
Ordenagailu bidez egindo dituzte ikasleek ariketak, ikasgelan bertan
Orio
Astelehenean abitatuko da 'Ikasys' hezkuntza proiektuko lehen fasea, 3 ikastolatan; tartean, Oriokoan
onintza lete
Datorren astelehenean Ikasys proiektua jarriko da martxan Orioko Herri Ikastolan, Donostiako Santo Tomas Lizeoan eta Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan. Proiektu honek ikasteko modu berriak biltzen ditu bere baitan: ikasleek ordenagailu erabiltzen dute ikasgelan bertan eta ikasle bakoitzaren berezitasunak eta gaitasunak kontuan hartzeko aukera ematen du. Bost irakasgaitan erabiliko dute sistema hau: Euskaran, Gaztelanian, Ingelesean, Matematikan eta Ingurunean. Ariketak egiteko bakarrik izango da hasierako fase batean, behintzat. Ikastolen Elkarteak jarri du abian egitasmoa eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza izango du.
Orion astelehenenean egin zuten aurkezpena proiektuaren arduradun Maite Gomezek eta Oihan Odriozolak, Ikastolan bertan. Atzo proiektuan parte hartuko duten Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetako tutoreek prestakuntza ikastaroa egiten pasa zuten eguna.
Proiektuaren faseak
Ikasys proiektuak hiru fase izango ditu. Aurreneko fasea alor teknikoak egoki funtzionatzen duen ikusteko izango da, astelehenean hasi eta ikasturte amaiera arte. Irailetik aurrera, berriz, hamairu ikastola gehiagok hartuko dute parte egitasmoan, tartean Zarauzko Salbatore Mitxelenak, eta sistema berri honekin lortutako emaitzak aztertuko dira. Emaitzak onak baldin badira, sistema ikastola guztietara zabalduko da hirugarren fase batean, eta hor Azpeitiko Ikasberri ikastola gehituko zaie eskualdeko beste biei.
Oraingoz Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetara egokitutako ikasmateriala eta metodologia biltzen ditu proiektuak. Maila hauetako gela batek bakarrik erabiliko du sistema eta, hala, proiektuan parte hartzen duten ikasleek sistema erabiltzen ez duten ikasleekiko dituzten abantailak neurtu ahal izango dituzte. Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateko adituek egingo dituzte neurketa horiek.
Lehen hezkuntzako 75 ikasle
Lehen fasean Orioko ikastolako Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetako 75 ikaslek hartuko dute parte.
Hala ere, Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek azaldu duenez, berez maila bakoitzeko ikasle gela bat hautatu behar den arren, aurreneko fase honetan «ziurrenik gela guztiek» probatuko dute lan tresna berri hau. Izan ere, proiektuaren fase honetan atal teknikoak neurtuko dira; ez dira neurtuko sistema berri honek ikasleengan sortzen dituen eraginak, eta «beraz, guztiek ezagutu ahal izango dute metodo berri hau».
Irailetik aurrera ere Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetan erabiliko da sistema hau, baina kasu horretan gela bat hautatu beharra egongo da, alderatzeko; hautaketa «zoriz» egingo dela dio Saizarrek.
Egungo baliabideen osagarri
Proiektuaren arduradun Maite Gomezek astelehenean azaldu zuenez, Ikasys proiektua egun ikastetxeetan erabiltzen diren ikasmaterialen osagarria izango da: «Proiektu honen helburua ez da ezer ordezkatzea, ikaskuntza prozesuan laguntzea baizik». Ikastetxeetan ikasgaiak «ez dira sistema honen bidez bakarrik landuko, baina atal edo eduki batzuk jorratzeko sistema hau erabiliko da».
Gabeziak konpontzea helburu
Helburu nagusia ikasleari ikasgaiak egoki barneratzeko tresna eskaintzea da. Gomezen esanetan, «orain arte zeuden baliabideak ikasle guztiei berdin bideratutakoak ziren eta ikasle bakoitzaren ahalmena eta gaitasuna ez zen kontuan hartzen. Horregatik, sistema honek ikasleari bere beharretara egokitutako tresna sendoak emango dizkio».
datuak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Jose Luis Zumetaren margolanak
ZARAUTZ, Ispilu Arte - 2008-08-08
Irteera
Parrokiara bisita
UROLA-KOSTA, Parrokia - 2008-08-22
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.