
Gaur hasi eta igandea arte, festa giroa nagusi izango da eskualdean. Ibañarrietan, Azkoitin eta, batik bat, Zestoan, santakutzak direlako; Aian eta Endoian, Asentzio jaiengatik.
Hasi dira jaiak han eta hemen
aiora larrañaga-ONINTZA LETE
Udaberriarekin batera loratu dira aurten ere festak eskualdean. Iritsi dira santakutzak Zestoara, Ibañarrietara eta Azkoitira, eta iritsi dira Asentzio jaiak Endoira eta Aiara. Herri eta auzo horietan guztietan egunotan izango dira ospakizunak; goiztiarrenak gaur bertan hasiko dira, eta astelehenerako amaituta izango dira guztiak.
Zestoakoan, danborrada
Festa hauetatik Zestoako Santakutzak dira ezagunenak eta jendetsuenak; danborradaren inguruan antolatzen da jaia, eta herritarrak izaten ditu protagonista. Izan ere, herriko jaiak izateaz gain, herriarentzat antolatutakoak dira.
Gaur egun sei taldek hartzen dute parte helduen danborradan: Aldrebesek, Atabalek, Lau iturrik, Ipintzak, Gure txokoak eta Gaztetxekoek. Bihar gauean aterako dira festa giroan ospatzen den danborrada honetan, sabelak ondo bete ondoren.
Festa bihar hasiko den arren, gaur giroa berotzeko balio duten ekitaldi batzuk egongo dira. Izan ere, Gurutze Jubilatuen Elkarteak bere eguna ospatuko du, eta Zipristin Eguna ere gaur izango da. Gainera, Akuako taldeak zestoarrek botatako erronka onartzen badu, bihar Uztapide tabernan adostuko dituzte Giza Proba berri baterako baldintzak.
Garai bateko Santakutzak
Azken urte hauetan herrietako jaiak asko aldatu diren arren, santakutzak lehengoen berdinak izaten jarraitzen dutela diote zestoarrek.
Xabier Iriondo herritarraren hitzetan, «lehen ere orain bezala bizi genituen santakutzak. Lehendabizi elkarte gastronomiko guztietan afaria izaten zen. Gure Txokoa da herriko elkarterik zaharrena eta ondoren Lau Iturri, Ipintza ... sortu ziren. Lehen ere, orain egiten den moduan, afariaren ondoren danborrada izaten zen txarangarekin. Hasiera batean, Gure Txokoa soilik irteten zenean, banda bakarra ateratzen zen. Baina gero eta talde gehiago ateratzen hasi ziren heinean, musika taldeen kopurua ere handitzen joan da. Orain Zestoako banda, Azpeitikoa eta Txaranga ateratzen dira danborradan. 12:00etan alkateak herriko bandera igo ondoren, erromeria izaten zen herriko plazan. Hurrengo egunean meza izaten zen, eta prozesioan gurutzera joaten ginen. Handik bueltan elizara joan eta, meza ondoren, txikiteoa. Horretaz gain, gauza gutxi izaten zen. Arratsaldean umeen danborradaren ondoren bukatzen zen festa».
Festetako egitaruak berdina izaten jarraitzen duen arren, badira aldatu diren zenbait kontu ere, hala ere. Horretaz hitz egin dute Inma Izeta eta Agustin Barrena herritarrek. «Garai haietan nagusien danborradarekin batera karroza bat irteten zen, erreginarekin eta damekin. Herriko neska gazteak izaten ziren galaz jantzita bertan joaten zirenak. Badira 30 urte inguru, ordea, jada karroza ateratzen ez dela. Bigarren egunean umeen danborrada izaten da eta horiek oraindik ere karrozarekin desfilatzen dute. Orain dela gutxi arte Karlos Alkorta eta bere taldeak diseinatzen eta egiten zuen karroza. Hilabete piloa pasatzen zituzten hori egiten, paperarekin eta igeltsuarekin; baina hauek ere erretiratu egin ziren. Izugarrizko lan ederrak egiten zituzten. Orain, berriz, Guraso Elkarteak kanpotik ekartzen ditu karroza apaintzeko irudiak eta panpinak».
Karrozaren kontuaz gain, Lau Iturriko kide Agustin Barrenak danborradako zenbait sekretu ere kontatu ditu. «Gure elkartea izan zen danborradako taldearen atzetik gurdi batean 50 litro kalimotxo eramaten lehena. Gaur egun guk txanpain boteilak eramaten ditugu kupel batean sartuta, baina badaude zerbeza eta kalimotxoa eramaten duten elkarteak ere».
Musika, jana eta edana nagusi
Zestoa alde batera utzita, egunotan festak diren gainerako herrietan eta auzoetan ere hainbat ekimen izango da. Guztietan musika, jana eta edana izango dira protagonista. Hala ere, herri kirolak ikusteko aukera ederra izango da Aian, Ibañarrietan nahiz Endoian. Azken bi horietan Miren Urkola ariko da harri-jasotzen.
santakutzetako eta asentzioetako egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikuskizuna
Errekortadoreak
AZPEITIA, Zezen-plazan - 2008-07-20
Musika
Jazz Gauak: Oīlidenīs Band
ZARAUTZ, Munoan - 2008-07-20
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.