
Karguekin baina aske utzi du epaileak Igor Lazkano
Gizartea
Ostiral goizean atxilotu eta arratsaldean aske utzi zuen epaileak; alkateak eta alkateordeak euren «kezka» agertu dute
onintza lete
Ostiral arratsaldean, Igor Lazkano aske utzi zuen Donostiako 4. Instrukzio epaileak. Lazkano ostiral goizean atxilotu zuen Ertzaintzak Zumaian, joan den urriaren 12an espainiar eskuin muturreko kideek Donostian egindako agerraldiaren harira sortutako istiluetan «desordena publikoak» eragitea egotzita. Aske geratu den arren, epaileak bere aurkako akusazioari eutsi egin dio.
Arrazoi beragatik ostiral goizean beste bi lagun ere atxilotu zituen Ertzaintzak Donostiako Antigua auzoan, bata, eta Eibarren bestea. Haiek ere aske geratu dira, baina akusazio berei aurre egin beharko diete.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, «hogei bat lagunek osatutako talde bateko partaideak» izan ziren hiru gazte hauek eta urriaren 12ko «istilurik larrienetan parte hartu zuten». Memento hauetan «taldeko gainontzeko kideak identifikatu eta atxilotzeko lanetan» ari direla adierazi du Herrizaingo Sailak.
Udaleko ordezkarien kezka
Iñaki Agirrezabalaga alkateak atzo adierazi zuenez, Lazkanoren atxiloketaren berri izan orduko jarri ziren haren familiarekin harremanetan, bai bera bai Andoni Etxaniz alkateordea.
Agirrezabalagak atxiloketari buruzko adierazpenik ez zuen egin nahi izan, «mementoz» baloraziorik egiteko «daturik ez» zuelako. Hala ere, Lazkano herritarra dela eta alkate bezala «herritar guztiekiko interesa» duela adierazi zuen. Gainera, egunotan Lazkanorekin berarekin «hitz egiteko nahia» agertu zuen. Andoni Etxaniz alkateordea ere Lazkanoren egoeraz «kezkatuta» agertu zen ostiralean, Lazkano atxilotu zutenean. Ertzaintzak 24 orduko inkomunikazioa aplikatu ziezaiokela eta horrelakoetan ez direla «atxilotuaren eskubideak bermatzen» iritzi zion.
350 laguneko manifestazioa
Igor Lazkanoren eta beste bi gazteen atxiloketak salatzeko manifestazioa egin zuen Zumaiako ezker abertzaleak ostiral arratsaldean. Utzi bakean euskal gazteria, errepresioa ez da bidea lelopean, 350 lagun inguruk egin zuten protesta herriko kaleetan zehar.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
kirola
Pala txapelketa Herrikoia
ZARAUTZ, Zarautz - 2008-10-08
Dantza
Dantzari Txiki Eguna
AZPEITIA, Herrian - 2008-10-12
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.