
Udal etxebizitza tasatuen araudia behin betiko onartu dute, alegazioak aztertuta
Hirigintza
Erakundeen babes publikoa izango dute etxebizitza tasatuek eta Aldapetan 48 eraikitzea aurreikusten du Udalak
xabi aizpurua
Udal etxebizitza tasatuen araudia behin betiko onartu zuten joan den asteko udalbatzarrean. Araudi berri honekin, BOEn eta merkatu libreko etxebitzen artean dagoen eredu berri bat zehaztu dute, eta aurrerantzean Udalak posible izango du gisa honetako etxebizitzak sustatzea. Prezioa Udalak neurtuko eta zehaztuko du, baina BOEk baino garestiagoak izango dira. Adibide zehatzak aipatzekotan, Santa Ana eskola botatakoan eraikiko dituzten Aldapetako etxeak daude: guztira 48 etxebizitza egitea aurreikusten du Udalak , 240.000 eta 264.500 euro arteko salneurriarekin. Dena den, oraindik denbora asko pasatuko da etxeak eraikitzerako eta baliteke prezioan aldaketak izatea.
Araudi honi iazko maiatzean eman zioten lehen onespena, eta alegazioen epea zabaldu zuten. Irati Altzibarrek hautetsi independentisten izenean aurkeztutako alegazioak soilik jaso zituzten Udalean. Aurkeztutako puntuetatik hiru onartu zituzten: etxebizitzarekin batera garajea derrigorrez erosi behar ez izatea; etxebizitza esleitzeko prozeduretan, zozketa ez den beste modu bat aurreikustea (baremo bidezkoa); eta bizikidetzako unitatea zer den gehiago zehaztea (pertsona bakar batek unitatea osatu dezakeela argituz). Hautetsiek, etxebizitza saldu edo eskuz aldatzerakoan «derrigorrez» Udalaren eskuetara pasatzea ere eskatu zuten, baina Udalari «lehentasunez» eman behar zaiola onartu zen azkenean.
Banakako etxebizitzak ere bai
Bestalde, Hirigintza zinegotzi Ubaldo Ortizek proposatutako zenbait aldaketa ere onartu zuten. Esaterako, egingo diren urbanizazio berrietan ez dauden banakako etxebizitzak ere tasatuen araudian sartzeko aukera egongo da. Honekin, esaterako, behe solairuetako lokalak etxebizitza bihurtzen direnean, tasatuen formula erabiltzea bideratu nahi du Udalak.
Tasatuak lortzeko baldintzak
Udal etxebizitza tasatuak eskuratzeko honako baldintzak bete beharko dira: ezin da etxebitzitza baten jabe izan eta bizikidetza unitateko norbaitek Zarautzen erroldatuta egon beharko du 5 urtez jarraian edo 10 urtez etenaldiekin. Bi etxebizitza tasatu mota egongo direnez, diru sarreren baldintzak ere bikoiztuta daude: tasatu orokorretangutxienez 4.500 euro eta gehienez 49.500 euro, eta tasatu berezietan gutxienez 3.900 euro eta gehienez 43.000 euro.
Hirigintza zinegotzi Ubaldo Ortizen hitzetan, «etxebizitzaren arazoan txarrena merkatu librea» dela ikusten dute: «Ahalik eta esparru gehien jan behar zaio. Merkatu librean ez da bermatzen etxebizitza bizitzeko erabiliko denik, eta onena ahalik eta etxebizitza gehienak babestuak izatea da».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
DisCrust kontzertua: Hell Division eta Chaka
ZARAUTZ, Putzuzulo Gaztetxean - 2008-10-07
Zinema
'4 meses, 3 semanas y 2 dias' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2008-10-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.