
Maiatzaren 13an bilduko dira arrantzaleak eta Espainiako gobernua
Ekonomia
Arrantzaleek antxoa arrantzatu gabe gelditzeagatik diru laguntzarik jasoko duten ala ez jakin nahi dute
onintza lete
Antxoa ezingo da arrantzatu aurten ere. Antxoaren biomasa espeziea galzorian jartzeraino murriztu zelako hartu zuen erabaki hori Europako Batasunak orain bi urte, eta mementoz neurria mantendu egingo du.
Berdelaren kanpaina amaitu da eta antxoarik arrantzatu ezin denez, lehorrean daude Orioko eta Getariako arrantza-ontziak, besteak beste. Arrantzaleak kezkatuta daude, ordea, erakunde publikoen aldetik diru laguntzarik ez dutela jasoko zabaldu baita zenbait komunikabidetan. Antza denez, Espainiako Gobernuko Arrantza Ministerioak ez luke dirurik edukiko antxoa ez harrapatzeak arrantzaleei sortuko dien galera ekonomikoa orekatzeko.
Zalantzak argitzeko, presazko bilera eskatu diote Espainiako Arrantza ministro Elena Espinosari Gipuzkoako eta Bizkaiako arrantzaleek, Kantabriako eta Asturiasko (Espainia) arrantzaleekin batera. Egoera zein den argitu nahi dute. Zentzu horretan, Orioko Kofradiako lehendakari Santi Peirok adierazi duenez, maiatzaren 13an bilduko dira arrantzaleak Espainiako Gobernuarekin.
Bestalde, Peirok balorazio bat egiteko «goizegi» dela iritzi dio: «Ezin dugu esan laguntzarik izango ez denik, Espainiako Gobernuak guri zuzenean oraindik ez digulako ezer esan».
«Jakinaren gainean zeuden»
Iaz ere ezin izan zuten antxoarik harrapatu, eta aurtengo geldialdia ere Europako Batasunak onartutakoa dela dio Peirok: «Jakinaren gainean zeuden ezingo genuela antxoatara irten, eta zurrumurruak egia badira, tristea da orain dirurik ez dagoela esatea».
Bizkaiako kofradien lehendakari Iñaki Zabaleta ere egoeragatik kezkatuta agertu da. Arrantzaleak «urduri» daudela azaldu du, arrantzara irten ezean diru sarrerarik gabe geratzeko beldurrez. Horregatik, diru laguntzarik ez badago «edozer» gerta daitekeela ohartarazi du Zabaletak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Iņigo Manterolaren margolanak
ZARAUTZ, Kaia galeria - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.