
mikel markez ð- Bakarlaria
«Asko mimatutako diskoa da hau; geneukan guztia jarri dugu bilduman»
Kultura
Gaur kaleratuko du bere zortzigarren lana, 'Zure begiek bilduma 1988-2008' eta etzi, larunbata, aurkezpen kontzertua emango du Aiako plazan
onintza lete
Mikel Markezek (Errenteria, 1971) bere zortzigarren lana kaleratuko du gaur. Kontzertuak ematen hasi zenetik 20 urte beteko dira aurten, eta urte hauetako guztietako lanak disko bakar batean bildu ditu; Zure begiek bilduma 1988-2008 bilduman, hain zuzen ere. Etzi, larunbata, aurkezpen kontzertua emango du duela 15 urtetik bizitoki duen Aian; plazan joko du, 22:30etik aurrera.
Zergatik atera duzu orain bilduma disko hau?
Lehendabiziko kantaldia Oiartzunen egin nuen 1988an eta data polita iruditu zitzaidan horrelako zerbait egiteko. Ni oraindik gaztea naiz, baina atzera begira hasi eta 20 urte pasa dira. Asko da hori! Zazpi diskoren ondoren hau egiteko mementoa zela iruditu zitzaidan, eta lekukotasun bat eman nahi izan dut disko honen bitartez.
Izan ere, zenbait kantu entzuten nituen tabernetan edo irratian eta batzuekin sufritzen egoten nintzen; oso gazterik grabatuta daude eta denborarekin kriterio musikalak edo kanta bat ikusteko modua ere aldatu egiten da. Zenbait kantari orain nireago den ikuspuntu bateman nahi nien; funtsean, horregatik izan da. Alde batetik, nire lana biltzeko; bestetik, bizitza berri bat eman nahi nien kanta batzuei eta berriro jendeari aurkeztu. Berriz landu, txikitu, egin eta jendeari eman.
Nola lortu duzu 20 urtetako lana disko bakar batean biltzea?
14 kantu bildu ditut diskoan, baina ez da erraza izan aukeraketa. Izan ere, niri gehien gustatzen zaizkidan kantuak agian ez dira entzuleei gehien gustatzen zaizkienak, eta bilduma baten lan nagusia jendeari gehien gustatu zaizkion abestiak eskaintzea dela iruditzen zait. Hori hartu dut kontuan abestiak hautatzerako orduan.
Nolakoa izan da diskoaren prestaketa?
Prozesua luzea izan da, ia urtebete pasa dugu disko hau prestatzen. Teknologia berriek ematen duten aukera da; orain ez dago grabaketa hamabost egunetan hasi eta amaitu beharrik. Bestalde, aurreneko grabazioak 1990-1991 urteetakoak ziren, eta azkenekoak, berriz, 2004-2005ekoak. Grabatutako pistak hartu eta ordenagailura pasatu ditut, eta hainbat kanturekin prozesua berritu egin dugu. Zure begiek abestian, esaterako, gitarra eta ahotsa mantendu ditugu baina piano berria sartu diogu eta soka laukote bat, Juan Carlos Perezek egindakoa. Orain 20 urteko grabazio bat oraingo beste grabazio batekin nahastuz gero, abesti hori berriz egitea bezala da.
Beraz, bilduma den arren zerbait berria da zentzu handi batean...
Ez dugu dena aldatu, lehendabiziko bertsio haien beroa mantendu dugu disko osoan zehar. Jende askok hartu du parte nire diskoetan eta horien guztien zerbait dago bilduma honetan ere. Bestalde, kantu batzuetan txukunketa lana egin dugu; kanta osorik hartuta, pistaz pista aritu gabe. Lan hori guztia Mikel F. Krutzaga teknikari bikainak egin du.
Bilduma disko honetatik zerbait nabarmendu beharko bazenu...
Bereziki ibilbide guztiaren laburpen bat dela nabarmenduko nuke. Nondik hasi ginen, nola segitu genuen eta orain nola eta zertan ari garen ikus daiteke. Kolpe batean nik egindakoaren erreferentzia batzuk ematen ditu diskoak, eta zentzu horretan bilduma guztiak dira interesgarriak. Ez da dena agertzen, baina bai guztiaren lagin bat, eta jendeak eskertzen duela iruditzen zait. Gainera, kasu honetan dena gainbegiratua eta zorrotz egindakoa izan da. Asko mimatutako diskoa da, geneukan guztia jarri dugu bilduma disko honetan.
Diskoaren izenean Zure begiek abestia agertzen da; zergatik?
Jendeak kanta horrekin identifikatzen nau ni. Lehenengo kontzertuan jo nuen eta oraindik jotzen dut. Beraz, 20 urteren lekukotasuna ere ematen du, eta diskoa bera kanta horrekin hasten da. Horregatik guztiagatik agertzen da diskoaren izenean ere.
20 urte hauetan asko aldatuko zen zure bizitza eta zure musika...
Dena aldatu da, bai. Duela 20 urte Errenterian bizi nintzen, eta kaleko egoera iraultza bat egin ahal izateko modukoa zen ia-ia. Ingurune industriala, langabezia... Musikaren mundua ere ezberdina zen: ez zegoen hain profesionalizatuta, aretoak kutreak ziren eta edozein lekutan jotzen zen. Baina nik uste orain baino askoz bihotz gehiago zegoela orduan. Herriko jendeak deitzen zuen eta berotasun handiagoa zegoen. Orain dena txukunago egiten da, profesionaltasun handiagoarekin, baina berotasunean galdu egin da pixka bat. Nik lehengo gogo berarekin abesten dut orain ere, baina gizartea aldatu egin da.
Duela 20 urteko kantekin identifikatua sentitzen al zara oraindik?
Testu bat idatzi eta handik 20 urtera irakurri, edo kantu bat idatzi eta handik 20 urtera entzun, oso ezberdina da. Kantuek bere nortasuna hartzen dute. Marinelaren bakardadea kantua, adibidez, 16 urterekin idatzi nuen. Orain beste gauza batzuk esango nituzke, beste irudi literario batzuk erabiliko nituzke, beste modu batean egingo nuke dena, baina orduan egia zena orain ere egia da. Nik ez dut inoiz kantu bat ukatuko, kantuak memento konkretu bateko sentimentuen lekukotasuna ematen duelako, eta behin sentitutakoa berriz sentitu daitekeelako.
Disko berriarekin kontzertuak ere etorriko dira, ezta?
Bai, etzi Aian aurkeztuko dut diskoa, baina gero maiatza arte ez da zuzenekorik izango, presarik gabe egin nahi baititut gauzak. Maiatzerako Iruñean eta Getxon emanald i bana lotuta dut, baina kontzertu gehiago ere etorriko dira, horietako bat Zarautzen. Pello Ramirez eta Joseba Loinaz ariko dira nirekin batera eta gogotsu nago. Gainera, bizitza guztian abestutako kantak direnez, hau oso erosoa da niretzat. Jendeak ezagutzen ditu eta gurekin abestera etorriko da;haizea alde dugu alde horretatik.
Aurrera begira beste proiekturik ba al duzu eskuartean?
Baditut kanta berriak eta beste disko bat ateratzeko adina material badut, baina egokiagoa iruditu zait orain bilduma bat egitea. Aurrerago egingo ditugu disko gehiago, kontzertu gehiago, proiektu gehiago. Proiektu asko ditut, baina orain diskoan zentratu nahi dut.
Diskoa
«Ezin dut disko bakarra hautatu»
o. lete
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
"Gomas Bicromatadas" erakusketa
ZARAUTZ, Photomuseum - 2009-06-29
Erakusketa
Iņigo Manterolaren olio-pinturak
ZARAUTZ, Kaia Galeria - 2009-06-29
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.