
igor iturain ð- Aiako alkatea
«Helburua, hemendik urtebetera ere zerbitzu ona eskaintzea da»
Aia
Maiatzaren 21ean 'Landabus' autobus zerbitzu berriari buruzko «informazio praktikoa» emango diete udal ordezkariek herritarrei
onintza lete
Herri txikietako garraio publikoko zerbitzua hobetu nahi dute erakunde publikoek; Aiako Udalak ere urteak daramatza asmo horrekin. Orain, Igor Iturain (Aia, 1973) buru duen Udalak urtebetez autobus zerbitzu berezia eskainiko duen Landabus proiektu aitzindaria martxan jartzea lortu du.
Udala hasieratik egon da proiektu honetan. Noizko kontua da hau?
Aurreko agintaldian hasi ginen garraio publikoa hobetu nahian. Guk argi genuen ezinezkoa zela egun dagoen garraio publiko mota hau mantentzea. Herri txikietan beti egoten da zalantza: garraio publikoa ez da erabiltzen jendeak ez duelako beharrik, norberak bere kotxea duelako, ala jendeak ez du erabiltzen zerbitzu egokirik ez dagoelako? Argi genuen, era berean, EuskoTrenek egun ematen digun zerbitzua ez zela nahikoa izango herritarren beharrei erantzuteko; autobus handia ez da egokia errepide hauetan ibiltzeko eta igandeetan ez dago inolako zerbitzurik. Gainera, guretzat garrantzitsua da Zarautzekin lotura zuzena izatea.
Zergatik?
Alde batetik, inguruko herririk handiena da. Bestetik, orain martxan jarriko den anbulatorioak hainbat zerbitzu eskainiko dizkigu eta hara joan beharko dugu. Gainera, Pagoetako Parke Naturala ere Zarautzera bidean dago eta igandeetan, batik bat, guretzat oso garrantzitsua da lotura bat edukitzea, bai turismoaren ikuspegitik begiratuta, bai zerbitzuaren ikuspegitik begiratuta.
Nola iritsi zarete proiektu hau martxan jartzera?
Bi urtez hainbat aukera aztertu genuen, baina ez genuen ezer lortu. Bestalde, Eusko Jaurlaritza ere herri txikietako garraio publikoaren gabeziei erantzun bat eman nahian zebilen. Araban saiakeraren bat egina zutela uste dut, baina itxuraz ez zen aurrera atera. Gu ere zerbaiten bila genbiltzala jakin zutenean gurekin harremanetan jarri ziren eta elkarrekin lantzen hasi ginen proiektua: zer izango zen, nola egingo zen eta abar.
Proiektu honetan zein izan da Udalaren lana?
Lortu nahi genuen garraio motaren inguruko diseinu bat egin genuen guk; laguntza teknikoa jaso genuen eta guk nahi genuena teknologigoki nola egin daitekeen ikusteko informazioa bildu genuen. Diseinua egin eta iazko urrian Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru diputatu Arantza Tapiarekin bildu ginen. Hark baiezkoa eman zigun eta gauzak gehiago zehazten hasi ginen orduan. Hainbat erakunderen babesa eta laguntza lortu genuen: Eusko Jaurlaritzarena, Urkome Landa Garapen Elkartearena, Eudelena eta EuskoTrenena. Azken honek du Aiako ibilbidearen kontzesioa eta onartu egin du Alustiza autobus enpresak autobus bat erosi eta ibilbidea berak egitea.
Ekainaren 2an jarriko da martxan zerbitzua; zer falta da egiteko?
Autobusa matrikulatu behar da eta barrua ere egokitzeko dago; GPS sistema eramango du, autobusa nondik nora dabilen kontrolatu ahal izateko. Lurraldebus-eko instalazioak jartzea eta informazio puntuak ezartzea ere falta da, baina gainerakoa eginda dago jada.
Zer aurrekontu du?
400.000 euro inguru kostatuko da. Foru Aldundiak % 50 ordainduko du, %29 Urkomek eta Udalak %15 ordainduko du. Falta den %6 bidaietako txartelekin ordainduko da. Prezioa Lurraldebus-ekin beste edozein ibilbidetan ordaintzen denaren parekoa izango da, eta Donostiara joateko, adibidez, Orion edo Zarautzen autobusez aldatu beharko bada ere, txartel bakarra ordainduko da; eta ez aurrena Zarautz edo Orio artekoa, eta gero beste bat Donostiarainokoa. Gainera, Lurraldebus-en txartel bakarra erabili ahal izango da.
Herritarrek ba al zuten Udalaren asmoen berri?
Guk ez dugu ofizialki ezer esan nahi izan dena lotuta eduki arte. Gainera, gai honek komunikabideetan oihartzun handia izatea nahi genuen. Hala ere, zenbaitek garraio publikoaren inguruko kezka agertu izan diote Udalari eta haiek bazekiten lanean ari ginela; beraz, herrian bazegoen zurrumurru hori. Dena dela, maiatzaren 21ean proiektua herritarrei aurkezteko asmoa dugu. Zerbitzu hau erabiltzeko informazio praktikoa eskaintzea da helburua eta horretan ariko gara Kultur Etxean 19:00etatik aurrera.
Zerbitzu honek izango al du onuradun nagusirik?
Gazteentzat oso onuragarria izango da, 16 urtetik gorako ikasleentzat zerbitzurik ez dagoelako gaur egun. Gainera, asteburuetan beste herrietara joateko aukera emango die. Egun kotxez ibiltzen ohituta gaudenoi txip-a aldatzen ere lagun diezaguke, eta beste herri txikientzat esperientzia eta proiektu interesgarria dela uste dut, kezka orokorra delako eta irtenbidea ez delako erraza. Landabus egoera hobetzeko saiakera bat izango da.
Eta hemendik urtebetera, zer?
Herri bezala gure erronka hemendik urtebetera ere zerbitzu on bat eskaintzen jarraitzea da, nahiz eta agian ez den honen adinakoa izango, hau behin-behineko proiektu pilotu bat baita. Horretan herritarrek ere izango dute eragina; eurek autobus zerbitzua erabiltzen badute, Udalak beharrezkoa den ahalegin ekonomikoa egingo du. Izan ere, garraio publikoa ez da errentagarria, eta ez du izan behar, gainera.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Pintura eta argazkiak
ZARAUTZ, Wozzeck arte galeria - 2008-03-31
Erakusketa
Beirate artistikoak
ZARAUTZ, Legarra beirategian - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.