Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2008ko abuztuak 30, Larunbata

Harpidetu zaitez!

Marea biziek kalte handiak eragin zituzten Iñurritzako biotopoan, hondartza ondoko dunak txikituz. Hondar asko eraman zuen itsasoak, baina orain arteko lanak zerbaiterako balio izango al du?

Hondartzako dunen borroka bizia

garazi mugertza

Argi erakutsi digute duela aste batzuk izan ziren mareek ekaitza ez dela zeruan soilik antzematen. Euria eta haizea ez ziren izan izua sortzeko adinakoak, baina itsasoak beldurtzeko indarra zekarren kostaldeko herrietara. Ekaitza inoiz baino gogorrago ageri zen itsaso aldetik. Mareak gora egin zuen bortizki, hondartza jatera zihoala zirudien eta hondarrak ezin izan zion eutsi bere ohiko eremuari. Malekoiko tabernak, eserlekuak, zakarrontziak... aurrretik eraman zituen, plastikoz, kristalez edota harriz eginak egon arren. Herri barrua ere hondarrez beteta utzi zuen ekaitzak, kaleak hondartza bilakatuz.

Kostalde osoa astindu zuen itsasaldiak, kalteak nonahi sortu, eta herri bakoitzean maila ezberdinean eraginez. Zarautzen kalte handiak eragin zituen malekoi guztian zehar, baita Getariariara doan itasas pasealekuan ere. Baina kuttuna eta zaindua den gune bati eragin zion bereziki; Iñurritzako biotopo babestuari.

Zarauzko hondartzaren zatirik bereziena da Iñurritza aldea. Bertako biotopoak landare aniztasun handia du eta Arkamurka taldeko Aitziber Saroberen esanetan, Kantauri itsasoko landaredia anitzena duen ekosistema da.

Hain zuzen ere, talde hori izan da, Udalaren laguntzarekin, urteetan zehar sistema honen mantenuan lanean aritu dena, hainbat eta hainbat landare ezberdin landatuz eta horien biziraupena bermatuz. Baina, marea biziek gogor eragin diete bere espazioa poliki-poliki berreskuratzen ari ziren landareei, zati handi bat desagertaraziz.

Dena dela, Aitziber Saroberen esanetan, itsasoa ez da dunentzako arrisku gisa ikusi behar. Izan ere, itsasorik gabe dunarik ez litzateke egongo. «Marea eragile bat besterik ez da, eta argi izan behar dugu honelako kasuak behin baino gehiagotan errepikatuko direla», dio Sarobek. Horregatik, Arkamurka taldearentzako garrantzitsua da ulertzea dunen izaeraren parte dela itsasoarekin duen lehia eta honek eragindako kalteak sistema naturalaren parte direla.

«Dunak ekosistema itsastarrak dira», eta horrek itsasoarekin gerra iraunkor batean bizi direla esan nahi du. Dunek itsasoari bere eremua lapurtzen diote eta itsasoak eremu hori berreskuratu besterik ez du egiten. Horregatik, ez da arriskutsua itsasoaren erasoaldia, dinamika horren parte baizik.

Hamar urtetako lana

Azken itsasaldiaren harira, Udalak azken hamar urte hauetan dunetan eginiko lana itsasoak eraman zuela adierazi zuen baina, Saroberen iritziz, urte horietan eginiko lanak berebiziko garrantzia izan du. Izan ere, lan hori egin ez balitz ekaitz honek eragingo lituzkeen kalteak askoz ere handiagoak izango liratekela azaldu du. Beraz, landaredia zati bat galdu dela aitortu arren, urte hauetan guztietan egin den lana eskertzekoa dela uste du, itsasoaren erasoaldiari aurre egiteko gaitasuna eman baitio biotopoari. Gainera, egindako guztiak, «sistema honen garapena ahalbidetu eta bizi-bizi dagoela frogatu digu», Sarobek azaldutakoaren arabera. Horrez gain, 10 urte lehenago baino azalera askoz handiagoa hartzen dute landareek, eta horrek biotopoa berreskuratzeko egindako lan hori agerian uzten du, Arkamurkako kidearen irudiko. Beraz, tristurak albo batera utzi eta lanean jartzeko momentua da taldearentzat, itsasoak eramandakoa berreskuratu ahal izateko eta Zarauzko dunak zirena izatera itzul daitezen, guztion begien gozagarri.

Berreskurapen lanak

Txikizioaren ondoren biotopoa berreskuratzeko lanen txanda da orain. 10 urtetako lana behar izan da dunak zirena izatera iristeko, eta orain egin beharrekoa ere ez da hilabete gutxitan amaitzeko lana izango. Hala ere, berreskuratuko denaren ziurtasuna dute Arkamurkakoek.

Izan ere, «ekosistema itsastar hau bizi-bizirik dago, eta horrek naturalki berreskuratzea ahalbidetzen du. Honela, Sarobek esandakoaren arabera, memento honetan ematerik dagoen laguntza handiena inongo oztoporik ez jartzea da; hau da, sistema bere horretan era naturalean errekuperatzen uztea. Landatzeak lagunduko lukeen arren, eta prozesua bera azkartu, Arkarmurkakoek uste dute biotopoak gaitasun osoa duela bere kabuz irabazita zuen eremua berreskuratzeko eta lehen zuen azalera bera landarez betetzeko.

Baina, noraino sartu behar du eskua gizakiak honelako ekosistemetan? «Betiko eztabaida» dela dio Sarobek, eta bere ustetan, orain egitea dagoen onena behar duen denbora naturala errespetatzea da. Horregatik, beharrezkoa da herritarrek eta bisitan datozen guztiek hesiak ez zeharkatzea eta dunen eremua ez ukitzea, hori baita biotopoa gehien kaltetzen duen ekintza, Saroberen esanetan.

Ildo horretatik, Sarobek urte hauetan lortutako beste garaipen bat aipatu du: herriatarren errespetua. Urteen poderioz, herritarrek biotopo babesten duten hesiak errespetatzen ikasi dute eta ez dira beste aldera pasatzen saiatu ere egiten. Honela, bestelako hesiak (sokaz eginikoak, adibidez) jartzea ere proposatu daitekeela uste du, beti ere orain arte moduan biotopoaren eremua zapaltzen eta zikintzen ez bada.

Izan ere, jendeak errespetuzko jokaera bere egin eta biotopoaren garrantzi ekologikoa haintzat hartuz gero, egunen batean, hesirik gabeko gune bilakatzea posible izango litzatekeela pentsatzen du Sarobek eta seinaleekin soilik markatu beharko litzateke gune horren garrantzia. Baina, oraindik ere bada, ekosistema hauen garrantzia kontuan hartzen ez duenik. Agian beste 10 urte barru...

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa