
Datozen egunetan berdela «etxean» arrantzatuko dute
Ekonomia
Asturiasen berdela saltzea debekatu dietela eta euren portuetara itzuli dira Getariako eta Orioko arrantzontziak
onintza lete
Atzo eguerdian etxeratu ziren Getariako, Orioko eta Hondarribiko arrantzontziak, bezperan arrantzatutako arraina saltzeko. Izan ere, Xixoneko (Asturias, Espainia) portuko agintariek arraina portuan sartzea debekatu zieten gipuzkoarrei. Izan ere, guztira 250.000 kilo berdel arrantzatu zituzten 24 arrantzontzi gipuzkoarrek, eta modu horretan egun batean arrantzatu daitekeen gehinezko berdel kopurua gainditu zuten.
Asteazken gaua etxerako bidean eta arrantzuan pasatu ondoren, atzo nork bere portuan saldu zuen Kantauri itsasoan arrantzatutako berdela, eta datozen egunetan «etxetik gertu» ariko direla adierazi du Getariako Kofradiako lehendakari Emeterio Urrestik.
Desadostasunak
Arrantza egiteko ezarritako muga batzuekin ez daude gustura Gipuzkoako arrantzaleak. Izan ere, arrantza modalitate bakoitzeko eguneko berdel kopuru zehatza arrantza daiteke: amuarekin eta sarearekin 1.500 kilo eguneko eta pertsonako, eta arrastean 2.000 kilo eguneko eta pertsonako.
Kopuru hori egunekoa izatea gaizki iruditzen zaie gipuzkoarrei: «Guk sarea erabiltzen dugu arrantzatzeko eta, beraz, ezin dugu egunero lan egin, eguraldiaren menpe gaudelako», adierazi du Urrestik. Beste bi modalitateetan «horrelako arazorik ez» dagoela gaineratu du, eta beraz, eguneroko kopurua ezartzea ez zaio justua iruditzen. Horren ordez, kopurua «astekoa» izatea eskatzen dute gipuzkoarrek. «Hala, egun batean eguraldi txarra egiteagatik galdutako lana hurrengo egunetan berreskuratu ahal izango genuke» adierazi du Urrestik, eta Aste Santuetatik hona eurek «egun asko galdu» dituztela gogorarazi du.
Dena dela, Bizkaiako, Kantabriako (Espainia), Asturiasko (Espainia) eta Galiziako arrantzaleek ez dute bat egiten gipuzkoarren nahiarekin.
«Bai gaur bai datorren astean eguraldiak laguntzen badu» gipuzkoarrek etxe inguruan arrantzatzeko asmoa dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Hitzaldia
'Ongi lo egiten ahalegindu hobeto bizitzeko'
AZKOITIA, Kultur Etxean - 2008-10-08
Zinema
'4 meses, 3 semanas y 2 dias' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2008-10-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.