
'ametsa' bete da
Orio
Txurrumuski aisialdi taldeak 10 urte daramatza herriko haurrekin eta gazteekin lanean; orain Ametsa gaztelekua kudeatuko dute
Aiora larrañaga
Oriotarrek ederki dute Txurrumuski Aisialdi Taldeak herriarentzat egin duen lanaren berri. Orain dela hamarkada bat haurren eta gazteen aisialdian zegoen hutsunea betetzeko lanean hasi zirenetik, buru-belarri aritu dira horretan: udaleku irekiak, asteburuko egonaldiak Txurruka aterpetxean, bideo emanaldiak, irteerak, kultur ekitaldiak... Horretaz gain, herriko beste zenbait talderekin elkarlanean ere aritzen dira. Hori dena, aisialdia modu baikor eta sortzailean bizi, eta modu berean herriaren parte-hartzea bultzatzeko asmoz.
Orain bide horretan eragiten jarraitzeko aukera izango dute aisialdi taldeko begiraleek. Izan ere, joan den asteleheneik Ametsa gazteleku berria kudeatzen dute. Mota honetako eraikin bat kudeatzea lortu duen aisialdi taldea da Txurrumuski. Egindako lanak eman ditu frutituak, beraz.
1998tik lanean
1998an jaio zen Txurrumuski, Dilistak Aisialdi taldea desagertu eta bertako lau taldekidek proiektu berri honi hasiera eman ziotenean. Urteak pasa ahala partaide kopurua handitzen joan da eta gaur egun hainbat adinetako partaidez osatutako talde aktiboa eta konprometitua da; etengabe ikastaro, topagune eta mahai-inguruen bidez trebatzen eta garatzen ari den taldea, beti ere gazteenen beharrei erantzuteko .
Gazteak heziz
Herri baten etorkizuna gazteak heziz eraikitzen dela argi dute, eta horregatik antolatzen duten jarduera bakoitzak helburu pedagogiko eta balore jakinak lantzea izaten du xede. Esaterako, asteburuko egonaldiak elkarbizitza eta haurraren independentzia garatzeko asmoz antolatzen dira. Sahararrak herriko umeekin harremanetan jartzeko jarduerek kultura, arraza, erlijio edota hizkuntza desberdinen arteko errespetua sustatzea dute helburu. Eta irteerak, berriz, ingurunea ezagutu eta errespetatzen ikasteko izaten dira. Jarduera horiek guztiak, eta beste hainbeste, euskara hutsean egiten dira; herriko hizkuntza eta ohiturak sustatzea plangintzako helburuen artean aurkitzen baita.
Txurrumuski, «bizitza estiloa»
Taldeak herriari alaitasuna eta bizitasuna ematen dizkion bezala, elkarteko kide izateak ere asko markatu ditu bertako taldekideak. Txurrumuskin boluntario moduan urte askoan lanean jardun den Beñat Solaberrietaren hitzek ederki adierazten dute taldearen muina eta Txurrumuskik gazte hauentzat esan nahi duena. «Txurrumuski bizitza estiloa izan da: lagun asko egin, jende mordoa ezagutu, maitemindu, haserretu.... Gainera, zure herriari laguntzen ari zarela ikusteak gogobetetze ikaragarria eragiten du. Egindako lanaren ordainetan ez dago haurren irribarreak eta esker ona ikustea baino sari handiagorik».
Esfortzuaren fruitua
Boluntarioaren lana gogorra izaten bada ere, esaerak dioen bezala lehenago edo orain, lanari sari edo ordain. Horregatik, urte hauetan zehar egindako esfortzu eta lan bikainak eman du azkenean bere fruitua, Udalak egindako lehiaketa publikoan Txurrumuskiko lagunek lortu baitzuten Ametsa gaztelekua kudeatzeko ardura. Baina amaiera polita izan ohi duten istorioen moduan, prozesu luzeak izan ditu memento zailak ere.
«Gaztelekuaren esleipen lehiaketara aurkezteko enpresa bihurtu behar izan genuen. Prozesu hori tramite burokratiko hutsa da; baina benetan mindu gintuena zera da: urte hauetan guztietan Orioko gazteekin lanean jardun ondoren, Udalaren partetik merezi genuen esker ona edota onarpena hasieratik ez eduki izana», dio Ekhiñe Saizarrek, Gaztelekuko kudeatzaileetako batek. «Udalak, gu aintzakotzat hartu gabe, Gaztelekua kudeatzeko aukerarik egokiena enpresa bat kontratatzea zela erabaki zuen; beraz, enpresa bihurtzea besterik ez zitzaigun geratu, eta Txurrunka izeneko proiektua aurkeztu genuen».
Lehiaketara aurkezten ziren hautagaien proposamenak baloratzeko irizpideak oinarri batzuetan zehaztu zituen Udalak. «Balorazio irizpide horietan eskaintza ekonomikoaz gain beste alderdi batzuek ere kontuan hartzen ziren: plangintza proposamenak, giza baliabideak eta abar. Horiek guztiak kontuan hartuta aurkeztu zen proposamenik onena Txurrumuskirena izan zen, eta horrexegatik kudeatuko dute beraiek gazte lekua», adierazi digu Noemi Ostolazak, Orioko Udaleko Gazteria batzordeburuak.
'Ametsa' badator
Gaztelekua 10-16 urte bitarteko nerabeentzat diseinatutako gunea izango da; areto handi eta sukaldetxo batez osatua. Astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:30eak arte egongo da irekita; eta larunbatetan, berriz, 17:00etatik 21:00ak arte. Ekhiñe Saizar eta Aritz Gonzalez izango dira bertako kudeatzaileak, baina orain arteko talde filosofiari jarraituz, Gaztelekuan egingo diren ekimenak talde osoaren artean adostuko dira. «Txurrunka proiektua diseinatzen hasi ginenetik, argi geneukan Ametsa taldearen beste proiektuetako bat izango zela. Bertan egunerokotasuna landuko da, eta horrek herrian 10-16 urte bitarteko gazteentzat dagoen aisialdi hutsunea betetzen lagunduko du. Hala ere, ezin dugu lorpen honekin itsutu; horregatik, taldeak udaleku irekiak, herriko eta Goiko Kaleko festak... antolatzen jarraituko du».Ķ
Ostolaza Gazteria batzordeburuaren ustez, «diseinatu eta planifikatu duten proposamenaz gain, Txurrumuski taldeak herriari eta, batez ere, herriko gazteei eta hauen familiei, gertutasuna eta konfiantza eskainiko die. Nerabezaroa pertsonen garai kritikoa da eta garai honi aurre egiten konfiantza emango dizun laguna eta profesionala alboan izatea oso garrantzitsua da».Ķ
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
Iņigo Manterolaren margolanak
ZARAUTZ, Kaia galeria - 2008-03-31
Erakusketa
Jose Luis Zumetaren margolanak
ZARAUTZ, Ispilu Arte - 2008-08-08
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.