
Apustua ez, baina errebantxa onartu dute Akuakoek
Zestoa
Ez dute ezer jokatzerik nahi, baina Akuakoak prest daude herriko koadrilarekin indarrak neurtzeko
Amaia mendizabal
Iragarri bezala, Zestoako koadrila Coyote tabernan zegoen atzo 12:00etan , eurek botatako desafioari erantzun eta Akuako koadrila agertuko zain. Eta Akuakoak baita azaldu ere. Hala ere, ez zioten baietz esan zestoarrek botatako desafiori, edo ez osorik behintzat.
Akuakoak prest daude zestoarrekin indarrak neurtzeko, baina ez apustua egin eta dirua jokatzeko. Hori baino nahiago dute errebantxa jokatzea, eta beste Giza Proba saio batean indartsuena nor den ikustea.
Hori bai, horretarako ere aurrez baldintza batzuek adostu nahi dituzte. Pisuaren gaia, adibidez; izan ere, uste dute apirilaren 25eko saioan zestoarrek eurek baino 100 kilo gehiago osatzen zituztela guztien artean.
Horretarako, baldintza horiek zehazteko, hitzordu berri bat jarri dute asteazkenerako, maiatzaren 7rako. Parte-hartzaileetako baten etxean elkartuko dira egun horretan, eta orduan zehaztuko dituzte xehetasun guztiak. Hori bai, proba hila amaitu aurretik jokatu nahi dutela iragarri dute.
Batak bestea ekarri du
Gaur astebete, apirilaren 25ean, Zestoan Merkatari Elkarteak Giza Proba antolatu zuen Zestoan, urte askotako geldialdia eta gero usadio zaharra berreskuratzeko asmoz. Izan ere, duela urte gutxi halako probak ohikoak omen ziren Zestoako plazan.
Herriguneko bi koadrilak eta Akuako beste batek hartu zuen parte, eta azken horiek izan ziren garaile. 20 minutuko txanda bakarrean 35 plaza eta 8 zinta egin zituzten. Herriko koadriletako batek, berriz, ez zuen lortu 20 minutuko txanda bukatzea; eta beste koadrilak, berriz, 29 plaza egitea lortu zuen. Zestoan merkatari elkarteko Xanti Ugarteren iritziz, azken horiek ere «egundoko ikuskizuna» eman zuten.
Ez ziren erabat gustura gelditu nonbait, ordea, eta errebantxa gosez, desafio bota zioten Akuako koadrilari, berriro ere Giza Proba batean indarrak neurtzeko. Gauzak horrela, atzo Zestoako Coyote tabernan zain egongo zirela jakinarazi zuten, Akuakoek azaldu eta erronka onartzen al zuten jakiteko zain. Eta Akuakoak, noski, azaldu egin ziren. Orain proba noiz izango den eta zein baldintzatan jokatuko duten jakitea falta da.
Txanda bakarra 800ekoarekin
Jokatu beharreko probarenak ez, baina jokatutakoaren baldintzak jakinekoak dira. Apirilaren 25eko proban 800 kiloko harria erabili zuten, eta Aizarnatik bereziki ekarritako plataforma batekin mugitu behar izan zuten. 20 minutuko txanda bakarra jokatu zuten.
Agian aspaldi herrian halakorik ikusten ez zelako, joan den ostiraleko Giza Probak jendetza erakarri zuen. Zestoan Merkatari Elkarteko Xanti Ugartek orduan esan zuenez, «aspaldian ez nuen herriko plazan halako jendetza ikusi. Gainera, giroa paregabea izan zen». Ea oraingoan ere giro hori errepikatzea lortzen al duten.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Jose Luis Zumetaren margolanak
ZARAUTZ, Ispilu Arte - 2008-08-08
Dantza
Binakako Dantza Txapelketa
ZARAUTZ, Musika PLazan - 2008-09-06
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.