
89 lagunek gizarteratzeko konpromisoa hartu dute Udal Elkartearekin
Gizartea
Hauek hainbat lanbidetako oinarrizko prestakuntza jasotzeaz gain, lan praktikak egiteko aukera izan dute
aritz mutiozabal
«Baztertuta gelditzeko arriskuan dauden edo lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko» ekimenaren baitan, Urola Kostako Udal Elkarteak 214 laguni arreta zerbitzua eman zien iaz, eta horietako 89rekin gizarteratzeko hitzarmena sinatu zuen. Izan ere, herritar horiek gizarteratzeko hainbat programa landu ditu Udal Elkarteak; besteak beste, auzolanean, prestakuntzan eta merkataritzan oinarritutako ikastaroak eta lan praktikak prestatu ditu.
Pintura eta geriatria lanak
Auzolanean, zortzina lagunek pinturako eta geriatriako prestakuntza teorikoa jaso zuten eta, jarraian, lan praktikoa egiteko aukera izan zuten. Programak 6 hilabete iraun zuen eta martxoaren 31n bukatu zen.
Pinturari dagokionez, besteak beste, honako lanak egin dituzte ondorengo herrietan: Aian, haurtzendegia, anbulatorioa eta haur parkea margotu dituzte; Getarian, herri eskola, hiriko altzariak eta komunak eta udaletxeko arkupea; Orion, kultur etxea; Zarautzen, gaztelekua eta Udal Elkartearen egoitza; eta Zumaian, lanbide hastapeneko zentroa.
Geriatriako ikasleak, berriz, Matiako Iza eta Rezola zentroetan eta Zumaiako nahiz Zarauzko zaharren egoitzetan aritu dira lanen.
Lorezainak eta kutxazainak
Prestakuntzan oinarritutako programaren barruan, lorezaintza ikastaroa jarri zuten abian. Bertan, 12 lagunek hartu zuten parte eta horietatik 8 lan egiteko kontratatu zituzten 6 hilabetez. Kontratu horren bidez, lanbidea ikasten ari dira egun, Udal Elkarteko udalentzat hainbat lan eginez. Programa hori 2008ko ekainean amaituko da.
Merkataritzan oinarritutako programaren bidez, berriz, 8 emakume supermerkatuetan kutxazain eta apal betetzaile gisa aritu dira. Epe laburreko ikastaro bat landu ostean, praktikak egiten aritu dira horiek ere.
Bi ikastaro, aurten
Gizarteratzeko zerbitzuari jarraipena emateko asmoz, bi ikastaro antolatu dituzte aurten ere: bata, lanbideak ezagutzeko eta bestea, sukaldaritzakoa. Ikastaro bakoitzean 8 lagun aritu dira.
Lehendabiziko ikastaroaren helburua gizarteratze prozesua errazteko oinarrizko ohiturak ematea izan da, lanbide-modulu batzuen bidez. Iturgintza, pintura, informatika eta lan-orientazioa izan dira ikastaro honetan landu diren espezializioak.
Bigarren ikastaroan, gizarteratzeko «oinarrizko ohiturak» ikasteko eta, era berean, sukaldari edo elikadura-manipulatzaile baimena lortzeko aukera izan dute ikasleek. Horretarako Zarauzko Aiala sukaldaritza akademiaren laguntza izan dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
'Zuloagaren inguruan'
ZUMAIA, Laia aretoan - 2008-07-25
Irteera
Parrokiara bisita gidatua
AZPEITIA, Parrokia - 2008-08-22
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.