
Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak eta Zarautz taldeak elkarren aurka jardungo dira gaur, 17:00etan, Azpeitian. Aurrenak maila igoera du jokoan; bigarrenak, berriz, mailari eustea.
Sailkapeneko bi muturretatik
nerea uranga
Futbolean, Espainiako Hirugarren Mailako 2007-2008ko denboraldia bukatzeko lau partida jokatzea besterik ez zaie falta Lagun Onak eta Zarautz taldeei. Bien egoera desberdina da oso, baina biek dute zerbait jokoan: Azpeitiko taldeak maila igoera jokatzeko aukera; Zarauzkoak, berriz, mailari eustea. Gaur, biek elkarren kontra jokatuko dute Azpeitian, 17:00etan Garmendipen.
Sailkapeneko bi muturretan dauden taldeen arteko aldea puntu gutxikoa da, baina asko dute jokoan. Lagun Onak hirugarren dago sailkapenean, 59 punturekin; laugarren dagoen Zamudiok eta bosgarrena den Basconiak Lagun Onak beste puntu dituzte. Zarautz, aldiz, beheko postuetatik aldendu nahian dabil; sailkapenean 15.a da, 37 punturekin, postu bat aurrerago dagoen Alaves B-k adina; 16. a Durango da, 35 punturekin; 17.a Laudio 34rekin eta 18.a Tolosa 33rekin.
Partida «borrokatua»
Gaur Garmendipen jokatuko duten partida «borrokatua» izango da, Lagun Onak futbol taldeko Juan Ramon Olalde Kinttela-ren arabera. Azpeitiarrentzako partida garrantzitsua da: «Guretzat, denboraldia bukatzeko gelditzen diren lau partidak oso garrantzitsuak dira, lehen postu hoiengatik borrokatu nahi dugulako. Aurretik partida errazik ez daukagu». Zarautz-ek gaur jokoan zer duen ere badaki, ordea: «Zarautz-entzako ere partida garrantzitsua da, eta zalantzarik ez partida zaila izango dela. Dena dela, guk abantaila bat dugu: etxean jokatzen dugula».
Zarauzkoentzako ere gaurko partida «erabakiorra» da, hala dio Zarautz futbol taldeko kirol delegatu Fermin Elordik: «Gaur Lagun Onak-en aurka irabazten badugu, mailari eutsiko egingo diogu». Hori dela eta, «dena ematera» etorriko dira Azpeitira: «Berdinketa ona da, baina ez digu balio mailari eusteko». Hauek ere badakite aurkariak irabaztera irtengo direla, «baina guk topera joan behar dugu». Denboraldi honetan mailaz igo da Zarautz, eta «guretzat mailari eustea garaipena da. Bagenekien denboraldi honetan beheko postuetan ibiliko ginela, baina mailari eustea dugu helburua».
Zarautz-ek irabazi beharra
Zarauzkoen kasuan ez bezala, Lagun Onak-ek ez du nahiko berak irabaztearekin, ikusi egin beharko du gainontzeko taldeek zer egiten duten. «Hasteko guk gurea egin behar dugu; partida aurrera ateratzen ahalegindu behar dugu. Ondoren, igandeko partidari begira, ikusiko dugu emaitzak zein izan diren, eta nola gauden», dio .
Zarautz-ek, bere aldetik, mailari eusteko konfiantza badu, bere esku baitago guztiz: «Lau partida gelditzen zaizkigu eta mailari eusteko partida bakar bat irabazi beharra daukagu. Beraz, etxeko lanak lehenbailehen egitea komeni zaigu». Hirugarren mailan jarraituz gero «historia» egingo dutela dio kirol delegatuak: «Orain 17 urte ere Hirugarren Mailara igo ginen, baina denboraldi bakarra egin eta jaitsi egin ginen».
Kostaldekoek ez dute atzera egiten, eta barrualdekoei irabazteko aukerak dituztela diote: «Gerta liteke azpeitiarrek irabaztea, baina ez dute erraza izango. Lehen gola zeinek sartzen duen ikusi behar, horrek partida markatuko baitu».
Lagun Onak-ek bi jokalari gutxiagorekin jokatuko du, bi lesionatuta daudelako. «Julen Santestebani ebakuntza egin diote eta Lur Etxeberria aspalditik min hartuta dago». Baina azpeitiarren taldea animatuta eta lasai dago, «taldean euforiarik ez dago; konfiantza dago taldearen barruan eta lasai gaude. Hori izan da denboraldia ondo joan izanaren oinarrietako bat». Izan ere, denboraldia ondo ateratzen ari bada «taldelan ona» egiten ari direlako da, Olalderen iritziz: «Futbolarien lan ona, aulkian egon diren jokalarien jarrera eta prestutasuna, eta entrenatzaile eta prestatzaile taldearen lanari esker, giro ona dago eta fisikoki ondo daude jokalariak».
Zarautzek ere hainbat jokalari min hartuta ditu, «baina horrek ezin du aitzakia izan», Elordiren arabera «zerbaitetarako baitago plantilla osoa».
Azkenaldian biak ondo
Denboraldiko bigarren itzulia goiko muturrean egin du Lagun Onak-ek. «Uste dut jendea pixka bat konturatu dela egiten ari garen lanaz. Ea jendea futbol zelaira joatera animatzen den, eta giro polit bat sortzen dugun partidan». Zarauzkoak ere azkenaldian «nahiko ondo» dabiltza: «Gola sartzea kostatzen zaigu, baina beste taldeei ere kostatzen ari zaie guri irabaztea». Ea markagailuak bietako zeinen alde egiten duen gaur.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
'Zuloagaren inguruan'
ZUMAIA, Laia aretoan - 2008-07-25
Erakusketa
Jose Luis Zumetaren margolanak
ZARAUTZ, Ispilu Arte - 2008-08-08
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.