
Haur Eskolak ugaritzen ari dira eskualdeko herrietan. Herri handietan aspalditik eskaintzen duten zerbitzua izan arren, herri txikiagoetan orain dela urte gutxi hasi dira haur eskolak sortzen, guraso askoren zorionerako.
Arazo handien irtenbide
aiora larrañaga
Eskuladeko herri handietan haur eskolak ohiko zerbitzua badira ere, zerbitzu berria da eskualdeko herri txikietan. Hori bai, egunez egun ugaritze n ari dena. Azarnazabal izan da zerrendara gehitzen azkena. Otsailean ireki zuten haur eskola, eta gaur egun sei ume dabiltza bertan. Beizamakoa, berriz, orain dela hiru urte ireki zen eta lau ume hartzen ditu egunero. Zestoakoa da hiruretan handiena; orain dela lau urte ireki zen eta hemezortzi ume dabiltza bertan. Honek bi gela ditu: lehenengoa, 0-1 urtekoena; eta bigarrena, berriz, 1-2 urtekoena. Horretaz gain, maiatzaren 5ean beste bat irekiko dute Arroa Behean.
Gurasoen beharrak
Auzo eta herri txikietan haur eskolak gurasoen beharrei aurre egiteko ireki dira. Gaur egungo guraso askok etxetik kanpo egiten du lan, eta buruhauste larria bihurtu daiteke herrian umea ongi eta gustura egoteko tokirik ez edukitzea.
Beizamako haur eskolako hezitzaile Igone Arrutiren hitzetan, «gurasoek ahalegin handia egin zuten haur eskola lortzeko. Ume gutxi zeuden, eta batek Villabonako haur eskolaraino joan behar izaten zuen, herrian haur eskola ireki ahal izateko gutxienez hiru haur izatea baitzen baldintza. Bestalde, Udalak ere diru asko jarri behar izan du aretoa egokitzeko eta oraindik ere inbertsio handiak egin beharra dago». Beizamako kasuan, haur eskola ireki izana aurrerapauso handia izan zen, ez baitaukate eskolarik ere bertan; herritarrek oso harrera ona egin zioten.
Zestoan orain dela lau urte ireki zuten haur eskola eta Jone Letek, haur eskolako hezitzaileetako batek, hasiera horiei buruz hitz egin du. «Hasieran haur piloa etorriko zela pentsatzen zen, baina lehenengo urte horretan gutxi hasi ziren. Urteak pasa ahala kopurua handitzen joan da eta gaur egun hemezortzi ume dabiltza».
Eguneroko martxa
Umeak haur eskolan hasten direnean egokitzeko denboraldi bat behar izaten dute. Aldi honek bi aste irauten du eta hasieran denbora guztia gurasoekin egoten diren arren, pixkanaka gurasorik gabe gelan geratzera ohitzen dira.
Haur eskola denetan ume bakoitzak bere ordutegia du. Zenbait ume 07:30ean joaten dira haur eskolara, gurasoek ordu horretan lanera joan beharra izaten dutelako. Badaude 09:00etan sartu eta bi ordu igarotzen dituztenak ere. Hori bai, umeek gehienez zortzi ordu pasa ditzakete bertan. Letek Zestoako haur eskolako egunerokoa azaldu du. «Ume bakoitza bere orduan sartzen da eta 09:30ak aldera gosaritxo bat egiten dugu galletak edo fruta janda. Horren ondoren, umeak euren gelara joaten dira. Txikien kasuan, oso txikiak direnez, eurekin egoten gara, baina ez dugu ezer bateratua egiten. Handienekin, berriz, ipuinak kontatu, jolastu, abestu, bideoak ikusi... denetarik egiten dugu. 11:30etik 12:30ak arte bazkalordua izaten da. Ordu horretatik aurrera zenbait haur etxera joaten da eta beste zenbait hemen geratzen da lotan. Arratsaldeetan ume gutxi izaten da; hauekin ekintza desberdinak egiten ditugu. Eguraldi ona egiten duenean, adibidez parkera joaten gara, kaletik paseatzen dugu, bideoak ere ikusten ditugu...
Haur eskolaren abantailak
Haur eskolak gurasoek duten arazoaren konponbidea izateaz gain, umeen heziketan ere mesedegarri izan daitezke. Hala ere, honek ez du esan nahi haurren heziketa iturri bakarra izan behar dutenik, umeek elkar bizi diren pertsonengandik ikasten baitute.
Beizamako haur eskolaren kasuan, Igone Arruti umeek haur eskolan garatzen duten independentziari buruz aritu da: «Haurrek ordu arte ezagutzen ez dituzten hainbat balore garatzen dituzte hemen. Txikienek behaketaren bitartez ikasten dutenez, zaharrenek badakite hauen eredu izan behar dutela eta, horregatik, bakoitzak bere ardurak ditu. Hala ere, honek ez du esan nahi haurraren heziketa iturri bakarra haur eskola izan behar denik».
Aizarnazabalgo haur eskolako hezitzaile Maria Eizagirreren iritziz, «hona etortzen diren haurrak oraindik oso txikiak dira, ez baitute urtea bete. Hala ere, euren sozializazio prozesurako oso ona da beste haurrekin harremanak izatea. Horretaz gain, etxean egiten ez dituzten ekintzak egiten dituzte».
Arroa Beheko haur eskola
Maiatzaren 5ean irekiko dute Arroa Behean haur eskola. Hori dela eta, Zestoako alkate Alazne Olaizolak proiektuari buruz hitz egin du. «Arroa Behea handituz doan auzoa da. Etorkizunari begira 350 etxebizitza eraikitzea aurrikusten da bertan. Horretaz gain, 2007 urtean hamazazpi haur jaio ziren auzoan. Datu horiek ikusita haur eskola irekitzeko beharra zegoela ohartu ginen».
Etorkizunari begira, Zestoan ez dute haur eskola gehiago irekitzeko ideiarik. «Udalerri mailan, bi haur eskolen artean 42 umerentzako tokia dago. Beraz, ez da aurrikusten besterik irekitzerik. Herriguneko haur eskola handitzea pentsatuta badago, txikia geratzen ari baita; hala ere aurrekontuak onartu gabe daude oraindik».
Haur Eskola txikiak
Haur eskola txikiek handiagoen zerbitzu berak dituztela aipatu du Eizagirrek. «Haur eskola denek funtzio bera dute; beraz, zerbitzu bera eskaintzen dute. Egia da eskola txikiek diru kopuru txikiagoa dutela, beharrak ere txikiagoak direlako. Baina bestalde ume gutxiago egoteak, haurrarekin arreta pertsonalizatuagoa izateko aukera ere ematen du. Gurasoekin harremanak ere estuagoak dira.»
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Iņigo Manterolaren olio-pinturak
ZARAUTZ, Kaia galeria - 2009-01-06
Hitzaldia
VIII. Bidaia Tertuliak
AZKOITIA, Kultur Etxean - 2009-01-09
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.