Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2008ko urriak 12, Igandea

Harpidetu zaitez!

SANTELMOEN BIGARRENA

Jaiak

Egun batzuetako atsedenaldiaren ondoren, santelmoei jarraipena emateko asmoz kaleratuko dira herritarrak gaur arratsaldean

Iker leturiondo-Aritz Mutiozabal

Joan den asteburuko jai giroaren ondoren, zumaiarrek berriz jantziko dituzte koadrozko zapia eta alkandora urdina. Urtero legez, santelmoetako bigarren asteburua ospatuko dute ostiraletik hasi eta igande gauerdira arte. Ez dira faltako aurten ere, besteak beste, urteroko herriko bertsolari txapelketa, olagarro zopa lehiaketa eta trainerutxoen estropadak.

Hauekin batera, musika doinuekin belarriak gozatzeko aukera ere izango da, besteak beste, Hesian, Jonny Gerriwelt, Pantxoa eta Peio, Marmara Dixieland Band eta Urarte taldeekin. Badago zer gozatua, beraz, banderaren jaitsieran santelmoak datorren urte arte agurtu aurretik.

Haurren danborrada

Eguraldiaren gorabeherak tarteko, santelmoen estreinako astebururako antolatuta zeuden hainbat gauza bertan behera utzi behar izan zituzten; esaterako, igandeko haurren danborrada eta Gorritiren saioa. Aipatutako bi ekitaldi hauek ez dituzte alferrik galdu nahi izan antolatzaileek eta, azkenean, jaien bigarren asteburuko egitarauan txertatu dituzte.

Hala, Gorritiren eta bere animalien saioa bihar eguerdian izango da, Eusebio Gurrutxaga plazan, eta arratsaldean, haurren danborrada herriko kaleetan zehar. Guztira 200 haurrek parte hartuko dute ekimenean.

Aizkolarien saioa, igandean

Urrezko Aizkoraren saioa izango da ikusgai, etzi eguerdian, Eusebio Gurrutxaga plazan. Bertan, Kañamares Jesus Mari Lasaren aurka lehiatuko da eta Etxeberria Zubiagaren aurka. Perurena aita-semeak harri-jasotzen ariko dira.

 

«Afalosteko saioa egiten saiatzen gara, txapela jokoan egon arren»

unai gijarro ð- Bertsolaria eta 2004ko, 2005eko eta 2007ko Zumaiako Txapelduna

Bertsolari Txapelketa

Algorri jatetxean afari legea egin ondoren, herriko txapela izango dute jokoan zortzi bertsolarik

a. mutiozabal



Zumaiako X. Bertsolari Txapelketa izango da gaur gauean, Algorri jatetxean, afalostean; bertso afarirako sarrerak jatetxean daude salgai, 25 euroren truke. Bertan, iazko bertsolari berek parte hartuko dute: Unai eta Jokin Gijarrok, Josu Manzisidorrek, Maialen Velardek, Maddi Gallastegik, Joxe Joakin Aizpuruak, Manex Elolak eta Markel Peñalbak. Aurkezle lanetan, bien bitartean, Jon Maia ariko da. Iaz txapelketako hirugarren txapela lortu zuen Unai Gijarro oikiarrak (Zumaia, 1980).

Zein helbururekin parte hartzeko asmoa duzu aurten?

Betiko moduan, saio ona egiteko asmoz joango naiz txapelketara. Gero, txapela etortzen bada hobeto, baina lehen helburua bertsotan txukun aritzea da.

Saio txukuna egiteko asmoa duzu, baina txapela defendatu ere egin beharko duzu, ezta?

Hori bai, jakina! Txapela txapela izan ohi da, eta irabazteak beti izan ohi du bere xarma. Zalantzarik gabe, nire titulua defendatuko dut.

Herriko bertsolarion arteko txapelketa den arren, bertso-afaritan bezala duzue. Herrikoiagoa egitearren?

Hala da, bai. Lagunarteko afari kutsua du eta gisa horretan antolatzen den saioa bat dela esango nuke. Jakina, txapela egon ohi da jokoan, eta txapela jokatze horrek tentsioa sorrarazten du. Edonola ere, afalosteko giroa duen bertso saio bat egiten saiatzen gara.

Eta herritarren aldetik...

Entzule aldetik erantzun ona izaten dugu. Aurten ere sarrerak erritmo onean saltzen ari dira. Beraz, ez da jenderik faltako.

Ikusten al duzu arerio zuzenik edo indartsu dabilen bertsolaririk?

Denak aritzen dira txukun, baina Maialen Velarde edo Joxe Joakin Aizpurua nahiko aurkari zuzenak izan ohi dira. Askotan bakoitzak duen araberakoa ere izaten da.

Nola egituratuta egongo da gaur gaueko txapelketa?

Hasierako zatian, guztiok honako ariketa hauek egiten ditugu: hiruna bertso zortziko txikian, hiruna bertso zortziko handian eta hitza gaitzat emanda bertso bat. Puntu gehien duten bi bertsolariak buruz burukoa jokatzera pasatzen dira.



 

Bertsio Gaua txosnetan

Jaiak

Musika talde ezagunen bertsioak eskainiko dituzte Zumaiako taldeek txosnetan, 22:30ean hasita

i. leturiondo



Bertsio Gaua egingo dute zumaiarrek gaur gauean, 22:30etik aurrera. Txosna eremuan izango da ZUGAk antolatutako ekitaldia eta bertan izango dira Zumaiako hainbat musika talde, Euskal Herriko nahiz kanpoko musika talde ezagunen bertsioak jotzen.

Jai herrikoi eta parte-hartzaileen aldeko eguna da gaurkoa Zumaian, eta zumaiarren parte-hartzea lortzea da, hain zuzen, Bertsio Gauaren helburua, antolatzaileen esanetan. Ekitaldia antolatzen jardun duen ZUGAko kide Asier Etxanizek dioenez, helburu hori «hein handi batean lortu da jada, musika talderik ez duten herritarrak ere elkartu direlako taldeen bertsioak egiteko».

Gau berezi hau antolatzeko ideia, zerbait «desberdina» egiteko gogotik datorrela dio Etxanizek, baita ekimenak «beste herri batzuetan izan duen arrakastatik» ere.

Hasiera batean gehiago izan behar zuten arren, azken orduko aldaketak direla medio, zazpi izango dira oholtza gainera igoko diren musika taldeak. Talde horietako bakoitzak 30 minutu inguru izango ditu 5 edo 6 abesti jotzeko.

Esan bezala, 22:30ak inguruan hasiko dira kontzertuak, eta bi txandatan banatuko dira. Lehenengo txandari hasiera emango diona Kamon Behibi taldea izango da. Hauek talde bakar batenak ez, biren bertsioak joko dituzte: Led Zeppelin-enak eta Sorkunenak.

Jarraian, Ihes taldeak Latzenen bertsioak joko ditu; ondoren, Paukoiat-ek AGE talde zumaiar beteranoarenak; Veronica Decides to Die eta Itaka taldeetako zenbait lagunek, berriz, Soziedad Alkoholika bertsionatuko dute.

Atsedenaldi labur baten ondoren, lagun koadrila batek Delirium Tremens-en kantak taularatuko ditu, eta honi jarraiki, Twisted Pulps taldekoek Black Sabbathenak. Destroi taldeko kideen txanda izango da ondoren, The Addicts-en bertsioak jotzeko. Gaua amaitzeko, Itaka eta Kamon Behibiko kide batzuekWolfmother bertsionatuko dute.

Txosnetara jende andana hurbiltzea espero dute antolatzaileek, herrian «ikusmin handia» sortu duelako ideiak. Etxaniz antolatzailearen esanetan, «jendea asko ari da galdetzen zein talde bertsionatuko dituzten, nola jantzita joango diren...». Beraz, eguraldia lagun badute behintzat, musika gau bereziaz gozatzeko aukera izango dute zumaiarrek.



 

santelmoetako bigarren asteburuko Egitaraua



Apirilak 4, gaur

21:00etan. Afaria eta Zumaiako X. Bertsolari Txapelketa, Algorri jatetxean.

22:30ean. Bertsioen Gaua, zumaiako musika taldeen eskutik, txosna eremuan.

Apirilak 5, bihar

9:00etan. Herriko Arrantza Lehiaketa, Talaipetik Parol muturrera bitartean.

11:30ean. Haur jolasak Ondartxo pazan.

Ordu berean. Eusebio Gurrutxaga plazan, VII. Olagarro Zopa Lehiaketa eta Rana eta Poto Txapelketak. Elustondo trikitilariek girotuko dituzte ekitaldiak.

12:00etan. Erribera kalean zehar, Zumaiako Beheko Plaza eta Azkoitiko Iraurgi abesbatzen ekitaldiak.

12:30etan. Eusebio Gurrutxaga plazan, Gorritiren eta bere animalien saioa.

13:00etan. Txosnetatik hasita, triki poteoa.

14:30ean. Txosnetan bazkaria izango da.

Ondoren. Abeslarien ekitaldia.

18:00etan. Haurren danborrada, herriko kaleetan zehar. Guztira, 200 haurrek parte hartuko dute.

18:30ean. Samasiku fanfarrearen kalejira.

19:30etan. Kofradian, haurrentzat ikuskizuna: Toni la sal taldearen Birusak erasoan!!!.

19:30ean. Herriko kaleetan, Marmara Dixieland Band taldearen ekitaldia.

21:30ean. Bideo emanaldia txosnetan.

22:30ean. Aita Mari zinema aretoan, Pantxoa eta Peio bikotearen kontzertua.

Ordu berean. Txosna eremuan, rock kontzertuak Hesian, Jonny Gerriwelt eta Fridays Crew taldeen eskutik.

Jarraian. Txosnetan, erromeria Urarte taldearekin.

Apirilak 6, etzi

10:30ean. Itzurun hondartzan, zaldi lasterketa jokatuko dute.

12:00etan. Eusebio Gurrutxaga plazan, Urrezko Aizkora.

Ordu berean. Trikitxas bikotearekin kalejira.

17:00etan. Trainerutxoen estropada, XXVIII. San Telmo Saria.

17:30ean. Aita Mari zinema aretoan, haur festa: Txan Magoa.

18:30ean. Trikitxas bikotearekin kalejira.

19:00etan. Kofradian, Saioa, Alabier eta Lutxurdio taldearekin erromeria.

Ordu berean. Kofradian, Txosna batzordeak eta Txinpartak antolatuta, talo jana eta haurrentzat jolasak.

22:30ean. Kofradian, Saioa, Alabier eta Lutxurdioren erromeria.

Gauerdian. Banderaren jaitsiera Kofradiako balkoitik eta santelmoei agurra.



 

Olagarro zoparen usaina, plazan



gastronomIA Dozena bat parte-hartzaile ariko da bihar eguerdian, 11:30etik aurrera, VII. Olagarro Zopa Lehiaketan. Eusebio Gurrutxaga plaza sukalde bihurtuz, lehiakideek mimo handiz prestatuko dute errezeta herrikoia. Bestalde, ordu eta toki horretan bertan, Rana eta Poto Txapelketa jokatuko da. Bertan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

Idoia Lertxundiren margolanak
ZARAUTZ, Torre Luzea - 2008-10-10

Odol-ematea


GETARIA, Anbulatorioan - 2008-10-15

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa