
Xabin juaristi eta gorka vesgA ð- AAMko kideak
«Auzitegi Nazionalak ez du gu epaitzeko zilegitasunik»
Politika
AAMren kontrako epaiketaren bezperan, gizartearen erantzunean eta elkartasunean esperantza jarrita dute 27 auzipetuek eta taldeko kideek
irene elorzA
Bihar hasiko da Amnistiaren Aldeko Mugimenduen (AAM) kontrako epaiketa Espainiako Audientzia Nazionalean. 27 lagun daude auzipetuta, horien artean Xabin Juaristi Torre azkoitiarra. Fiskalak hamarna urteko kartzela zigorra eskatzen du haientzat, ETAko kide izatea leporatuta.
Zer espero duzue bihar hasiko den epaiketatik?
Xabin Juaristi: Aspalditik jakin dugu Espainiako Auzitegi Nazionala zertarako sortu zen, zer helbururekin eta zer lan egiten dituen. Azken 10 urteetan izan diren 18/98 makroprozesuarekin, Egin-en itxierarekin eta atxiloketa guztiekin garbi zegoen bilatzen zutena zela; nolabait, Euskal Herrian aldaketa demokratikoaren alde dagoenaren kontra egin dutela. Proiektu guztiak errespetatuak izatearen eta hitzaren nahiz erabakiaren kontzeptuak gorpuzten zihoazen heinean, horren aurkako ofentsiba handia ireki zuen PPk. PSOEk bultzatutako Pacto por las libertades delako gehituta, horjauzi handia eman zuten errepresioaren arloan. Eskubide zibil eta politiko guztiak birrinduta, herri honen heriotz politikoa bilatzen zutela ohartzen hasi ginen. Kontua da makroepaiketekin hasi zirenetik, gazte mugimenduen aurkako epaiketa eta 18/98 auzia kasu, garbi ikusi dela beraien oinarria akusatzerako orduan zein den: lan publikoa. Proba bezala aurkezten dituzte prentsaurrekoak, bilerak eta publikoki egiten den lan guztia.
Epaileek eta Gobernuak lotura zuzena izanda, pisu politiko garbia dute azken hilabetetan egindako atxiloketek eta epaiketetako epaiek. Euskal gatazkari konponbidea emateko hasitako negoziazio prozesuaren porrotaren ondoren, adibidez, zigor eskaerek gora egin zuten. Audientzia Nazionala mendeku tresna bezala eta bultzada politiko garbi batekin erabiltzen den tresna politikoa da. Alde horretatik, esperantzarik bat ere ez dugu. Garbi daukaguna da epaimahai horrek ez duela gu epaitzeko zilegitasunik; lehenik eta behin, euskaldunak garelako eta auzitegi atzerritar batek ez duelako gu epaitzeko zilegitasunik. Inor epaitzekotan, euskal gizarteak epaituko gaitu.
Horretan oinarritzen dugu gure defentsa hein handi batean, egindako lanak eta dauzkagun harreman horiek guztiek legitimatzen dutelako gure lana.
Epaiketa Madrilen egingo dute eta hiru hilabete iraungo du. Nola egingo diozue aurre?
X. J.: Astean hiru egunetan izango da epaiketa, egun osoz, eta uztailaren 23a arte iraungo duela aurreikusten da. Horrek ekartzen duen jipoiarekin. Egun guztian, hilabetetan, epaitegi atzerritar batean; bidaiak; alokairua bilatu astean hiru gau bertan pasatzeko... eta gastu handiak dira horiek. Lanarekin jarraitzea ezinezkoa da horrelako baldintzetan. Beraiei bost axola die horrek guztiak zer ekartzen duen. Beraiek ezarritako egutegian han egotera behartzen gaituzte. Desgaste fisikoa eta psikikoa ekartzen du, baita presioa ere komunikabideen aldetik, deklarazioak egiterakoan izango dugun testuingurua... Gainera, gastu ekonomikoa itzela da. Beraiek kalkuluak ondo eginda dituzte. Prozesua bere abiapuntutik kontuan hartuz gero, ia milioi bat eurotara iritsiko gara. Gure sumarioan bakarrik, bermetan 475.000 eurotara iritsi gara. Horri gehitu behar zaio abokatuen eta prokuradoreen lana, bidaiak, alokairuak, bazkariak eta abar. Garbi daukagu epaiketa egiterako orduan elkartasun ekonomikoa garrantzitsua dela; beraz, herritarrei irekita uzten diegu gure indefentsio egoera honen aurrean elkartasun ekonomikoarekin herri bezala erantzuteko aukera.
Egoera honen aurrean, zer sentsazio duzu?
X. J.: Zilegitasun osoa daukagula egiten dugun lana egiteko. Inork ez digu esango zer dagoen debekatuta eta zer egin daiteken. Egiten dugun lanagatik kontzientzia garbi daukagu eta konbentzituta gaude errepresioari aurre egitea dela bidea. Errepresioaren aurrean besoak gurutzatuta geratzeak ez du ekarri errepresioadesagertzea, ez Euskal Herriaren historia berrienean. Alderantziz, gero eta esparru eta inpunitate gehiagorekin zabaltzea ekarri du. Errepresioa bizi dutenen aldeko elkartasuna aktibatzea eta salatzea altxor bat da gure lanaren konbentzimendurako. Espetxealdiari aurre egin genion neurri berean egiten diogu aurre epaiketari, indarrez. Gainera, kondenatu egingo gaituzte, baina ez gaituzte konbentzituko ezta makurtaraziko ere. Ezinezkoa delako ideiak espetxeratzea, ezta herrian errotuta dauden mugimenduak epaitzea ere.
Anmistiaren Aldeko Mugimenduak zein ekarpen egiten die egoera honetan dauden auzipetuei?
Gorka Vesga: 27 lagun joango dira epaiketara baina, azken finean, mugimendu bat epaituko dute. Mugimendu hori ezabatu nahi dute. Gu mugimendu horren parte gara eta guk egiten dugun lan guztia debekatzea nahi dute. Guk, Urola Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduetako kideek, lan horretan segituko dugu, eta gero eta indar gehiagorekin, gainera. Azken 30 urteetan lanean ibili den jende guztiarekin egongo gara eta esango diegu hemendik aurrera lan gehiago dagoela egiteko, eta zilegitasun are gehiago eman behar zaiola mugimendu honen lanari. Bide horretan, ekimen batzuk prestatuta dauzkagu aurrera begira: azken ostiraletako elkarretaratzeak (hilaren 25ean egingo dira eskualdeko herri guztietan) eta Pausoz Pauso ekimena, bi urtean behin egiten dugun presoen eskubideen aldeko aldarria.
Euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira, eskubide guztien jabetzaren alde da aurten hartu dugun leloa, Euskal Herriak askatasuna behar duelako. Zarauztik Azkoitirainoko martxa egingo dugu, eta herritar guztiek hartuko dute lekukoa, askatasun mugimendu horri zilegitasuna emateko. Aldi berean, azpimarratu nahi dut hori hasiera besterik ez dela izango epaiketa honen aurkako dinamikan. Geroago, herri denetan batzarrak sortzera goaz eta hainbat ekimen abiatuko dugu epaiketari aurre egiteko. Egunerokoan jasaten dugun errepresioari, hala nola, preso politikoak, iheslariak, isunak... erantzuten jarraituko diogu aurrerantzean ere.
Auzipetuei zertan lagunduko dizue herri mugimenduak?
X. J.: Badakite errepresio mekanismoak anitzak izan direla azken 30 urtetan eta hainbat kasutan min handia egin dutela, baina egia da herri erantzun hori aktibatzearekin batera konturatzen direla gizartea baldintzatzeko gai garela. Orduan estrategia errepresiboa berriz kokatu, egoera gogortu edo min gehiago egiten saiatu beste aukerarik ez dute. Kalkulu horretatik, kontziente dira AAM herri oso bat aktibatzeko gai dela, eta errepresio hori guztia salatzeaz gain, baldintzatzeko gai ere badela.
Gainera, konponbide erreal batera begira jartzen dugu iparra. Guretzat amnistia ez da soilik presoak eta iheslariak etxera itzultzea, baizik eta etxera itzultzea espetxera edo erbestera eraman zituzten arrazoiak gaindituta. Horrek esan nahiko luke gatazka politikoa arazo politiko bezala konpondu dela, konponbide demokratiko baten bidez. Beraiek une honetan aro errepresibo luze baten aldeko apustua egiten dute. Ez dute nahi inongo konponbiderik eta oihartzunik edo aldarrikapenik, are eta gutxiago parametro errealetan: biolentziaren arazoa ETAren biolentzia arazoa da, eta oraindik ukatu egiten dute gatazkaren jatorri politikoa. Hori zaharra da, edozein gatazka ez da kopondu izan ondorioak desagertuta; alderantziz, sortzen dituen arrazoiak gaindituta desagertzen dira ondorioak. Bai Hego Afrikan, baita Ipar Irlandan ere... Gobernuek zer egin behar izan dute? Eskubide batzuk onartu eta berriz ezarri.
Hemen, aldiz, badirudi betiko errezeta zaharretara goazela; errepresiora, hain zuzen ere. Asko nabarmendu da hori euskal klase politikoaren jarreran. EAJren jokabidea ezinbestekoa izan dela uste dugu. Errepresio hau ez litzateke posible izango herri honetako erakundetan dauden alderdiek «aski da» esango balute batera; eta esango balute horrelako epaiketak eginez gero planto egingo dutela, eta krisi egoera bat sortuko dutela. Baina alderantziz gertatzen da: Espainak ezartzen dituen mugei laguntza eskaintzen zaie eta bidea errazten diete. Aho txikiarekin Alderdien Legearen kontra daudela dioten bitartean, lege horren norabide berdinean doazen neurri errepresiboak aplikatzen dituzte. Epaiketa hau ez litzateke posible izango klase politikoak beraien interesaren truke alfonbra gorria ez balieke jarriko. Kezkagarria iruditzen zaigu.
Gero eta urrutiago ala gertuago ikusten duzue gatazkaren irtenbidea?
X. J.: Begiratzen duzun tokiaren arabera da hori. Ziur naiz euskal jendarteak oso ikuspegi ezberdinak dituela egoerari buruz. Nik garbi daukat hemen azken urtetan inoiz baino gehiago elikatu dela konponbidea behar dugunaren sentimendua. Baina ez irteera faltsua ekarriko duen konponbidea. Hauteskundeetan eta azken greba orokorrean garbi geratu da jendea nazkatuta dagoela arazoari ezikusiarena egin eta normaltasun politikora dedikatzen den klase politikoarekin. Euren hautesleak ere ez daude ados errepresioarei ematen dioten bulatzadarekin.
Erakundetatik ezean, nondik etorriko da konponbidea?
G. V.: Herria mugitzen denean mugituko dira erakundeak. Askotan ikusi dugu: herri mobilizazio handiak izan direnean eta EAJk eta PSE-EEk gizartea euren kontra mugitzen dela ikusi dutenean, orduan hasi izan dira zerbait egiten. Gizartea mugitzen den orduan hasiko dira berriro bake prozesuak.
X. J.: Urte askotako zama da eta jendea nekatuta dago. Baina jendeak badaki orain 30 urte zein parametrotan geunden eta orain zein parametrotan gauden. Ibilbide honetan hainbat ekimen egin da eta AMMn ibili garenok hainbat dinamika jarri ditugu martxan. Baina konbentzituta gaude azken presoa etxera ekartzen duten eguna iritsi arte, gatazka politikoa gainditzen ez den bitartean, neke hori zama txiki bat besterik ez dela guretzat. Izan ere, aurrean daukaguna lortzea askoz ere aberasgarriagoa baita. Gizarteak, bere elkartasun eremu horretatik, mugitzen jarraitzen du. Jendea ez delako inozoa dator nekea; Estatuak herri honen existentzia ukatzen badu konponbiderik ezin delako lortu.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Santa Maria la Real arkeologia multzoa
ZARAUTZ, Arte eta Historia Museoa - 2008-03-31
Erakusketa
Jose Luis Zumetaren margolanak
ZARAUTZ, Ispilu Arte - 2008-08-08
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.