenekin kontraesana sortzen dio memoriak: «Batzutan lekutan ikusten ditut mutil koskorretako kontuak, beste bizitza batekoak balira bezala. Baina, hurrengoan, oso hurbil sentitzen ditut. Memoria ez da batere gauza sinplea, badago misterioa hor ere».

«Hor ere», dio Illarramendik, bere ustez bizitzako gauza guztiek behar baitute misterioa, «baita gosariak ere». Illarramendirentzat «dena da magikoa». Horregatik, nola inspiratzen den galdetzen diotenean erantzuna boteprontoan eman ohi du: «Nola inspiratzen naizen? Bizitza espektakulu bat da! Nik ikusi egiten dut, sentitu, entzun... hori da magia».

15 urte zituenean Zelaiburura joan zen bizitzera, eta ezkondu zenean, berriz, Txerrikalera. Emaztearekin 20 urtez bizi izan zen bertan, duplex berezi batean: «Bi ate soilik zituen: sarrerakoa eta komunekoa. Etxe guztia gela bat zen eta bainuontzia ere logelan genuen... oso berezia zen». Gustura egiten zuen lan bertan, goiko solairuan, baina duela bost urte ,«toki handiago baten bila», Hondarribira joan zen bizitzera, Jaizkibelen magalean dagoen txalet batera. Igerilekuaren ondoan beretzat egokitu duen txokoan aritzen da lanean, parez-pare Aiako Harriak eta Larhun dituela. «Ez naiz aspertzen hemen, orduak falta zaizkit».

Goizez jarduten du lanean, 10:00etatik 15:00etara: «Gehien gustatzen zaidana hemen sartzea, musika lanak konpontzea eta nire munduan ibiltzea da». Arin bazkaltzea atsegin du, jateko astunak afaritarako utzita. Siesta, berriz, «ia egunero»; lanerako mahaiaren alboko dibanean bertan gelditzen da lo sarritan, irakurtzen ari dela. Arratsalderoko paseoa ezinbestekoa duela dio, daukan astiaren araberako ibilbidearekin. Arnasberritze horretan dabilela, sarritan etortzen zaizkio abestien amaierak.

Batzutan, ordea, ibilaldi luzexeagoak egin behar izaten ditu. Madrilera hain zuzen ere, produkzio-etxeko arduradunarekin egotera. Hark beti gonbidatzen du festaren batera: «Jendeak ikusi egin behar nauela esaten dit. 'Ados', esaten diot nik, 'baina lehenbizi afaldu egingo dugu'». Promozioa «neketsua» dela dio, baina beharrezkotzat joko du nonbait, azken sinfonia aurrekoak baino gehiago promozionatzea erabaki baitu. Bizitzaren misterioak.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa