
«Bandalismo ekintzek» 8.000 euroko gastuak eragin dituzte
Getaria
Udalak herriko «gazte taldeei» egotzi dizkie kalteak, eta horiek bukatu ezean, neurriak hartuko dituela adierazi du
aritz mutiozabal
Getariako Udalak astebururo gertatzen diren «bandalismo ekintzekin» amaitzeko borondatea agertu du. Izan ere, urte honetako lehenengo hiruhilekoan egindako kalteek 8.000 euroko gastua eragin diote Udalari. Antza denez, «herriko gazte taldeak» dira Getariako hainbat gunetan kalteak eragiten ibiltzen direnak eta jokabide horiek «onartezinak» direla iritzi diote udal agintariek.
Hainbat kalte herrian
Besteak beste, 44 paperontzi eta bi edukiontzi erre, farolak matxuratu, Kale Nagusiko komun publikoak erasotu edota Balentziaga Museora harriak bota dituzte. Gainera, «han-hemengo kristalak apurtzen ibiltzen dira; hala nola, autobus geltokikoak, Udaleko batzar aretokoak, udal bulegoetakoak, eskolakoak eta Kiroldegikoak», azaldu dute Udaletik.
Era berean, kirol instalazioetan sartu eta kalteak eragiteaz gain, bertan dauden makinetako produktuak lapurtu dituzte. Horrez gain, Elkanoren monumentuan sua piztu, pixa egin eta kontsumitzen dituzten produktuen hondakinak erretzen dituzte, Udalaren esanetan.
Neurriak hartuz
Jokabide hauek desagertzen ez badira, neurriak hartu beharko dituela dio Udalak. Neurriak hartzeaz gain, aipatutako ekintza horietariko bat egiten ikusiz gero, salatzeko eskatu diete herritarrei. Bide batez, arreta berezia eskatu nahi izan die gazte horien gurasoei eta arduradunei, horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen.
Bestalde, kalteak eragiten ari diren gazteen arduradunekin bilera bat egiteko aukera aztertzen ari da Udala, «arazo honi konponbide bat lehenbailehen eman ahal izateko». Hain zuzen ere, joan den urteaz geroztik egindako kalteek 50.000 eurotik gorako gastua eragin dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Antzerkia
'Txarraka show!' kale antzerkia
AZPEITIA, Kalean - 2008-09-06
Ekitaldia
Haurren Euskal Jai Eguna
ZARAUTZ, - 2008-09-07
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.