
Zenbait herritarrek ahotsa izango du udal batzordeetan
Zumaia
Alderdi politiko bakoitzak bi aholkulari izendatu ahal izango ditu; hauek, ordea, ezingo dute botorik eman
aritz mutiozabal
Udal batzordeetan herritarren parte-hartzea bultzatzeko ekimena onartu zuten herenegun egindako ohiko udalbatzarrean, Udaleko ia alderdi politiko guztien aldeko botoarekin; salbuespen bakarra EAJ izan zen, jeltzaleak abstenitu egin baitziren. Proposamena Udal Gobernuak aurkeztutakoa da eta horren arabera, Zumaiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko edo koalizioek bina aholkulari proposatzeko aukera izango dute Udalean eratuta dauden 9 batzorde berriemaileetan parte hartzeko.
Aholkulari horiek batzordeko gaietan adituak diren edo ezagutza duten herritarrak izan beharko dute. Izendatuek ahotsa izango dute batzordeetan: jorratzen diren gaien inguruko iritziak edota ekarpenak egiteko aukera izango dute. Ahotsa izanagatik, botoa emateko aukerarik ez dute izango, ordea.
«Komisario politikoak?»
EAJko zinegotzi Maria Eugenia Arrizabalagak zalantzan jarri zuen izendatutakoak «aholkulariak edo komisario politikoak» izango ote diren. Gainera, «neurri horrek alderdi politiko bakoitzaren ahotsa hirukoiztuko luke batzordeetan, eta ez luke herritarren partaidetza bermatuko». Jeltzaleek, era berean, kritika zuzena egin zioten Udal Gobernuari, proiektuei buruzko informazioa batzordeetatik jakin beharrean prentsaren bitartez jakin dutela esanez: «Zertarako batzordeetan partaidetza sustatu, Diario Vasco irakurtzea askoz egokiagoa baldin bada Udaleko informazioa jasotzeko».
Aurkeztutakoa herritarren partaidetza «modu zabalago batean ahalbidetuko duen neurri bat da, baina hasierako urratsa baino ez» dela nabarmendu zuen EAE-ANVko zinegotzi eta alkateorde Andoni Etxanizek: «Batzorde berriemaileek aniztasuna edukitzea nahi dugu. Guk ez dugu komisario politikorik eramango, baizik eta ekarpenak egin ditzaketen herritarrak; formakuntza eta lan egiteko gogoa duen jendea, alegia. Besteek aholkatu gaitzaten utzi behar dugu. Batzordeetan haize berria sartzeaz gain, eztabaida interesgarriak sor daitezkelako».
Udaleko alkate eta EAko ordezkari Iñaki Agirrezabalagak parte-hartzeko hainbat modu dagoela eta honakoa «mugatua» dela azaldu zuen, «alderdi politikoen partaidetza nolabait bermatzeko». Herritarren partaidetza bermatzea beste gauza bat dela zehaztu zuen: «Bi ildo ezberdin dira eta biak bermatu nahi ditugu. Orain, politikoena bermatuko da eta herritarren partaidetza sustatzeari dagokionez, aurrekontuetan partida bat aurreikusi dugu», eman zuen aditzera alkateak.
PSE-EE eta EB-Aralar alderdiek, nahiz eta oraingoz ez jakin batzorde berriemailetara aholkularirik aurkeztuko duten, Udal Gobernu taldearen proposamena babestu egin zuten.
Bi mozio, aho batez onartuak
Herritarren partaidetzaz gain, bi mozio onartu zituzten aho batez udalbatzarrean. Batetik, EB-Aralar koalizioak hilaren 28an izango denLaneko Osasunaren Egunaren inguruan aukeztutakoa eta bestea, Gehituk aurkeztutakoa.
Laneko Osasunaren Egunaren haritik, beraz, «laneko osasuna defendatzeko laneko prebentzioa eskatzeko, laneko istripuen eta lanbide gaixotasunen ondorioz hildakoak gogoratzeko eta egoera hori salatzeko» adierazpen instituzionala egingo du Udalak.
Gehitu elkartearen mozioari dagokionez, maiatzaren 17a Homofobiaren eta Transfobiaren Kontrako Borrokaren Nazioarteko Eguna izendatzeko proposamena onartu zuten.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Zinema
'Horton' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2008-10-10
Zinema
'Las chicas de la lenceria' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2008-10-11
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.