Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2008ko irailak 5, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Atzo, ezohiko udalbatzarrean, Azpeitiko Udala Ueman sartzeko erabakia hartu zuten, EAE, EA eta Aralarrekoen aldeko botoekin. EAJko zinegotziek erabakiaren kontra bozkatu zuten.

Udal euskaldunen gunekoa

nerea uranga

Azpeitia udal euskaldunen elkarguneko kide da jada. Atzo hartu zuen erabakia Udalbatzak. Ueman (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) beste 52 udalerrirekin batera jardungo da aurrerantzean, «herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzen». Tartean, Urola Kostako beste bost herri ere lagun izango ditu Azpeitiak jardun horretan.

Ezohiko batzarrean hartu dute Uemako kide izateko erabakia, «Erabaki berezia denez, ezohiko batzar bat merezi duela uste dugulako», zioen Iñaki Errazkin (EAE) alkateak hasi aurretik. Atzo zen udalbatzarra, goiztiarra, 10:00etan baitzuten hitzordua jarrita.

Udalbatzar aretoan, beste udalbatzarretan ez bezala, herritarrak bildu ziren Udaleko arduradunei babesa emateko. Erabakia hartu eta gero txaloak ere izan ziren.

Arantxa Isart (EAE) Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak Ueman sartzeko erabakiaren arrazoien berri eman zuen udalbatzar aretoan: «Azpeitian euskararen arloan lan asko egin da, baina oraindik ere hutsuneak baditugu. Ueman sartzea aurrera emango dugun beste pauso bat da. Udalerri euskaldunekin batera sarea handitzen eta indartzen joango da, eta guztiok batera indar gehiago egingo dugu lur-gune euskalduna sortzeko, non bere funtzio guztiak euskaraz egin ahalko dituen».

Kontrako botoa

Azpeitia Ueman sartzearen alde egin zuten EAE, EA eta Aralarrek. EAJk, aldiz, kontra bozkatu zuen. EAJren erabakiaren berri Ana Mendizabal zinegotziak eman zuen: «Administrazioak administrazioaren bideak jarraitu behar ditu, eta Eudelen baitan udal sarea sortuta dago. Eusko Jaurlaritzak baditu bere planak eta hoiek bultzatzen jarraitu behar dugu, ez dugu beste erakunde paralelorik jarraitu edo sortu behar, orain arte emandako pausoek emaitza onak eman dituzte eta».

Ueman sartzeari ezezkoa orain. Ostegunean Bai Euskarari Akordioari ere ezezkoa eman zioten, ohiko udalbatzarrean. Orduan ere, Udalak administrazioak bultzatutakoa jarraitu behar duela esan zuten EAJkoek, Bikain ziurtagiria bultzatuta, eta ez «enpresa pribatuen ekimenak».

Mallabiatik etorrita

Alderdi bakoitzak bere arrazoiak eman, bozkatu eta Azpeitia Ueman sartzeko erabakia hartu zuten.

Mallabia (Bizkaia) izango da hurrengoa; apirilaren 17an ezohiko udalbatzarrean Ueman sartzeko erabakia hartzeko asmoa dute. Aitor Loiola (EAE) Mallabiko alkatea atzo Azpeitian zen, udalbatzarrean. EAJk hartutako jarrerarekin «txundituta» zegoen: «Gure herrian EAJk bestelako jarrera du Uemaren inguruan, ez nuen espero Azpeitian EAJk jarrera hori erakutsiko zuenik. Mallabiako kasuan, Ueman EAJk eta EAEk ordezkaritza bana izateko asmoa dugu. Baina Azpeitian gertatutakoa ikusita, ez dakigu zer gertatuko den gurean».

Udalbatzarra bukatu eta udaletxeko arkupetan jaialditxo bat prestatuta zegoen. Han Nekane Zinkunegi eta Xebaxtian Lizaso aritu ziren bertsotan eta Itsasi Dantza taldekoek Ikurrin dantza egin zuten.

Erabakita eta ospakizuna eginda, atzotik Azpeitia Uemako beste kide bat da. «Azpeitiak pauso hori emanda, hizkuntzaren normalizazioan konpromiso sendoa hartu du», zioen Uemako lehendakari Jon Bollarrek. Erabaki honek bai Azpeitiari bai UEmari emaitzak emango dizkiola gaineratu zuen: «Batasunak indarra ematen du, eta hizkuntza politika bateratua egiteko aukera izango dugu».

Udal euskaldunen elkarguneko kide eginda Azpeitia, «urrats sendoa eman du, baina orain ezin gara lokartu, oraindik egiteko asko dagoelako», zioen Bollarrek.

 

ueman dauden urola kostako herriak



Aizarnazabal.

Azpeitia.

Beizama.

Getaria.

Orio.

Zestoa.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa