
Euskal Herria-Valentzia pilota jaialdia jokatuko dute Gurea pilotalekuan, etzi
Kirola
Munduko Pilota Batzarrak antolatuta, eskuz binakako bi partida jokatuko dituzte, 22:00etatik aurrera
irene elorzA
Euskal Herriko eta Valentziako (Herrialde Katalanak) pilotariek elkarren aurka jokatuko dute, etzi, Gurea frontoian. Eskuz binakako bi partida antolatu ditu Munduko Pilota Batzarrak, «jendeari pilotan jokatzeko beste modu batzuk ezagutarazteko» asmoarekin.
Erakundeko Zuzendari Tekniko Kepa Arroitajauregik adierazi duenez, «ikuskizun polita» izango da ostiralean, Azkoitiko pilotalekuan. Ahalik eta ikusle gehien bildu nahi dute jaialdian; horretarako, 5 eurotan jarri dituzte sarrerak.
Egokitutako jokamoldea
Etzikoa ez da izango Valentziako eta Euskal Herriko pilotariak neurtuko diren lehen aldia. Izan ere, betidanik egon da bien artean jokatzeko ohitura. Orain bi urte, Iurretan (Bizkaian), izan zen valentziarren eta euskaldunen arteko azken norgehiagoka.
Munduko Pilota Batzarrak jaialdia antolatzen duen estreinako aldia da, ordea. Kepa Arroitajauregik eskerrak eman dizkio Azkoitiko Udalari, «honelako ekimenak bultzatzeko ateak beti irekita izan dituelako»; «gogotsu gaude eta pilota zaletu guztiak gonbidatu nahi ditugu ikuskizunera», erantsi du zuzendari teknikoak.
Pilotan jokatzeko modu ezberdinak ezagutzeko aukera emango dute ostiraleko partidek. Gainera, euskaldunen eta valentziarren jokatzeko moduak nolabait berdintzeko, hainbat arau aldatuko dute.
Batetik, errebotea zortzigarren koadroan jarriko dute, frontoia moztuz. Pilotak txikiagoak eta arinagoak izango dira, 60 eta 65 gramo bitartekoak, hain zuzen. Bosgarren koadrotik egingo dute sakea, hirugarreneraino, eta pasa seigarren koadroan egongo da.
Partiden iraupenari dagokionez, 32 tantotara jokatuko dira, laburregiak ez izateko.
Euskal Herriko pilotariak atzo hasi ziren entrenatzen, Oteiza Pilotalekuetan. Gaur, Gurean, Herriarteko Pilota Txapelketako partidak jokatuko dira eta frontoia ezin izango dute bihar arte egokitu. Valentziarrek, aldiz, bihar arratsaldean egingo dute lehen entrenamendu saioa, Gurean.
ETBren lanari omenaldia
Munduko Pilota Batzarrak Euskal Telebistari omenaldia egiteko aprobetxatuko du ostiraleko jaialdia. Euskal Telebistak pilota partida bat estreinakoz zuzenean emititu zuenetik 25 urte bete dira eta kirol honen alde egindako lana onartu nahi dio erakundeak. Bi partiden artean egingo dute omenezko ekitaldia eta bertan izango dira 1983ko udaberrian telebistaz emandako lehen partida hartan parte hartu zuten pilotariak.
datuak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Beirate artistikoak
UROLA-KOSTA, Legarra beirategia - 2009-01-06
Zinema
'La hamaca paraguaya'
AZKOITIA, Baztartxo - 2009-01-09
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.